Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Euskara, aurrera?

Ipar Euskal Herrian galera eten da baina ez dago oraindik inolako lege babesik

Sábado, 14 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Baionako kale bat;Lapurdiko hiriburuan dago Seaskak eraikitako Bernat Etxepare Lizeoa, Iparraldeko bakarra.

Baionako kale bat;Lapurdiko hiriburuan dago Seaskak eraikitako Bernat Etxepare Lizeoa, Iparraldeko bakarra. (Argazkia: NG)

Galería Noticia

Baionako kale bat;Lapurdiko hiriburuan dago Seaskak eraikitako Bernat Etxepare Lizeoa, Iparraldeko bakarra.

Euskararen galera eten dela Ipar Euskal Herrian erakutsi du azken ikerketa soziolinguistikoak 16-24 urte bitarteko herritarren %18,9 elebidunak direlako, duela 20 urte baino zazpi puntu eta erdi gehiago. Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa eta Elkargo berriaren ordezkariek goraipatu dute murgiltze eredua eta irakaskuntza elebidunak egin duten lana hezkuntzari esker lortu baita euskararen ezagu-tza zabaltzea gazteen artean. Gaur egun umeen erdiak murgiltze eredua edo ikasgela elebidunetan ikasten du lehen hezkuntzan.

Dena den, euskal hiztun asko galdu da azken hamarkadetan. Izan ere, Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan bizi diren 300.000 herritarren artean %20,5 moldatzen da euskaraz, duela hogei urte %26,4 gai zelarik Axularren hizkuntzan mintzatzeko. Gainera, euskararen erabilera %46koa zen Zuberoan eta Nafarroa Beheran 1996an. Gaur egun %28ra jeitsi da erabilera barnealdeko bi herrialde horietan eta egoera are larriagoa da lurralde jendetsuenean %16tik %9ra apaldu baita euskararen erabilera Lapurdin. Erabileraren jeisteak kalitatearen apaltzea eragiten du maiz beren burua elebidun aurkeztu dutenen %41,5k baitio aiseago hitz egiten duela frantsesez euskaraz baino, hau da duela 20 urte baino zortzi puntu gehiago. Euskararen aldeko jarrera sutsuena ere atzera ari da urtez urte ikerketa soziolinguistiko desberdinen arabera. Urtero 3.000 lagun gehiago joaten dira Iparraldera bizitzera, gehienak Frantziako estatukoak.

Ikastolak aurrera Zailtasunak zailtasun eta lege babesik gabe euskararen alde lan egiten dute buru belarri milaka euskaltzalek, tartean Seaskaren ikastolek. 1969an lehen ikastola sortu zuten Arrangoitzen bost ikaslerekin eta gaur egun 3.700 ikasle pasa biltzen dituzte 35 ikastetxetan Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa osoan. Urtero, 200 ume gehiago har-tzen dituzte eta azken hamar urteetan hamahiru ikastola berri ireki ondoren -azkena aurten Bokalen- laster bosgarren institutua eta ikastegi gehiago sortzeko asmoa dute, besteak beste, Arbona-Ahetze aldean eta Ainhoan.

Euskal hiztun asko galdu da azken hamarkadetan Iparraldean;%20,5 moldatzen da gaur egun euskaraz, duela hogei urte %26,4 ziren

Seaskak inoiz egin duen proiekturik handiena inauguratu zuen joan den irailean, Bernat Etxepare Iparraldeko lizeo bakarra. 10 milioi euroren inbertsioa egin dute Baionan goi mailako sail orokorra eta lehen aldiz lanbide heziketa euskaraz irakatsi ahal izateko. Paxkal Indo Seaskaren presidentearen esanetan urrats estrategikoa egin nahi izan dute biharko langileak euskaldunak izan daitezen eta euskara eguneroko hizkuntza izan dadin eta ez bakarrik hezkuntza saileko tresna. Inaugurazio egunean parte hartu zuen Alain Rousset Akitaniako presidente sozialistak ere. Lanbide heziketa Akitaniako gobernuaren eskumena denez Bordeleko exekutiboak zazpi milioi euro eman zituen mahai gainean Seaskaren proiektua egia bilakatzeko “kultura eta eleaniztasuna demokraziaren oinarriak direlako” Rousset presidentearen arabera. Ekitaldian egon ziren halaber Eusko Jaurlaritzako hezkuntza eta kultura sailburuak zeuden Cristina Uriarte eta Bingen Zupiria. Sailburuen esanetan “Etxepare lizeoa oso garran-tzitsua da euskararen normalizaziorako”. Jaurlaritzako ordezkarien arabera erronka handia dago lurralde guztietan, euskara indartzea lan esparruan eta harreman profesionaletan.

Ikasgela elebidunak Iparraldeko umeen %70 eskola publikoetan dabiltzanez euskara bertan ere sar-tzea erabaki zuen guraso talde batek duela hogeita hamar bat urte. Gaur egun, 2 eta 18 urte arteko 6.800 ikaslek B ereduan ikasten dute Ipar Euskal Herri osoan dauden 102 ikastetxe publikoetan. Euskara menperatzen ez duten gurasoak laguntzeko IkasbiKlik aplikazioa asmatu du Ikas BI elkarteak. Molde horretan guraso erdaldunek laguntza eman diezaikete euren seme alabei etxeko lanak egiteko. Elebitasuna bi lizeo berritan sartu da aurten, Angeluko Cantaun eta Sohütako ikastegian. Gainera murgiltze eredua eskaintzen duten hogeita hamar ikasgela daude sare publikoan. Mota horretako gero eta ikasgela gehiago zabaltzen dituzte sare pribatuan ere. Frantsesaren eragina handia denez gizartean, guraso eta irakasle askoren ustez murgiltzeak bakarrik ziurtatu lezake elebitasun orekatua. Gaur egun hiru mila ikasle pasa dabiltza kristau eskola elebidunetan. Denera 60 ikastetxe pribatuk eskaintzen dute irakaskuntza elebiduna, hauen artean lehen aldiz Hiriburu edo Mauleko zentroek, eta baita Zuberoko hiriburuko institutu pribatuak.

ErronkakHelduen irakaskuntzari dagokionez, mila lagun dabiltza AEKren gau eskoletan eta udaletxetako gero eta langile gehiagok euskarazko formakuntzak jarraitzen dituzte euren lana euskaraz ere egin ahal izateko. Iparraldeko euskal lau irratiez gain, euskarak tokia dauka ere Frantziako irrati eta telebista publikoak egunero eskaintzen dituzten saioetan. EiTBren kate guztiak lurralde osoan ikusteko aukera dago lurreko telebista digitala bidez, edo satelite bitartez, Kanalduderen emakizunak sarean eta TVPI tokiko telebistan ikusi daitezkelarik.

Euskararen Erakunde Publikoak proiektuak dauzka elebitasuna lor-tzeko bizi publikoan, merkataritza gune, osasun zentro eta oro har jende gehien dabilen guneetan. Lan horri esker euskarak tokia dauka jadanik IKEAn, Baionako erietxean edo Belharra klinikan, eta gauza bera eginen dute zenbait supermerkatu eta Biarritzeko aireportuan bertako paisai linguistikoa euskaratzeko. Eskaera soziala are handiagoa izan dadin hegoaldeko euskaldunei Iparraldean ere euskarazko arreta edonon eskatu dezaten galdegin diete EEPk.

Duela hilabete batzuk Emmanuel Macronek adierazi zuen 300.000 ikaslek ikasten dutela lurralde hizkuntza batean eta honenbestez hizkuntz legea asmatu beharko dela “Frantziaren testuinguruari” egokituz. 2012an hizkuntz gutxituen euro agiria berretsiko zutela hitz eman zuen François Hollande hautagaiak baina gero ez zuen agindua bete bost urteko agintaldian. Lege sailari begirik kendu gabe euskaltzaleek nahiago dute lanean segitu eguneroko ekintzekin bermatzen baitute euskararen geroa Bidasoa ibaiaren iparraldean.