Euskararen ginkana jokatuko da Urola Kostan

Eskualdeko 15 eta 16 urteko gazteak euskararekin eta euskaraz ondo pasatzea da ekimenaren helburua
Parte hartu nahi dutenek hilaren 19 arte eman dezakete izena

Ane Roteta - Miércoles, 4 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Bost udaletako ordezkariak eta ikasleak, atzoko prentsaurrekoaren ondoren.

Bost udaletako ordezkariak eta ikasleak, atzoko prentsaurrekoaren ondoren.

Galería Noticia

Bost udaletako ordezkariak eta ikasleak, atzoko prentsaurrekoaren ondoren.

Orio- Urola Kostako Euskararen Ginkana jokatuko dute lehen aldiz eskualdeko 15-16 urteko gazteek (DBH 3 eta 4), helburu argi batekin: gazteek euskararekin eta euskaraz dibertitzea eta ondo pasatzea. Hala, euskararen inguruko eta euskararen arnasguneen inguruko galderak erantzunez lehiatuko dute Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako gaztetxoek.

Kutxa Ekogunea, bost udaletako gaztelekuak eta Euskara Zerbi-tzuak, Urola Kostako Udal Elkartea eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatu dute ekimena. “Gure bailaran gazteek eskolan euskaraz ikasten dute eta euskarari buruzko gaiak ere lantzen dituzte. Baina, eskola, eskola da. Horrexegatik, euskarari buruz gogoeta eginarazi nahi diegu, baina lehian, jolasean. Bost herritako gazteak jarri nahi ditugu harremanetan, lehia sanoan, hain naturala zaien hizkuntzari buruz gogoeta egin dezaten, hizkuntzen ekologiaren ikuspegitik”, azaldu zuen atzo Xabier Urdangarinek, UKUEko euskara teknikariak.

Beraz, parte hartu nahi duten gazteek lauko taldeak osatu beharko dituzte lau proba osatzeko. On lineegin beharko dituzte probak, astean bat, eta puntu gehien lortzen duten lau taldeek finala jokatuko dute Zarauzko gaztelekuan, aurrez aurre, abenduaren 2an. Arratsaldeko 17.00etan izango da finala eta ondoren festa bat egingo da bailarako gaztelekuetako gazteentzat.

Prentsaurrekoan azaldu zutenez, talde finalistetako kide bakoitzak 50 euroko erosketa bonoa eskuratuko du, bailarako establezimenduetan erabiltzeko, eta talde irabazleko kide bakoitzak, berriz, 100 euroko erosketa bono bana.

Izen-emate epea atzo bertan zabaldu zen eta hilaren 19ra arte eman ahal izango dute izena gazteek. Horretarako, euskararenginkana.eus webgunera jo beharko dute, on line izena emateko. Webgunean dauden lehiaketako argibideak, oinarriak, izena emateko esteka eta xehetasun guztiak.