Gaur abiatuko dira Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak, Bastidan

Agin Laburu, Igor Elortza, Jon Martin, Jone Uria, Nahikari Gabilondo eta Sustrai Colina lehiatuko dira gaur

Sábado, 28 de Octubre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

iruñea- Bi asteko atsedenaldiaren ondoren, Bertsolari Txapelketa Nagusiak aurrera jarraituko du asteburu honetan. Final laurdenak amaituta, finalaurrekoekin hasiko da txapelketa eta lehen saioa Bastidan izango da gaur.

Agin Laburu, Igor Elortza, Jon Martin, Jone Uria, Nahikari Gabilondo eta Sustrai Colina dira oholtzara igoko diren bertsolariak. Aurkezlea, berriz, Inazio Usarralde izango da. Saioa 17:00etan hasiko da, herriko udal kiroldegian. Saioa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 19an Amurrion jokatuko den bigarren bueltako finalaurrekora. Sarrerak aurrez bukatzen ez badira, gaur bertan leihatilan ere egongo dira eskuragai: 15.00etan zabalduko da leihatila, eta aretoa, 15.30ean.

Saioarekin lotuta, beste bi ekitaldi antolatu dituzte gaur Bastidan, herriko udalak antolatuta. Batetik, 12.00etan herriko plazan Plaza irrintzika emanaldia eskainiko du Eneko Arrate bertsolariak. Horrez gain, ordu berean, inguruko hainbat upategi bisitatu ahalko dituzte Bastidara hurbiltzen diren bertsozaleek.

Hogeita lau bertsolari lehiatuko dira, denetara, finalaurrekoetan: izena eman duten 2013ko sei finalista eta final laurdenetako saioetatik sailkatu diren hemezortzi bertsolari.Bi itzuli izango ditu finalaurreko faseak: lau finalaurreko izango dira lehenengoan eta hiru bigarrenean. Bi saioetako puntuazioak gehitu egingo dira, baina lehen itzulian puntu gutxien lortu duten sei bertsolariek bigarren itzulian kantatzeko aukera galduko dute. Taldeak aldatu egingo dira lehen itzulitik bigarrenera. - M.M.P.