Beasain 2018an hiri iraunkorra izateko bidean da

Bi urte barru lehentasun handiena izan dezaketen ekintzak lehenesteko saioa egingo da gaur

M. Aranburu - Miércoles, 18 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Beasaingo herrigune erdian jende ugari, atzo goizean.

Beasaingo herrigune erdian jende ugari, atzo goizean. (M.A.)

Galería Noticia

Beasaingo herrigune erdian jende ugari, atzo goizean.

Beasain- Beasain 2030 urtean kalitatezko hiri iraunkor bat izateko ikuspegia ardatz hartuta, herriko Udalbatzak ekintza-plan berria onartu zuen duela hilabete batzuk eta orain ekintza horiek aurrera eramateko garaia iritsi dela jakinarazi dute.

Honela, 2018ra begira lehentasun handiena izan dezaketen ekintzak zehazteko saio berri bat prestatu du Beasaingo Udalak gaur arratsalderako. Saioa 19.00etan hasiko da, udaletxeko batzar aretoan. Berriro ere, herriko eragile eta herritar guztiak gonbidatuta daude saio honetan parte hartzera, “denon ekarpenak garrantzitsuak baitira Beasaingo etorkizuna irudikatzeko”, nabarmendu dute. Hainbat gauzen inguruan herritarren parte-hartzea “ezinbestekotzat” jotzen du Udalak.

Ekintza-planak jasotzen dituen jardueren artean Udalak lehenetsi dituen ekintza eta jardueretako batzuk honakoak izango dira: hiriko puntu kritikoen mapa osatzea, herriaren jarraikortasuna eta trinkotasuna indartzea auzoen arteko oreka bilatuz, landa auzoetako taxi-bus zerbitzuen beharrak zeintzuk diren aztertzea, edukiontzien bidezko bilketa berriaren bidez gaikako bilketa-tasa areagotzen joatea eta klima-aldaketan eragiten duten gasen isurpenak kontrolatzeko urtero isurpen horien kalkulua egiteko datu-bilketa sistematizatu eta aurrera eramatea.

Besteak beste, Goieki agentziarekin enpresa ekimen berriak sortzeko eta mantentzeko laguntzak abian jartzea da asmoa

Horrez gain, enpresa ekimen berriak sortzeko eta daudenak mantentzeko laguntzak edo ekimenak Goieki agentziarekin elkarlanean abian jartzea ere bada asmoa, eta baita herritarrak gizarte zerbi-tzuen inguruan informatzeko, horietara bideratzeko eta gizarte arloko laguntzak edo programa zehatzak tramitatzen laguntzeko udal-mailako zerbitzuaren etengabeko hobekuntza bultzatzea. Herriko emakume eta gizonen Berdintasunerako diagnostikoa osatzea ere bada helburua eta nola ez, sentsibilizazio kanpainekin jarraitzea. Landuko diren azkeneko puntuak, berriz, honakoak dira: eraikita baina hutsik dagoen etxebizitza-parkea berriz ere erabiltzeko baliabideak aztertu eta beharrezko neurriak martxan jartzea, eta guraso eta familiei zuzendutako euskararen erabilera-sustapen programak abian jartzea.

Beasaingo plangintza dokumentua, II. Ekintza-plana (2016-2030), egin da eta Izadi 21 aholkularitza-taldearen laguntzarekin burutu da. Hain zuzen ere, Beasaingo Iraunkortasunerako II. Ekintza-plana 2030 dokumentua uztailaren 20an onetsi zuen Udalbatzak.

Ekintza-plan berri honen osaketa prozesuan udalerriko eragile eta herritarren parte-hartzea eta udaleko eragile tekniko zein politikoen konpromiso eta lana funtsezkoak izan direla gaineratu dute Udaletik.

Plan berri honek bi urteko berrikuspen prozesua izan duen eta horren bitartez 2006. urtean hasitako Tokiko Agenda 21-eko Ekin-tza-plana eguneratu eta jarraipena eman zaiola azaldu dute Udaletik, “gaur egungo beharrei eraginkorki erantzuna emateko eta etorkizun iraunkorrago bat irudikatzeko”. Udalaren onespena jaso duen Ekintza-plan berri honen ezarpenean lehen urratsak emateko, berriro ere herritarren iritzi eta adostasuna eskuratu nahi ditu Udalak, eta horregatik, gaur herritarrak parte hartzeko saiora joateko gonbita zabaldu dute, guztien iritzi eta proposamenak jasotzeko asmoz.