Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Zirrikituetatik begira

Zer erraztu?

Ana Urkiza - 2017(e)ko urriaren 9a, astelehena - 10:41etan eguneratua

Atzean utzi dugun aste honetan osatu da Euskararen Aholku Batzorde berria, datozen urteetan euskal hiztunen kopurua haztea, euskararen erabilera sustatzea, hizkuntza eskubideen bermean aurrera egitea eta instituzioen arteko harremanak sustatzea helburu izango duena. Lehendakariaren agurraren ostean, Euskal Herriko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzen laburpena egin zuen sailburuak eta emaitza positiboen irakurketa egin ondoren, kezken artean zera aipatu zuen: familiaren transmisio rola. Lehenbiziko inkesta soziolinguistikoetan euskarara hiztun berriak erakartzeko edota euskaradunen kopurua mantentzeko gunea izatetik, azken honetan, rol edo egiteko hori galtzera pasa dela esan liteke. Familia kideen eta hauen hizkuntza profilaren araberako harreman ezberdinen gainean azterketa sakona egin nahi dela jakinarazi zuen, ondotik.

Familiaren transmisio indar edo aukeraren gainean egin beharreko azterketarako elementu edo adibide bat jarriko dut, bada: amak 44 urte ditu eta euskaraduna da, ikastolan ikasia. Aitak 46 urte, euskaldun berria. Bikoteak euren artean gaztelaniaz egiten du. Umeei, amak euskaraz egiten die eta aitak gaztelaniaz. Jolastu, gaztelaniaz jolasten dute.

14 urteko alabarekin ari da ama etxeko lanak egiten. Alabak ez daki matematikako ariketak nola ebatzi. Amak, lehenbizi, ariketa irakurtzen du eta, gero, alabari gaztelaniaz esplikatzen dio zer eta nola egin behar duen. Alabak, A ereduan ikasi arren, amari gaztelaniaz egiten dizkio galderak euskaraz idatzitako matematika liburuaren gainean.

Ez dut uste matematika liburua gaizki idatzita dagoenik. Ez eta amak euskaraz aritzeko arazorik duenik. Badirudi, alabari "gauzak" errazte aldera egiten diola amak gaztelaniaz. Alabak gaztelaniaz erraztasun handiagoa duela erantzutea sinpleegia iruditzen zait, ordea.

Hona, kasu arrunt bat, azterketarako.

Herramientas de Contenido

Más sobre Opinión

ir a Opinión »