Zirrikituetatik begira

Ezagutza gehiago euskaraz

Ana Urkiza - 2017(e)ko urriaren 23a, astelehena - 12:38etan eguneratua

Txalogarria deritzot Eusko Jaurlaritzak, Euskal Wikilarien Elkartearekin, Wikipedian euskarazko artikulu gehiago sortzeko eta jada badaudenak hobetzeko hartu duen akordioari. DBHko curriculuma oinarri hartuta, hiru urtean 1.600 artikulu taxutu nahi dira eta, horretarako, 600.000 euro jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak.

Entziklopedia bizi hau, batez ere, DBHko ikasleek erabiltzen dute, bai kontsultarako, bai beren ohiko lanak osatzeko. Hori horrela izanik, ikasleen beraien lanak erabiliko dira, Wikipedia elikatzen joateko. Irakasleen gainbegiradapean, noski. Auzolanean egin, osatu eta sendotu beharreko egitasmoa ez da ahun-tzaren gau erdiko eztula. Hamabost esparru nagusi hautatu dira eta horietako artikuluak izango dira bultzatuko direnak: matematika, fisika eta kimika, geografia eta historia, literatura, informazioa eta komunikazio teknologiak, hizkuntzak, kultura zientifikoak, ekonomia eta ekintzailetza, kultura klasikoa, filosofia, plastika eta ikus-entzutezkoak, musika, dantza eta antzerkia, gorputz hezkuntza, eta emakumea eta generoa.

Txalogarria deritzot gazteei eskura jarriko zaien informazio kopuruagatik, eta jaso behar duten heziketarako informazioa eta prestakuntza kalitatezko euskaraz egiten dela bermatu ahal izango delako. Atzean utzi al izango ditugu, behingoz, erdaretako entziklopedietatik jasotako informazio txatalak ezin itzulita eta gaizki itzultzen botatako orduak eta egunak. Itzultzen iaioenak diren ikasleen lepo uztea materiarik zailenen gaineko itzulpen gogaikarriak;materia ulertzera ezin heldu izanak;eta, zailtasun horiez guztiez gain, generoaren ikuspegirik gabe jasotako informazio begi-bakarra irakurtzen jarraitu beharra izatea.

Egitasmo honek DBHko ikasleek behar duten informazioa jasotzeko unibertsoa erraztea, zabaltzea eta irekitzea suposatzen du, ezbairik gabe.

Más sobre Opinión

ir a Opinión »