Erripan gora

Gazte dira gazte

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 22 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

San Fermin Aldapako basilikaren ondoko zelaian elkartzen dira aunitz, edota Redinen eta Zaldi Zuri inguruan, ateri dagoenean. Euritean, Diputazioko arkupeetan ikusiko dituzu lurrean jarrita, edo Burguen plazakoetan, edota, hemezortzi urte ez izanda ere, tabernetan, hotzetik ihesi. Koadrila frankok etxabe bat hartzen dute errentan, hantxe orduak emateko. Gazteei esker, etxabe aunitz daude merkatuan, dendak gainbehera etorri diren auzo eta karriketan, asotsak auzokideen sumina pizten badu ere. Hemezortzi urtetik gorako aunitzek peñetera jotzen dute, Iruñeko peñetan jende gaztea baizik ez dute onartzen, bazkide berrien artean. Sos ederrak ordaindu behar diren arren, itxaron zerrenda luzeak dira bazkide izateko. Zenbaitek okupazioaren bidea jorratu dute;batez ere, Udalarekiko harremanak eten egin direnetik. Udal “gaztetxearen” kontu hura ez zen ongi atera. Baionan bai;hemen ez, ordea. Orain, etxe eder bat okupatu dute, Zugarrondo plazan. Luze iraun dezake, kultura parrandaren gainetik lehenesten badute;auzokideak ez daude txantxetarako. Gainerakoan, gazteek auzokide elkarteetan izan ohi dute aterpea. Ahaleginean ari da, konparaziora, Alde Zaharreko Auzoenea, Udalak egiten ez duena bete nahian. Toki hutsa baino gehiago eskaintzen die gaztetxo eta gazteei, hots, jarduerak, formakuntza, kirola, eta balore jakin batzuk. Badu merezimendu. Eta Udala? Non dabil gai honetan? Sarri, bi urte eta erdi beteko dira aldaketa iritsi zenetik, baina alor honetan, behintzat, ez da uztarik izan, eta galdera da deus erein ote duten. Bihoaz behingoan erripan behera eta Belosoko aldapan beheiti, eta galde dezatela Burlatan, Atarrabian, Antsoainen, ea zertan diren hango Gaztelekuak, batzuk eredugarriak baitira, eta eredu ere izan daitezke hiriburuarentzat, 19ko maiatza uste baino azkarrago helduko baita.