Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Joseba Odriozola | Zestoako Araneta erretegiko jabea

“Txuleta ondo egina baldin badago baina haragia txarra bada, ez du ezertarako balio”

Joseba Odriozola, Zestoako Araneta erretegiko jabea, parrillero onena izendatu berri dute Donostia Gastronomikan, eta “amets bat” bete dela dio zestoarrak

Ane Roteta - 2017(e)ko urriaren 29a, igandea - 06:12etan eguneratua

Joseba Odriozola.

Joseba Odriozola.

Galería Noticia

  • Joseba Odriozola.

Zestoa- 32 urte besterik ez ditu Joseba Odriozola zestoarrak eta duela ia bi urte erretegi bat zabaldu zuen Zestoan, hain zuzen ere, Meaga errepidean. Aranetak oraindik ez ditu bi urte bete, eta Odriozolaren hitzetan, bere jatetxea “oraindik ume bat da”. Baina, gauzak ondo egiten ari dela dirudi, edonork ez baitu lortzen parrillero onenaren saria. Sari hau inolaz ere ez zuen espero zestoarrak, eta amets bat bete dela dio parrillero gazteak.

Parrillero onenaren saria lortu duzu Donostia Gastronomika jaialdian. Nola hartu zenuen albistea?

-Erabat harrituta gelditu nintzen albistea jakitean. Gustura gelditu nintzen egindakoarekin, baina ez nuen inolaz ere espero. Parte har-tzeko deitu zidatenean gustura nengoan iada, eta irabazi nuenean kriston poza hartu nuen. Izan ere, ni ez nator ostalaritza eskola batetik, nik Kaia jatetxeko parrillan ikasi nuen urte betez eta gero nire kasa egin dut dena.

Eta zer suposatzen du zuretzat sari honek?

-Lehen aldiz joatea eta irabaztea niretzat izugarria izan da, amets bat bete da. Poz handia da niretzat, baita Carnicas Goyako Joseanen-tzat ere (berak okela onenaren saria irabazi zuen). Bakoitzak hornitzaile bat eraman behar izaten du, eta nire kasuan, Joseanek erabaki zuen zein haragi eraman eta mimatuta eduki du 40 egunean, beraz, berak nik baino lan gehiago egin zuen. Eraman genuen haragia Poloniako behi batena zen, 9 urtekoa eta frison arrazakoa. Bi urte baino gutxiago ditu Aranetak, oraindik jaioberria da, eta sari hau irabaztea izugarria izan da.

Uste duzu sari honek bultzada bat emango diola erretegiari?

-Bai, oso onuragarria izango dela uste dut. Lehendabizi guretzako, lanean jarraitzeko poza eta ilusioa ematen digulako, eta egindako sakrifizioaren ordaina delako, eta gero, horrenbeste hedabidetan ateratzea beti delako ona, eta gu bezalako jaioberri batentzako oraindik eta hobe.

Zergatik uste duzu irabazi duzula? Zein izan da horretarako sekretua?

-Egur freskoa eramatea erabaki genuen, ez ikatza, egurra baizik. Gure apostua hori izan zen eta ondo atera zen. Batzuk ez dute konfidantza egurrarekin, baina nik konfidantza handia dut, egurra ona baldin bada, haragia hobea atera-tzen baita. Bestalde, lantalde ona osatu genuen Joseanek, Iñakik (nire komertziala) eta nik. Dena ondo antolatuta genuen, haragiaren hautaketatik hasita. Denen artean gauzak ondo egitean emai-tza ona lortzen da eta kasu honetan horrela izan da. Haragia oso ona zen, egurraren zaporea ere bai, denborak ondo kalkulatu genituen, haragi zatiak ondo aukeratuta zeuden eta onenetik onena jarri genuen. Detaile asko daude atzetik. Nik bakarrik ez nuen irabazi, parrillan haragia prestatu baino lehen lan handia egin genuelako taldean.

Noiz hasi zinen parrillan?

-Jatetxe bat irekitzea pentsatu nuenean nonbaitera ikastera joan behar nuela pentsatu nuen, jatetxe handi batera, eta Getariako Kaiara joan nintzen. Igorrek, bertako jabeak, ateak ireki zizkidan eta seme bat bezala eduki zidan. Urtebete egon nintzen eta han ikasi nuen arraina eta txuletak parrillan egiten. Hango parrillero den Peiok ere seme bat bezala hartu ninduen.

Noiz eta nola zabaldu zenuen Araneta?

-Lehen enpresa baten tailerrean ibiltzen nintzen lanean, eta duela lau bat urte hartu nuen erabakia bertebrak izorratuta nituelako. Gastronomia asko gustatu izan zait beti eta pausoa ematea erabaki nuen. Hala, 2015eko abenduaren 6an zabaldu nuen Araneta.

Eta oraindik bi urte bete ez dituen arren, zer moduz doa jatetxea denbora honetan?

-Ondo doa, baina pixkanaka goaz bezeroak egiten eta hobetzen. Gure helburua da etortzen denak errepikatzea, eta horretan hornitzaile onak izatea oso garrantzitsua da.

Zerk bereizten zaituzte beste erretegietatik?

-Hemen parrilla eta burduntzia ditugu, parrillari lehentasuna ematen zaion arren, eta ez da leku askotan egongo arkumea burduntzian, arraina eta txuleta jateko aukera. Nik parrilla handia dut eta lekua daukat horretarako. Gainera, nik uste dut Kaian lan egitea eta bertan ikastea laguntza handia izan dela niretzako.

Zerbait gehiago nahi duzu esan?

-Joseani eskerrak eman behar dizkiot, berak nik adina meritu baitauka. Txuleta ondo egina baldin badago, baina haragia txarra bada ez du ezertarako balio. Nik, azken finean, joan eta sukaldatu egin dut, baina berak nik baino gehiago zaindu du haragia, eta biok irabazi dugu saria. Sariagatik mezu eta dei pila bat jaso ditut eta oraindik ere jendea zoriontzen ari zait eta oso pozik nago.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txokoa. Getaria.

Paisaia idiliko bat. Ertxiña mendiko gurutzetik Zestoa ikustea asko gustatzen zait.

Mendi bat. Urbia izugarria da, leku ederra da. Mendi gutxik eskaintzen dute horrenbeste aukera.

Hondartza bat. Getariakoa.

Festa edo ospakizun bat. Zestoako Zoroperi Eguna, herriko festarik onenetakoa da eta.

Herramientas de Contenido