Erripan gora

Eguneroko afera txikiak

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 8 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

Etzi jarriko da indarrean Alde Zaharrera sartzeko kontrol-sistema berria, baina zer gerta ere, hilabetez ez omen dute isunik jarriko;hori guztia hirigunea atsegin egiteko planaren barnean. Plana irailarekin batera etorri zen eta, orain arte, buruhauste franko ekarri ditu eta kezka handia ere bai. Aldaketa gaitz orok bezalaxe. Sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Oraingoz, behintzat, edonor ohartu da auto gutxiago dabilela Sarasaten eta inguru horretan, eta erran dutenez, jende gehiago dabil Alde Zaharrerantz doazen billabesetan, eta jende gutxiago, nonbait, Alde Zaharreko zenbait karrikatako dendetan. Ez da bertze solasik denda txikien jabeen artean. Bertzalde, Alde Zaharrean nor sar daitekeen autoz eta nor ez, horrek zalantza handia eragin du jende aunitzengan. Bizilagun adina zalantza. Hamaika kasu daude eta denak ez daude aurreikusiak, argibidea emateko zerbitzuetan ederki dakiten bezala. Hasieran, behintzat, ongi dago Alde Zaharrean (eta edozein auzotan) auto emaria mugatzea, baina auzokideei kalterik eragin gabe. Dena den, ez legoke ongi autoak kendu bidenabar taberna eta terraza gehiago agertzea gure kale eta plazetan. “Bitez karrikak jendearendako;ez, ordea, ostalaritzari leku handiagoa uzteko” entzun da azken egunotako bileretan. Kezkaren handia ikusirik, udal agintariak hasiak dira erraten aztertu beharko dela plana bere osoan;ikusi beharko dela emaitza, eta zer hobetua baldin bada, hobekuntzak eginen direla. Horrelako jarrerarik ez da sekulan ikusi aurreko agintariengan. Bada zerbait. Azken buruan, denok sortaldeari begira (harriturik, miretsirik….) gauden honetan, guztiz indarrean ditugu eguneroko afera eta gorabehera “txikiak”, eta komeniko da behar bezalako konponbidea ematea, hautesleek afera “txiki” horiek izaten baitituzte gogoan botoa ematean.