Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Garazi Goia ikus-entzunezko estrategian aditua

“Audientziaren datu asko dauzkagu jada, baina oraindik ez dakigu nola neurtu hauen alde emozionala”

Telebistaren merkatu anglosaxoian daukan esperientzia itzela abiapuntu, tenperatura hartu die Garazi Goiak hango eta hemengo ikus-entzunezkoei

Nagore Olkoz Ruben Plaza - Sábado, 7 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Garazi Goia.

Garazi Goia.

Galería Noticia

  • Garazi Goia.

DONOSTIA- Seguran jaioa, Garazi Goiak (1978) Londres du bizileku. Telekomunikazioko ikasketak burutu zituen Bilbon eta jada urteak daramatza Erresuma Batuko hiriburuan ikus-entzunezkoen esparruan buru-belarri murgilduta. Kudeaketa eta estrategia dira bere alorrak, eta BBCn ibilbide oparoa urratu ondotik, egun Skyentzat egiten du lan. Britainiar ikus-entzunezkoen joerak eta euskarazkoen aukerak izan zituen hizpide atzo Orona Ideon, Etorkizuna Eraikizegitasmoaren baitan antolatutako jardunaldian.

Denbora luzea daramazu ikus-en-tzunezkoetan sakontzen. Zure eskarmentuaren arabera, zein-tzuk lirateke arlo honetan arrakastaren giltzarriak?

-Bai Erresuma Batuan eta bai hemen, badira arrakastaren oinarrizko hainbat eragile: estrategia koherentea, apustu berriak tradizioaren aldean, edukiak eta igorlea uztartu edota audientziak beste modu batean ezagutu, nagusienetakoak aipatzearren.

Etorkizuneko ikus-entzunezkoen kontsumoaren erronketako batek esperientziak borobiltzean datzala aipatu duzu. Zertan da zehazki?

-Egungo joeren arabera aurreikusten dugu gero eta esperientzia pertsonalizatuagoa eskatzen duela audientziak. Edukiak nonahi eta noiznahi kontsumitzearekin batera, audientzia gero eta selektiboagoa da, eta hori asmatzeanegin behar dugu saiakera. Datu asko dauzkagu eta oraindik ez dakigu nola aztertu horien alde emozionala. Audien-tziak edukia igortzen dionarekin konexioa sentitu behar du, eta horren azterketa da erronketako bat, hain justu.

Egungo ikus-entzunezkoen esperientzia horretan, hainbat plataforma digital ezagutzen genituen dagoeneko. Baina orain, itzal handia egiten ari zaien beste pieza bat azaldu da: Amazon.

-Hala da, Erresuma Batuan dagoeneko bete-betean sartu da. Denda ez ezik, telebista plataforma bat daukate. Gakoa da kontsumitzaileen datu pila daukatela, eta horren arabera egiten dutela beraien eskaintza. Inork ez dauka beraien gaitasuna egun, eta gainera, berdin die hasieran dirua galtzen hastea, lehenengoak izan nahi dute eta, hala marraztu dute beren estrategia. Egun Erresuma Batuan suma-tzen den kezka nagusietakoa da, baina hemengo joerak gurera helduko dira urte gutxi batzuetara, beraz, kontuan hartzekoa da.

Nola dago osasunez euskal ikus-entzunezkoen esparrua zure aburuz?

-Ez oso ongi, egia esan. Baina nire-tzat beti da garrantzitsua aurrera begiratzea eta zer egin daitekeen ikustea. Iritsi gara momentu batetara non garbi dagoen merkatua nondik doan eta audientziak nondik doazen, horregatik erronka horri erantzun behar diogu orain, baina, hori bai, gauzak garbi eduki behar ditugu.

Gauzak garbi edukitze horretan, sarri azpimarratzen duzu estrategia. Ez al da ba nahikoa lantzen?

-Hitz potoloa da eta askotan ez dago oso garbi bere esanahia. Ez badakigu garbi nora goazen, zein diren arriskuak eta zer ikasi behar dugun akatsetatik, orduan ez dago ezerrez egiterik. Gehiago egituratu behar dugu gure etorkizuna. Gure kasuan, beste lekutan ez bezala, hizkuntzaren eta kulturaren konplexutasuna daukagu, eta ez badugu guk geuk zerbait egiten, beste batzuen kontrolpean geratuko da, gu baino indar handiago dutenen menpe. Gure modura egin nahi badugu, benetan aldatu beharra daukagu, eta epe laburrean hasi, hori da finean estrategiaren gakoa.

Ildo horretan, euskal ikus-entzunezkoen alorrari auto-kritika egitea kosta egiten zaiola esan genezake.

-Guztiz, eta kulturala dela uste dut. Orokortasun bati buruz ari naiz, baina kultura anglosaxoian beste pentsamolde bat dago. Hemen badago joera bat desberdinak garela esatearena, hizkuntzaren zailtasuna daukagula, tesitura politikoa dela eta ez dela... Nire ustez kritikoagoak izan behar dugu. Gure inguruan dagoen guztia duela urte batzuk baino askoz abiadura handiagora doa, eta ez badugu atzean geratu nahi, martxan jarri behar gara. Konformismoak ez dio motibazioari mesederik egiten.

Nola ikusten duzu aldaketetara egokitze hori gure ikus-entzunezkoetan? Berrikuntzen aurrean, zer nolako jarrera dago?

-Badaukagu aldaketarako beldurra. Eta Euskal Herrian bereziki hizkuntza eta kulturaren arloan jarri zaizkigun oztopoek ondorio bezala izan dute erresistentzia handiagoa. Baina nire esperientziaren arabera, benetan arrakasta izan duten lekuetan gauzak hobetzearen aspirazioa daukatela argi geratu zait. Hori lortzeko aldaketak beharrezkoak badira, edo jende berria ekarri edo lan moldeak aldatu... egiten da, egiteko erraztasun handiagoa dago, eta ikusmolde hori hemen txertatzea ondo legoke. Eta hori guztia gauzatu dadin, aurrekontua ezinbestekoa da. -Zalantzarik gabe, zerbait eralda-tzaileagoa egin nahi baduzu, aurre hartu nahi badiozu zerbaiti, aurrekontu askoz handiagoa behar da. Diru kontuetan malgutasunik ez badago, ezin da apustu bera egin. Beraz, kasu horretan kontziente izan behar da inplikazioak eta emaitzak ez direla hain eraginkorrak izango.

Eraldaketa handi bat nola gauzatu gurean, nortasuna galdu gabe?

-Kontsumitzaileak ez badaki nondik datozen edukiak, eta igorleak zer mezu adierazi nahi duen, nortasuna galdu egiten da. Telebista eta Internet oso kanal potenteak dira, eta gure nortasuna sustatzeko probestu behar dugu, egungo abiadura eta berrikuntzetara egokituz. Lehen aipatu bezala, hemen ere pertsonalizazioak berebiziko garrantzia dauka, izan ere, zuk eta nik nortasun horren inguruan ulertzen duguna desberdina baita. Audientzia guztien beharrak modu bakar batean kubritu nahian inplizitoki galtzen da nortasun hori modu eraginkorrenean transmiti-tzeko gaitasuna. Horren inguruan egin behar da lan itzela.

las claves

“Askoz ere kritikoagoak izan behar dugu. Konformismoak ez dio motibazioari mesederik egiten”

Herramientas de Contenido