Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Ikastolaren aldeko apustua egin zuten atzerriko sendiei omenaldia

Nafarroako Ikastolen Elkarteak, bere aldetik, IKA-k helduen euskalduntzean egiten duen lana aitortu zuen

Miren Mindegia | Ondikol - Lunes, 16 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Sagrario Aleman, IKAko zuzendaria, omenaldiaren unean.

Sagrario Aleman, IKAko zuzendaria, omenaldiaren unean. (ONDIKOL)

Galería Noticia

Sagrario Aleman, IKAko zuzendaria, omenaldiaren unean.

lesaka- Tantirumairu Ikastolak bere lehen urratsak eman zituen garai bertsuan, 1970eko hamarkadan, iritsi zen industrializazioa herrira berezko ondarea duen burdinaren eskutik. Eta harekin batera, siderurgiaren sektorean ogibidea aurkitu zuten familiak ailegatu ziren Lesakara, Euskal Herriko mugetatik haratagokoak aunitz: Andaluzia, Leon, Katalunia, Avila, Errioxa, Kantabria, Salamanka, Palentzia, Uruguay, Brasil, Peru, Errumania... Familia horietako batzuk ikastola aukeratu zuten euren seme-alabentzat. Euskararen hautua egin zuten, euren etxe bilakatu nahi zuten herriko kultura bete-betean besarkatuz. Eta ikastolako ateak irekita aurkitu zituzten horretarako.

Garrido de la Fuente, Cabezas Tojo, García Terán, Ruiz Ramirez, Hidalgo Hidalgo, Terreros Lavín, Linares Vaquero, Machado de Souza, Silva da Costa, Asto Huaman, Ruiz Carmona eta Marton. Hartutako erabaki ausartarengatik, sendi guzti horiek omendu zituen atzo Tantirumairu Ikastolak, Harriondoa Kultur Etxean ospatu zuten ekitaldi hunkigarri bezain eder batean. “Burdina den bezala, hasiera gogorra izan zen”, gogoratu zuen Aitor Iratzoki Tantirumairuko zuzendariak ekitaldian, aintzinetik Estitxu Fernandez eta Iñigo Olaetxea bertsolariek errezitatutako olerkiei jarraiki, “baina denborak eta goxotasunak lana erraztu zuten”.

Belinda Linaresek, Tantirumairu Ikastolaren hastapenetan egondako ikasle horietako batek, euren gurasoek emandako urratsa eskertu nahi izan zuen. “Guraso haiek beraien seme-alaben etorkizuna nolabait zuzenduko zuen erabaki garrantzi-tsu bat hartu zuten. Ume horiei ikastolan hazi eta hezitzeko aukera eman zieten. Seguru aski oztopo askoren gainetik, euskaraz hezi eta bizitzeko aukera eman ziguten”.

Bidenabar, ikastolako irakasleen papera ere nabarmendu nahi izan zuen Linaresek, oholtza gainean eta Amaia Lasheras ikastolako lehendakariaren eskutik oroigarria jaso ondoren bildu ziren familien ordezkari guztien izenean. “Tantirumairu Ikastolako hasierako momentu zail horietan, maiz baliabide exkaxekin, gaur egun gure ikastola den proiektu zoragarri hura aurrera eramaten lagundu zuten”. “Guzti honengatik, euskalduna naiz. Eskerrik asko”, borobildu zuen, ekitaldira bertaratu ziren guztien txalo zaparrada piztuz.

Bikin batin leloari men eginez bezala, atzoko omenaldia ere bikoitza izan zen. Izan ere, Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE), IKA euskaltegiaren ibilbidearekiko aitortza egin nahi izan zuen. “Bi erakundeok lan egiten dugu euskalduntze prozesuan”, azpimarratu zuen Mikel Asiain NIEko lehendakariak.

“IKA-kide guztiontzat ohore handia da hemen, Nafarroa Oinez egunean Lesakan, omenaldi hau jasotzea”, adierazi zuen Sagrario Aleman euskaltegiko zuzendariak, oholtzan. “Arnasgune bat izan da Lesaka euskararen-tzat”, adierazi zuen, bertan IKAk daukan euskaltegi zein barnetegian egiten den lana goraipatuz. Halaber, euskararen sustapenean aritzen diren eragile guztiek bi helburu dituztela azpimarratu zuen: “Euskara eta euskal kultura transmititzea eta euskal hiztunen kopurua handi-tzea, hau da, gure komunitate hori euskaldunez hornitzea”.

“Tamalez, askotan ez dugu traba besterik aurkitzen, ezin gara euskaraz aritu esparru guztietan”. Euskara sustatzen duten eragile guztiek bat egiteko aldarrikapena egin zuen euskaltegiko zuzendariak azkenik, “euskaraz normal bizi ahal izateko ahalegin horretan”.