Esku-hartze soziohezitzaileko programa jarri dute abian Aretxabaletako adingabeekin

Kale-hezitzaileen bitartez, gizarte bazterkeria jasateko arriskuan daudenengana iristea da helburua

2017(e)ko urriaren 13a, ostirala - 06:11etan eguneratua

Alkatea, Sanchez, Lizarra eta Karmele Uribarri zinegotzia.

Alkatea, Sanchez, Lizarra eta Karmele Uribarri zinegotzia. (A.D.)

Galería Noticia

Alkatea, Sanchez, Lizarra eta Karmele Uribarri zinegotzia.

aretxabaleta- Aretxabaletako Udaleko Prebentzio sailak orain dela urtebete inguru herriko gazteei buruzko diagnostikoa egin zuen eta, bertan, kale-hezitzaileen beharra geratu zen agerian. “Gizarte bazterkeria arriskuan zeuden gazteekin lan egiteko, hain zuzen ere”, azaldu zuen Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi den Karmele Uribarrik.

Era honetan, irailaz geroztik Kalexka enpresako Nerea Sanchez eta Manex Lizarra hezitzaileak lanean dabiltza, batez ere, 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoekin. “Esku-hartze soziohezitzailea garatzea da helburua, baina, betiere, euren testuingurutik atera gabe”, adierazi zuen Lizarrak.

Aisialdi garaian egongo dira nerabeekin, eta harreman “osasuntsuak” eta konfiantzazkoak sortzea izango da Lizarra eta Sanchezen egitekoa. “Bidelagun izango gaituzte;kale hezitzaileak izango gara, lagunak ere bai, eredu garen helduak... eta eskuragarri izango gaituzte behar dutenerako”, aipatu zuen Sanchezek. Honekin batera, herrian dauden baliabideak erakutsiko dizkiete horien erabilera sustatzeko asmoarekin.

Esku-hartzeak hiru alorretan jorratuko dituzte hezitzaileek: banaka, taldean (kuadrilla naturalean zein artifizialki sortutakoa), eta komunitatean. Horretarako, ekintza alternatiboak jarriko dituzte martxan. “Haien interesak ezagutzera joango gara: zer duten gustoko, zer igartzen duten faltan Aretxabaletan, zer egin nahiko luketen... galdetuko diegu”, zehaztu zuen Sanchezek.

sare bat osatuzLanean hasi zirenetik herria ezagutzen jardun dute, eta baita gaztetxoak mugitzen diren eremuak ere. Horrez gain, ikastetxeetako orientatzaileekin eta Udaleko teknikariekin elkartu dira “sare bat osatzen joateko”. Bigarren pausoa hastear dago: gazteekin harremanak sendotzea. “Prozesu bat dela kontuan hartu behar da, beraz, mimo eta pazientzia handiarekin jokatu behar da”, esan zuen Lizarrak.

Programak lau urteko iraupena izango du. - A.D.