Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Alde Zaharra, argazkitan

duela hiru urte san pedro kalearekin egin bezala, arma plaza fundazioak iruditan bildu ditu kale nagusiko eta inguruetako bizitzaren 125 urte

Xabier Sagarzazuren erreportajea eta argazkiak - Miércoles, 25 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Parrokiko albo batean ikusgai jarri den antzinako argazkietako bat.

Parrokiko albo batean ikusgai jarri den antzinako argazkietako bat.

Galería Noticia

  • Parrokiko albo batean ikusgai jarri den antzinako argazkietako bat.
  • Jauregui, Guilló, Sagarzazu alkatea, López eta Sagarzazu, atzo.

Duela hiru urte, bolondresen laguntzarekin eta hondarribiar askok beraien etxeko kaxetatik ateratako irudiekin, San Pedro kalearen historiari buruzko argazki erakusketa antolatu zuen hiriaren hondarea berreskuratu, mantendu eta zabaltzeko helburua duen Arma Plaza Fundazioak. Orain, berdina egin dute, baina Alde Zaharrarekin.

“Edo Alde Zaharra baino, hondarribiarrontzat Kalea(Kale Nagusiagatik) eta bere bizilagun diren kaletarren irudiak dira orain bildu direnak, zehazki, 1860. urtetik 1985. urtera bitartekoak”, esan zuen atzo Hondarribiko alkate eta Arma Plaza Fundazioko presidente den Txomin Sagarzazuk.

Udal arduradunak “esker oneko hitzak” izan zituen erakusketa hau prestatzen bolondres modura aritu diren Javier Sagarzazu, Jose Mari López, Mikel Jauregui eta Matías Guillórentzat eta gonbidapena luzatu zien, “hondarribiar guztiei, San Pedro kaleari buruzko erakusketan gertatu zen bezala, Alde Zaharreko hau ere ikustera etorri eta bizipenak, lekuak eta jendeak gogoratuz, ondarearen memoria egitera”.

300 iruditik goraErakusketa prestatzeko orduan, bere egileek Javier Sagarzazuk eta José Mari Lópezek aspaldidanik gordeta dituzten argazki eta postalen bildumak izan dituzte oinarri. “San Pedro kalearekin egin zen bezala, hortik abiatuta, 300dik gora argazki aukeratu dira azkenean;kaleak, eraikinak, dendak, tabernak, ogibideak eta jendeak identifikatzen joan gara. Alde Zaharreko bizilagun askok etxeko ateak zabaldu eta oso ondo hartu gaituzte, argazki bila joan garenean”, esan du Mikel Jaureguik.

‘Hondarribiko Hirigune Historikoa - 125 urte argazkitan (1860-1985)’ Arma Plazan egongo da ikusgai azaroaren 13ra arte

Margolari aski ezaguna ere den Javier Sagarzazuk gogora ekarri du nola berak “txikitatik” daukan Hondarribiari buruzko argazki, postal edo arte lanak erosi, bildu eta gordetzeko grin hori. “Ez dakigu zenbat eta zenbat oroitzapen galdu ote diren, etxe aldaketak egiterakoan, zapata kaxa zaharretan gordeta zeuden argazki haiek zaborretara bota izanaren ondoren”, esan zuten lau egileek.

Hala ere, Hirigune Historikoa argazkitan (1860-1985)erakusketa honek lortu du 300dik gora irudi biltzea. “Arma Plaza eraikineko goikaldean, pertsona eta pertsonaiak biltzen dituzten 83 irudi daude ikusgai, eta beste ehundik gora, telebista pantaila batean proiektatuko dira etengabe”, azaldu du Javier Sagarzazuk.

Honetaz gain, Alde Zaharreko txoko desberdinetan (Santa Maria ateaurrean, Kasino Zaharrean, parrokiko albo eta atzeko aldeetan, Apezpiku plazan eta Arma plazan), paneletan jarrita, beste 98 irudi daude, leku hauek izan duten aldaketa eta bilakaeraz gain, bertan egon ziren taberna, denda eta besteak erakutsiz edo han egindako ekitaldiak azalduz.

Ezagutu zure hiria Erakusketa hau azaroaren 13ra arte egongo da Arma Plazan eta Alde Zaharreko kaleetan ikusgai. Aldi berean, Ezagutu zure hiria hitzaldi eta bisita gidatuen programaren aurtengo lehenengo saioa honen inguruan egingo du Arma Plaza Fundazioak.

Hitzaldia, erakusketa prestatu duten lau pertsonek emango dute bihar, 19.00etan hasita, eta larunbatean, 11.00etan abiatuko den kalez-kaleko bisita ere gidatuko dute.

Herramientas de Contenido