Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Gezur hezurretik

Etorkizunari so

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 8 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

aizak txikito, hik zer izan nahi duk handitan? Errege izan nahiko nuke ama, baina horretarako odol urdina behar omen da, titulua oinordetzan jasotzeko, eta nik ez dut horrelakorik. Pena da, ez baitute askorik egiten, polboroi garaian bideotxo bat grabatu, eta erreferendumik balitz, beste bideotxoren bat, jendaurrean hor zaudela erakutsi, eta zerbait esan duzunaren itxurak egin. Beti ere zure interesak babestuz, inork zalan-tzan jar ez zaitzan, abertzaletasunaren aurka joango baita orduan, eta hori ere ezin du onartu errege batek, jainkoak eman baitio bere tokia eta betebeharra, eta jainkorik ezean, momentuan momentuko diktadoreak.

Bestela, errege ez banintz, demokrata izan nahiko nuke. Badakit ez dela lanbide bat bere horretan, baina oso moldagarria iruditzen zait. Nahi dudanean aplika dezaket, eta nahi bezala erabili, nire aldekoak lagunduz eta kontrakoak ez demokratatzat joz. Faxistekin ere berdin gertatzen da;alde batekoek bestekoei deitzen diete faxista, eta edozein eztabaidatan bi minutu pasa baino lehen norbaitek nazismoarekin egiten du alderaketa. Godwin-en legea erabili beharko litzateke horrelako kasuetan, eta Hitler edo Nazismoa aipatzen den momentuan eztabaida amaitu eta aipatu duenak galdu egingo luke debatea. Bada, berdin egin demokrata eta faxista kontzeptuekin, ea hitz aspertuek maila egokiago bat hartzen duten.

Pertsonaia famatua izatea ere pentsatu dut aita, futbolari edo abeslaria, adibidez. Baina honek ere badu alde txarrik. Adibidez, zerbaiten alde edo kontra agertzen baldin banaiz, nirekin bat ez datorrenak nire lanaren entzute ona deuseztatu dezake, nire iritzia ez den beste arrazoirik argudiatu gabe. Kutsatu dezagun dena aurreiritziz, baina gero tolerantziaren izenean beste guztia kritikatu. Kirolaria da, ez du zertan bere iritzia agertu behar, gutako bakoitzak ere ez beraz, irakasle, dendari edo mehatzari den heinean eta maiz aritzen gara jo eta fuego, tabernako barratik metro erdira egindako gauerdiko eztabaiden pare.

Politika gaiek garrantzi kapitala hartzen dutenean, dena kakazten da. Horregatik gordetzen gara maiz, ausardia falta dugulako karta guztiak mahai gainean jartzeko, ikusgai gelditzeko jendaurrean. Balentria-falta sumatzen da gurean, gehiegizko tentua darabilgu sailka ez gaitzaten, balentria posizio bat aukeratu eta defendatzeko, ezin botako baitugu atzera gure egoskorkerian. Balentria-falta dugu aurrera egiteko ere, ondokoa gu baina azkarrago doalako bide zuzenean, eta guk azken indar hori falta haien pare jartzeko. Itxura gordetzeak akabatuko ziguk, txikito, sartu hadi zamaketari edo suhiltzaile, haiek sikiera mantentzen ditek eta duintasun apur bat.