Saizar eta ‘Rex’: bi lagun, bi txapeldun

Jose Luis Saizar zarauztarrak eta bere txakur ‘Rex’ek Zarauzko X. Ardi Txakur Txapelketa irabazi zuten joan den urriaren 8an seigarren aldiz. Lantalde ederra osatzen dute, baina guztiaren gainetik, lagunak dira, oso lagun onak.

Ane Rotetaren erreportajea eta argazkia - 2017(e)ko urriaren 18a, asteazkena - 06:11etan eguneratua

Jose Luis Saizar eta 'Rex'txakurra, Kortazargo zalaian.

Jose Luis Saizar eta 'Rex'txakurra, Kortazargo zalaian. (Ane Roteta)

Galería Noticia

Jose Luis Saizar eta 'Rex'txakurra, Kortazargo zalaian.

Jose Luis Saizarrek eta Rexek bikote perfektua osatzen dute, lantalde bikaina. Ezagutu ziren unetik konexio berezia izan zuten eta harreman horrek eta elkarrekin lanean aritutako orduek beren fruituak eman dituzte bederatzi urtetan. Bost aldiz irabazi dute Zarauzko Ardi Txakur Txapelketa, eta joan den urriaren 8an seigarren aldiz lortu zuten lehen saria.

Hasiera batean Rexen azken lehiaketa zen hilaren hasieran Zarauzko Kortazar zelaian jokatutakoa (11 urte baititu txakurrak) eta txapelketei agur esateko modu ezinhobea izan zitekeen. Baina, egun batzuk pasata, Saizarrek hobeto pentsatu du: “12 urte egitera doa, bederatzi urte jarraian jokatu du txapelketa honetan eta Rex erretiratzea pentsatzen nuen. Baina emazteak zera esan zidan: Zergatik? Segurtasuna duzu beregan eta bere azken urteak dira. Ez dakit Zarauzkoa bere azken lehiaketa izan den, nik baietz uste dut, baina ikusiko dugu hurrengo urtean nola dagoen. Jokatzeko moduan baldin badago aurrera, eta bestela, lasai ibili dadila bere azken urteetan. Orain mendian eta deskantsatzen ibiliko da, eta ikusiko dugu aurrerago”. Edonola ere, Rexek lortutakoa ez da gutxi, eta “hemen inguruan lehia-tzen dabilen txakurrik zaharrena da”, Jose Luisen hitzetan. “Oso txakur ona da eta lehiaketan primerakoa izan da. Beti izan da txakur azkarra eta elkarrekin oso ondo moldatu ginen hasieratik. Txakur gehiago izan ditut baina hau bezalakorik ez”, dio zalantzarik gabe Saizarrek.

Txapelketa irabaztea oso pozgarria izan da Saizarrentzat, baina lehia handia egon zela nabarmen-tzen du: “Txakur oso onak etorri ziren eta aurreko astean Euskadiko txapela atera zuen Jose A. Arrillaga eta bere txakur Txiki, eta laugarren gelditu zen Ignaxio Irakulis etaBatere hemen izan ziren. Hiru txakurrek oso lan ona egin zuten. Lehen proban azken bandera galdu genuen, baina bigarrenean Rexgoxo-goxo hartu nuen, oihurik egin gabe, eta primeran atera zen dena”.

Txapela jarri zioten momentuan asko hunkitu zen Saizar;izan ere, berezia izan zen berarentzat, irabazteaz gain, berak antolatu baitu txapelketa hamargarren urtez jarraian. “Izugarri gustura nago, ni ere adinean aurrera noa eta (76 urte ditu). Oso pozik nago Zarauzko jendearekin eta eskerrak eman nahi dizkiet Kortazarrera etortzeagatik eta horrelako txakur festa ederra ikusteagatik”, azaltzen du Saizarrek. Duela hamar urte antolatu zuen lehen aldiz txapelketa Zarautzen eta orduztik hona Zarauzko Udalaren eta Turismo Bulegoaren laguntzarekin kontatu du, azken urteotan aldaketa batzuk izan diren arren. “Lehen Txakolin Egunaren amaieran egiten genuen txapelketa, baina udan belardi hau TAOrako behar denez eta iraila amaitu arte indarrean dagoenez, egunez aldatu behar izan genuen. Aurten hirugarren urtez egin dugu eguerdiko 13.00etan eta nik uste asmatu egin genuela. Dena beteta zegoen eta jende asko hurbildu zen txapelketa ikustera”, nabarmentzen du txakurzaleak. Zentzu horretan, hamar urte hauetako balorazio ezinhobea egiten du, eta ahal duen bitartean eta Udalak baimena ematen eta lagun-tzen duen bitartean txapelketa antolatzen jarraituko du. Inolako zalan-tzarik gabe.

Beti elkarrekin

Saizar BBVAn ibili zen lanean jubilatu arte eta atletismoan ibili zen 34 urtetan, 56 urte bete zituen arte, baina 1970ean hasi zen bere txakurrekiko pasioarekin. Getarian jaio zen eta bere gurasoek beti izan zuten arratoi txakurren bat etxean. Hala, txikitatik gustatu izan zaizkio txakurrak aspaldidanik Zarautzen bizi den getariarrari, baina lehiatzen 1970ean hasi zen. “Harrezkeroztik hainbat txakur izan ditut, artzai txakur belgikarra, Pirineotako artzai txakurra eta abar, eta Belgikan, Frantzian eta Ingalaterran izan naiz txakur bila Jesus Larrañagarekin.Rex, hain zuzen ere, Ingalaterratik ekarritakoa da, eta Kix izeneko bat ere badut, hura Eskoziatik ekarritakoa. Iaz kruzatu egin nituen eta bi txakur hauen bi seme-alaba ditut”, kontatzen du. Guztira, lau txakur ditu momentuan. Kixek sei urte ditu eta hurrengo urtetik aurrera lehiaketetan berarekin parte hartzeko asmoa du, eta aurrerago, berriz, beste bi txakur txikiekin. Bere kuttuna, ordea, Rex da eta beti elkarrekin dabiltza, lagun onak bezala. “Astean hirutan entrenatzen dugu, astearte, ostegun eta larunbatetan, eta gehienez 15-20 minutuko saioak egiten ditut, gehiago ez. Gustura hasi daitezela lanean eta baita bukatu ere, hurrengoa gustura hartzeko. Beste egunetan mendira joaten gara pare bat ordu. Egunero-egunero, euria egiten badu ere”, azpimarratzen du Saizarrek.

Rexen izaerari dagokionez, txakur ona, argia eta bizia dela dio: “Txakur arrekin gaizki eramaten da, bera arra baita eta beti nagusi izan nahi du. Ondorioz, argazkitan beti jar-tzen naiz ezkerretan eta Rex nire ezkerretan, ondoan ez dadila inor egon. Bera horrelakoa da eta ezin zaio hori kendu. Bestalde, oso txakur zintzoa da eta beti nirekin dago, niri begira. Mendira joaten garenenean ere nigandik hurbil dago, berak jarraitzen nau eta bera dago ea nora noan begiratzen. Bera da adi dagoena, ez jabea”. Jose Luisek lagun on bat du, lagun onena, eta Rex gabe ez omen da inora ere joaten. “Oporretara joan naizenetan nirekin eraman izan dut hotelera. Beti nirekin dago”. Hori bai, inoiz ez du hondartzara eraman, kresalarekin ilea erre egiten baita.

Jose Luisi pena ematen dio Rexerretiratu behar izatea, baina “legea horrela dago”. Orain, lasai ibiliko da eta hurrengo urtean ikusiko da lehiaketan ibiltzeko moduan dagoen ala ez.

60 urterekin jubilatu zen Saizar eta harrezkeroztik txakurrei eskaini die bere egunerokoa eta aurrerantzean ere halaxe jarraituko du: “Egunero egiten dut buelta txakurrekin goizean, 13.30ak aldera etxera itzultzen naiz eta iluntzean berriro ere buelta txiki bat egiten dugu. Hori da nire eguneroko bizimodua, egun guztia daukat txakurrentzako. Familia lehendabizi noski (barreak), baina gero txakurrak”.

Eta zer ematen diote Rexek eta ardi txakur txapelketek Jose Luisi? Poz handia. “Asko animatzen nau, eta gainera, gaixki egiten baldin badu ere, ez diot inoiz errietarik ematen. Gaizki egin baldin badu, hurrengoan egingo du ondo. Aurrerantzean, ahalik eta ondoen zainduko dut, orain arte bezala, merezi du eta”, dio amaitzeko.