Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Bittor Aldabe Nuin nagusilan elkartearen ordezkaria hondarribian

“Adinekoei lagun egitea da gure zeregin nagusia, baina beste gauza askotan ere eskukaldia emateko prest gaude”

Hondarribian, 2005. urtetik hona ari da lanean Nagusilan Elkartea, adinekoei lagun egitea helburu nagusia duen gizarte-erakundea. Bittor Aldabe, 72 urteko Kutxako langile erretiratua da gaur egun Nagusilanen tokiko arduraduna.

Xabier Sagarzazu - 2017(e)ko urriaren 8a, igandea - 06:11etan eguneratua

Bittor Aldabe.

Bittor Aldabe.

Galería Noticia

  • Bittor Aldabe.

hondarribia- Bittor Aldabek, “jubilatu eta denbora librea edukita, zerbait egiteko grina” izan zuen eta honela hasi zen Nagusilanekin adineko jendea laguntzen. Hondarribiko taldearen buru urte askotan izandako Ignacio Gurucetari hartu zion lekukoa eta orain elkarte honek Hondarribian egiten dituen lanak koordinatzen du.

Nolako indarra du gaur egun Nagusilanek Hondarribian? Zenbat bolondres zarete?

-Bazkide modura apuntatuta gaudenak 30en bat lagun izango gara eta horietatik, lanean modu gutxi gorabehera iraunkor batean ari garenak, 20 edo 25 inguru. Bakoitzak bere denbora eta ahalmenen arabera egiten dugu lana hemen eta ez da beti gauza erraza. Jakina da erretiratuta gauden arren eta osasun egoeraren baldintzez aparte, gaurko adinekook biloben zaintzan edo guraso edo anai-arreben zaintzan ardurak izaten ditugula eta hara eta hona ibiltzen garela haiekin, batzuetan. Zein litzateke Hondarribirako Nagusilanen kide kopuru egokia? Nabarmenki haundiagoa, seguru. Baina ezin gara kexatu. Jendeak ahal duena egiten du eta badira ere, gainera, kide ez diren pertsonak baina guri laguntzera etortzen direnak.

Etxean edo egoitzetan bakarrik edo isolatu samar bizi diren pertsonei lagun egiten diezue, hori da Nagusilanen eginkizun edo helburu nagusia. Nola hartzen zaituzte jendeak Hondarribian?

-Aurretik argi esan behar da Nagusilanek ez duela langile profesionalek ematen dituzten zaintzen ordezkapenik egiten, guk ez baitugu horretarako trebakuntzarik. Hau da, gu ez gara ari ordaindu beharreko lanak doan egiten. Egiten dugun gauza bakarra etxeetan edo San Gabriel egoitzan bertan dauden pertsonekin egotea, solasean aritzea edo paseatzera ateratzea da. San Gabrielen adibidez, oso instalazio egokiak dauzkate eta hango egoiliarrei ez zaie ezer falta. Guk astean hiru goizetan,txandaka, kalera ateratzen ditugu paseatzera eta arratsalde batean ere, hara joaten gara, haiekin solasean aritzera. Eta noizean behin ere irteeraren bat antolatzen diegu. Aste honetan, adibidez, dozena bat egoiliar eraman ditugu Guadalupekoko santutegira. Hura bisitatu, Salbea abestu eta ondoren hamaiketakoa hartu genuen Kantinan. Oso pozgarria da haien aurpegiak ikustea. Gero, argazkiak egiten ditugu eta San Gabrielen ikusten ditugu elkarrekin. Eta adinekoez gain, Uliazpi Fundazioak Zubietan duen egoitzako jendearekin ere egoten gara ostegunetan. Bakar samar sentitzen den jende horri konpainia egitea da gure eginkizun nagusia.

Badira Hondarribian Nagusilanen parte-hartzea duten beste zenbait ekimen, Tipi-Tapa ibilaldi osasuntsuen programa edo Elikagaien Bankuari ematen diozuen laguntza. Nola hasi zineten hauetan?

-Ez dira berez gure ekintzak, baina gustura laguntzen ditugu. Tipi-Taparen antolatzaile Udala eta Osakidetza dira eta helburua, adinekoak ibiltzera animatzea da, osasunarentzako dituen onurengatik. Guk gure bolondresak jartzen ditugu astero, pertsona hauek animatzeko eta taldea egiteko. Dinamika ona izan zuen hasieran baina orain indarra galtzen ari da. Ea berriz ere jende gehiago animatzen den, harremanak egiteko baliabidea ere baita programa hau. Elikagaien Bankuaren kasuan, bilketa kanpainetan toliko bolondres taldea antolatzen dugu eta urtean sei aldiz, Europako funtsekin erosten dituzten elikagaien banaketa egiten dugu Amuteko Kaputxinoetan, beti ere, Udalak ematen duen zerrendako 240 pertsona eta familien artean.

Zein beste gauza egiten dituzue eta nola jarri ahal da jendea zuekin harremanetan?

-Urtean zehar, Nagusilanen korua eta musika taldearen emanaldiren bat edo magia ikuskizuna ekartzen ditugu San Gabriel egoitzara. Eta hilean behin hitzaldiak antolatzen ditugu Kasino Zaharrean. Hurrengoa, hilaren 24an izango da, 17.30ean, Zaintzaileen zaintzak izenburuarekin. Gure lehentasuna adinekoei lagun egitea da, baina beste edozertan eskukada emateko ere prest gaude. Gurekin harremanetan jartzeko hondarribia@gmail.com helbidera ere idatzi ahal zaigu.

Herramientas de Contenido