Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

astelehenean joango da

Urkullu lehendakariak bidaia ekonomiko, instituzional eta kulturala egingo du Quebecera

EUROPA PRESS - 2017(e)ko urriaren 28a, larunbata - 11:48etan eguneratua

El lehendakari Urkullu

El lehendakari Urkullu (EFE)

Galería Noticia

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bidaia ekonomiko,  instituzional eta kulturala egingo du Quebecera. Bidaia astelehenean  hasiko da, urriaren 30ean, eta Urkulluk Montreal, Quebec eta Ottawa  bisitatuko ditu eta harreman politikoak, historikoak eta kulturalak  estutuko ditu. Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzak bilerak egingo ditu  Quebeceko agintari eta erakundeekin, enpresa, hezkuntza eta kultura  munduarekin eta euskal kolektibitatearekin.

GASTEIZ. Eusko Jaurlaritzak gogoratu duenez, Quebec "lehentasuneko  bazkidea" da Euskadi-Basque Country 2020 nazioartekotzeko esparru  estrategiaren barruan. Bere kultura eta hizkuntza aniztasunaren  babesagatik, Euskadirekin lotzen duten harremanengatik,  berrikuntzaren aldeko apustuagatik eta aldaketa klimatikoaren  kontrako jarreragatik katalogatu da lehentasuneko bazkide.

Jaurlaritzako lehendakari batek Quebec bisitatzen duen lehen  bidaia ofiziala izango da. Urkullurekin batera, Arantxa Tapia  Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburua eta Marian Elorza  Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izango dira. Urkulluk  legegintzaldi honetan (2016tik aurrera) atzerrira egingo duen  bosgarren irteera izango da. Aurrekoetan, Erroman, Auschwitzen,  Bruselan eta Bogotan izan zen.

"Euskadirentzako zein Quebecentzako aukeren agertoki batean  biltzen da bidaia ofiziala. Aukerak erakunde harremanen arloan, lehen  aldiz bilduko baitira bi gobernuak, eta kulturaren eta ekonomiaren  arloan, CETA akordioa onartu ostean. Gainera, Eskoziak eta Quebecek  legaltasun printzipioa eta printzipio demokratikoa uztartzearen eredu  dira hitzartutako legezko galdeketaren bitartez", azaldu du.

Egonaldian zehar, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak erakunde  harremanak izango ditu Philippe Couillard Quebeceko lehen  ministroarekin eta lankidetza memoranduma sinatuko dute. Horrez gain,  Quebeceko Parlamentuko kideekin bilduko da, baita lehen ministrordea  eta Ekonomia, Berrikuntza eta Zientziako ministroarekin ere.

Bestalde, Urkulluk bi hitzaldi egitea ere aurreikusi da: bat  Montrealeko Nazioarteko Harremanetako Kontseiluan (CORIM) eta bestea  herrialdeko unibertsitate garrantzitsuenetako batean, Laval  Unibertsitatean.
Enpresa topaketei dagokienez, euskal ordezkaritzak berrtatik  bertara ezagutuko ditu nazioartekotutako euskal enpresa batzuk eta  Quebeceko puntako sektoreak. Halaber, IREQ bisitatuko du, nazioarteko  eremuan erreferentziazko energiarekin lotutako I+G institutua.

Era berean, aurreikusita dago Quebeceko euskal erkidegoarekin  biltzea eta euskal bale arrantzaleek inguru horretan utzitako  ondarearekiko hurbilketa egitea, Parcs Canada erakunde federalarekin  akordio bat sinatuta, erakunde horrek kudeatzen baitu Kanadako kultur  eta natura ondarea. Azkenik, Gobernu Federalaren Global Affair  saileko ordezkariekin ere bilera izango du (Kanpo Harremanak,  Nazioarteko Merkataritza eta Lankidetza).

EUSKADI-QUEBEC

Euskadiren eta Quebecen artean "harreman historikoa" dagoela  nabarmendu du Erkorekak, eta harreman hori etorkizunean lankidetza  bide berriak jorratzeko oinarria izan daitekeela ziurtatu du.  Kulturaren arloan, euskal bale arrantzaleak Quebecen finkatu ziren  garaietan hasi zen bi herrien arteko harreman historikoa.

Quebeceko kostaldeko lurraldeetan duela mende batzuetatik izan da  euskal presentzia. Esaterako, Trois Pistoles herrian Euskal  Abenturaren Parkea dago, eta handik kilometro gutxira, Ternua eta  Labrador probintzian, oraindik ere euskaldunen "nazioarteko lehen  ezarpen" handiaren arrastoak daude, balearen arrantza eta industria.  Gaur egun, Montrealeko Euskal Etxeak biltzen du Quebecen bizi den  euskal erkidegoa.

Halaber, azken urteetan harreman estua sortu da ingurumenaren  arloan, batez ere klima aldaketaren arloan. Bestalde, Euskadik zein  Quebecek kanpoan proiektatzeko ikuspegi bera dute, eta etorkizunean  baterako ekintzak gauzatzeko nahia azaldu dute.

Ekonomiaren arloan, berriz, eta CETA behin behinean abian jarri  ostean, "Euskadi Europara sartzeko atea izan daiteke Quebecentzat",  eta, era berean, Quebecek erraztu dezake euskal produktuak Kanadako  eta AEBetako merkatuan sartzea.  

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia