Oarsoaldeko eskola kirolean, nesken parte-hartzeak gora

Zortzi eta hamabi urte arteko ikasleen ia erdiak esku hartzen du euskarazko kirol eskaintza anitz honetan

2017(e)ko urriaren 27a, ostirala - 06:11etan eguneratua

Pasaia- Oarsoaldeko eskola kirolaren 2017-18 ikasturteko lehen datuak aurkeztu dituzte aste honetan eskualdeko lau Udaletako Kirol zinegotziek. Aditzera eman zutenez, eskola kirolak handitzen jarraitzen du, baita nesken parte-hartzeak ere, nahiz eta poliki izan. Nesken %31,74k hartzen du parte eskola kirolean. Mutilen artean ehuneko hori %63,10 da, bikoitza.

Datu hauek kontutan hartuta, Oarsoaldean, neska eta mutilen arteko berdintasuna bultzatzen ari dira nesken praktika fisikoa sustatuz eta kirol munduan bere lekua aldarrikatuz.

Bestalde, ikasleen %48,27k egiten du eskola kirola aurten. Zortzi eta hamabi urte arteko 1.328 ikaslek egiten dute eskola kirola Oarsoaldean. Oarsoaldeko ikastetxeetan matrikulatuta dauden adin tarte horretako ikasleak 2.751 dira guztira. Honek erakusten du datu hauen benetako neurria eta garrantzia, ikasleen ia erdiak egiten baitu eskola kirola eskualdean.

124 talde antolatu dira guztira (iaz 134): 67 talde Errenterian, 26 Oiartzunen, 21 Pasaian, eta hamar Lezon. 60 entrenatzaile ardura-tzen dira 124 talde horien saioak gidatzeaz, 17 emakumezko eta 43 gizonezko eta eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten da.

Eskola kirolaren filosofia nagusia kirol aniztasuna da. 8-12 adin-tartean, kirol bat baino gehiago ezagutu eta lantzeko eskaintza onuragarria da neska-mutikoen-tzat. Hainbat kirol ezagutu eta gustukoenak hautatzeko aukera izan behar dute haurrek. - A.M.