Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Altsasuko Iñigo Aritzak antolatuko du Nafarroa Oinez 2018

Bertan ospatu zen lehenengo Oineza, 81ean, eta ondoren bi aldiz antolatu du Iñigo Aritzak Nafarroako Ikastolen besta

Lunes, 16 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Eneida Carreño eta Ibai Iriarte, lekukoa eskuan.

Eneida Carreño eta Ibai Iriarte, lekukoa eskuan. (Argazkia: Ondikol)

Galería Noticia

Eneida Carreño eta Ibai Iriarte, lekukoa eskuan.

lesaka- Harriondoa Kultur Etxean ospatu zen ekitaldiko unerik sinbolikoena, dudarik gabe, lekuko aldaketarena izan zen. Urte guztiko lana bizkarrean eta bestaz gozatzea besterik gelditzen ez zitzaienean, Lesakako Tantirumairu Ikastolako ordezkariek, Amaia Lasheras lehendakariak eta Aitor Iratzoki zuzendariak, euren azken ekitaldi ofizialari ekin zioten: Nafarroa Oinezaren lekukoa Altasuko Iñigo Aritza Ikastolako Eneida Carreño lehendakariari eta Ibai Iriarte zuzendariari pasa-tzea. “Iñigo Aritzak, hartu dezala guk hartutako bidea”, bukatu zuten bertsoa Estitxu Fernandez eta Iñigo Olaetxea ekitaldiaren aurkezleek, eta altasuarrek gogotsu heldu zioten lekukoari. Carreñok gogoratu zuen bezala, Nafarroa Oinez “1981ean, Altsasu inguruko zelaietan jaio zen”, eta 2018koa ere “esku zabalik” hartuko dutela azpimarratu zuen.

“Erronka izugarria dugu aurretik baina aldi berean gogotsu gaude eta horretarako prest gaude. Nafarroari, Euskal Herriari ikastolak nola jaio ginen, zertarako jaio ginen eta gaur egun gure proiektua inoiz baino biziago dagoela erakusteko”.

Oinez eta Altsasu, bidea eskutik Nafarroako ikastolen bestaren eta altsasuarren arteko harremana estua izan da hasmentatik, izan ere, bertan eman zen oraindik ere aurrera jarrai-tzen duen bidearen lehenengo urratsa. Euskal hezkuntzaren alegalizazio egoera salatu eta honen beharra aldarrikatzeko helburuarekin, Nafarroa Oinez 1981eko ekainaren 21ean ospatu zen lehenengoz, Altsasun, bertan ireki baitzen Nafarroa Garaiko euskarazko ikastetxe bakarra. 30.000 lagunetik gohiti bildu zituen lehenengo besta hartako dirua, eraikinaren gastuak ordaintzeko bideratu zuten antolatzaileek.

Hamabi urte beranduago, 1993an, ikastolen bestaren antolakuntza Iñigo Aritza Ikastolaren eskuetara iritsi zen. Har hitza lelopean eta aritz hosto bat helduta zuen txoria irudi nagusitzat zuela, Nafarroa Oinez hark marka guztiak hautsi zituen, izan ere, aurreikusita zegoen jende kopurua bikoiztu zen: 100.000 lagun bildu ziren edizio arrakastatsu hartan. Tartean, eta lehenengoz Foru Erkidegoko erakunde publikoen ordezkari bezala, Juan Cruz Alli orduko gobernu burua.

2005ean antolatu zuen azkenekoz Altasuko Iñigo Aritzak Nafarroako ikastolen besta. Oinknez! lelopean, edizio hartako irudia izan zen Kukuxumusuk diseinatutako basurdea euskaltzaleen oroimenean iltzatuta mantentzen da oraindik. - M.M.P.