Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

NUP-eko ikertzaile batek material didaktiko bat prestatu du ebakuntza aurreko herstura txikiagotzeko adingabeengan

"Heroien bizitokia" izenburua duen ipuin bat da, gurasoentzako eta osasun profesionalentzako eskuliburu batekin osatzen dena

unavarra.es - Lunes, 9 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 14:31h

Marga Herrero eta Mark Beyebach ikertzaileak.

Marga Herrero eta Mark Beyebach ikertzaileak. (UNAVARRA.ES)

Galería Noticia

Marga Herrero eta Mark Beyebach ikertzaileak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Psikologia eta Pedagogia Saileko Mark Beyebach irakasleak eta Margarita Herrero de Vega familia-psikoterapeutak “Heroien bizitokia ipuina” idatzi dute Sanitas Hospitales-entzat. Ipuinaren helburua da umeek ebakuntza bat egin aurretik eduki ohi duten herstura txikiagotzea eta beren segurtasuna handiagotzea. Aldi berean, gurasoentzako eskuliburua ere bada, baita entrenamendu programa ere osasun profesionalentzat, beti helburu horrekin. Materiala Sanitas La Moraleja Unibertsitate Ospitaletik banatzen da, eta bere helburua da umeek ebakuntza bat egin baino lehen izaten duten herstura gutxiagotzea (% 50 eta 75en artean, azterketa batzuen arabera).

Herstura honen ondorioz, ipuinaren egileek esaten dutenez, litekeena da anestesia baino lehenago botika lasaigarri gehiago behar izatea, atxikitze fisikoaz baliatu behar izateko probabilitate gehiago izatea, ebakuntza eta gero ere herstura izatea (trauma ondoko estresaren sintomekin), sendatzeko denbora luzeagoa izatea, ebakuntza eta gero jokabide erregresiboak izatea, edo arazo gehiago izatea geroago beste ebakuntza bat egin behar bada.

Prestatutako materialaren xehetasunak

"Heroien bizitokia" ipuina 3 eta 10 urte arteko umeentzat pentsatuta dago, gurasoek euren haurren adinera egoki dezaten: informazio gehiago emanez adin handiagoa dutenei (6 urtetik gorakoei, gutxi gorabehera), eta informazio gutxiago, baina zehatzagoa, txikiagoak direnei (3-5 urte), ebakuntza-uneari aurrea hartuz haurraren adinaren arabera (zenbat eta adin handiagoa eduki, orduan eta lehenago hasi beharko da prestaketa).

Aldi berean, gurasoei prestaketa ematen zaie mezu egokiak eman ditzaten eta lasai egon daitezen, errealitatea ezkutatu ordez berori aurkeztuz "zentzua ematea, ospitalearekin ohitzea eta geroago gertatuko denari buruzko orientazioak edukitzea errazagoa egiten duen narrazio baten bidez", egileek esaten dutenez. Gurasoei aholkuak ematen zaizkie prozesuaren une garrantzitsuenetarako (ebakuntza egin baino lehen, ebakuntza eguna eta adingabea gurasoengandik bereizten den unea, ahalik eta laburren eta alaien izan behar duena, eta anestesiatik esnatzeko unea). Gainera, materiala prestatu zenean, osasun profesionalak prestatzeko programa espezifiko bat landu zen, ebakuntza unea errazagoa izan zedin adingabeentzat eta beren familientzat.

Mark Beyebachen curriculum laburra

Mark Beyebach Psikologian doktorea da, eta Aditua Psikologia Klinikoan. Familia Terapiaren Elkarteen Espainiako Federazioak terapeuta, irakasle eta gainbegirale moduan egiaztatu du. Salamancako Pontifize Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakaslea izan zen 1992tik 2013ra, eta unibertsitate bereko Familia Terapia eta Esku-hartze Sistemikoen Masterreko zuzendaria 1993tik 2011ra. ANECAk egiaztatu du unibertsitateko irakasle titularren kidegorako, eta irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2014ko urtarriletik. Aitzindaria da Espainian Konponbideetan Oinarritutako Terapian izenekoan (“solution-focused therapy”), eta hitzaldiak eman ditu, gai horri buruz, Europan, Estatu Batuetan, Latinoamerikan eta Asian, eta hirurogeita hamar argitalpen baino gehiago egin ditu familia terapiaz eta konponbideetan oinarritutako terapia laburrean.

Liburu hauek argitaratu ditu: "Avances en Terapia Familiar Sistémica" ("Aurrerapenak Familia Terapia Sistemikoan". Jose Navarrorekin, Paidos argitaletxea), "24 ideas para una Psicoterapia Breve” ("24 ideia Psikoterapia Labur baterako"), “200 Tareas en Terapia Breve” ("200 Eginkizun Terapia Laburrean", Marga Herrerorekin, Herder argitaletxea), Changing self-destructive habits. Pathways to solutions with couples and families” ("Ohitura autosuntsitzaileak aldatuz. Konpontzeko bideak bikoteetan eta familietan", Matthew Selekmanekin, Routledge arg.) eta "Cómo críar hijos tiranos. Un manual de anti-ayuda para padres de niños y adolescentes” ("Nola hazi seme-alaba tiranoak.

Laguntzaren aurkako eskuliburu bat umeen eta nerabeen gurasoentzat, Marga Herrerorekin, Herder arg.). 2011 eta 2015 artean European Brief Therapy Association (Terapia Laburraren Europako Elkartea) elkarteko burua izan zen. Azken hogei urteetako ikerketen gaia familia terapia laburraren aldaketa-prozesuak izan dira, bereziki hizkuntzaren erabilera terapeutikoan. Gaurko bere ikerketa lerroek ikuspegi sistemikoaren aplikazioan jartzen dute arreta, adingabeen babeserako, antolamenduetan esku-hartzerako eta eskolako esku-hartzerako konponbideak aurkitzeko.