Amuriza eta Ibarzabal, finaletik urrats bat hurbilago

Finalaurrekoetarako pase zuzena eskuratu zuten asteburuko saioetan

Miren Mindegia - Martes, 10 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Ibarzabalek eskuratu zuen garaipena Zumaian.

Ibarzabalek eskuratu zuen garaipena Zumaian. (Gari Garaialde)

Galería Noticia

Ibarzabalek eskuratu zuen garaipena Zumaian.

iruñea- Gero eta gutxiago gelditzen da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetan arituko diren 24 bertsolarien zerrenda argitzeko. Asteburuan Zumaian eta Zallan jokatu ziren final-laurdenetan, Nerea Ibarzabalek (Markina-Xemein, 1994) eta Miren Amurizak (Berriz, 1990) eskuratu zuten garaipena, hurrenez hurren, eta hartara zuzenean sailkatu dira hurrengo faserako. Gainon-tzeko bertsolariek, larunbat honetan Tolosan jokatuko den azken final-laurdenaren ondoren jakingo dute txapelketan jarraituko duten edo ez.

Ostiralean, Zallako Mimetiz pilotalekuan eskuratu zuen garaipena Amurizak. 650 zale inguru bildu ziren txapelketaren laugarren final-laurdena jarraitzeko. Idoia Anzorandiak gidatuta, Amurizarekin batera oholtza gainean aritu ziren Eneko Abasolo Abarkas, Onintza Enbeita, Jone Uria, Oihane Perea eta Odei Barroso, zozketak erabakitako ordenean. Zallako Udalari eta Anitz bertso eskolari eskerrak eman nahi izan zizkion Bertsozale Elkarteak saioaren antolaketak emandako laguntzagatik.

Eneko Bidegain, Maite Sukia, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Jon Abril, Aitor Jimenez eta Iñaki Aurrekoetxea aritu ziren epaile lanetan, eta Miren Itziar Basterretxeak eta Joxe Mari Altunak egin zituzten idazkari lanak. Kartzelakoaren ondotik Anzorandiak eman zuen saioko sailkapenaren berri: 700,5 puntu eskuratu zituen Miren Amurizak eta honenbestez Zallako saioa irabazita, finalaurrekoetan abesteko zuzeneko txartela lortu zuen;hain zuzen, Durangoko saioan abestuko du azaroaren 12an, saio horretarako zehaztuta dauden Aitor Mendiluzerekin eta Oihana Iguaranekin batera. Beste bost bertsolariei dagokionez, hauexek izan dira lortu zituzten puntuak: Jone Uriak 662;Odei Barrosok 650;Onintza Enbeitak 640,5;Eneko Abasolo Abarkas-ek 615,5;eta, Oihane Pereak 591,5.

Zumaiako Aitzuri pilotalekuan larunbatean jokatu zen bosgarren final-laurdena ere jendez lepo egon zen. Ostegunetik sarrerak amaituta zeudenez, ez zen hutsunerik gelditu eserlekuetan, guztira, 700 lagun inguruk jarraitu zuten Marta Ugartek aurkeztu zuen saioa. Ibarzabalekin batera, Ibon Ajuriagojeaskoa, Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo, Nerea Ibarzabal eta Asier Otamendi aritu ziren bertsotan.

Zumaiako saioa irabazita, azaroaren 4an Maule-Lextarren jokatuko den finalaurrekorako tokia lortu du Markina-Xemeingoak. Beñat Gaztelumendi izango du bertsokide, oraindik zehazteko dauden beste lau parte hartzailerekin batera.

Zumaiako Udala eta herriko bertso eskola eskertu nahi zituen Bertsozale Elkarteak saioa gauzatzeko emandako laguntzagatik.

Larunbatean jokatuko da Tolosako Beotibar pilotalekuan azken final laurdena, Beñat Lizaso, Eneko Lazkoz -txapelketarako sailkatutako bertsolari nafarren artean oholtzaratzeko gelditzen den bakarra-, Etxahun Lekue, Jon Maia, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia bertsolariekin. Sarrerak internetez eskura daitezke www.bertsosarrerak.eus atarian eta Tolosako Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzan. Era berean, gogoratu finalaurreko zein finalerako sarrerak eskuragai daudelawww.bertsosarrerak.eus internet atarian.

final-laurdenak

18 bertsolari sailkatuko dira (beltzez zuzenean sailkatuak)

Oihana Iguaran 714.00

Alaia Martin 712.00

Miren Amuriza 700.50

Nerea Ibarzabal 698.50

Agin Laburu 686.00

Iñaki Apalategi 685.00

Julio Soto 678.50

Unai Agirre 674.50

Jon Martin 673.50

Nerea Elustondo 665.50

Jone Uria 662.00

Nahikari Gabilondo 661.50

Miren Artetxe 661.50

Beñat Iguaran 655.50

Aimar Karrika 651.50

Odei Barroso 650.00

Onintza Enbeita 640.50

Beñat Ugartetxea 631.50