Urretxu-Zumarraga ikastolak eraikin berria inauguratu du

Haur Hezkuntzako instalazioak, idazkaritza eta sarrera bertan kokatu dituzte

Asier Zaldua - 2017(e)ko urriaren 29a, igandea - 06:11etan eguneratua

Gurasoak eta ikasleak, eraikin berrian.

Gurasoak eta ikasleak, eraikin berrian.

Galería Noticia

Gurasoak eta ikasleak, eraikin berrian.

urretxu- Ostiral arratsaldean Urretxu-Zumarraga ikastolaren eraikin berria inauguratu zuten. Bertan, Haur Hezkuntza, idazkaritza eta sarrera kokatu dituzte. Ikastolak konfiantzaren pedagogia eredu pedagogikoa ezarri du eta eraikin berriak eredu horren beharrei erantzuten die: espazio irekiak eta argitasuna dira nagusi.

Inaugurazio ekitaldian, Nerea Artola Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak, Jon Luqui Urretxuko alkateak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Montse Alkorta ikastolako zuzendariak parte hartu zuten.

Ikastolako ikasle batzuk aurreskua dantzatu zuten eta ondoren alkateek eraikin berriaren aurrean landatutako bi zuhai-tzei lurra bota zieten. Bata hurri-tza da eta bestea zumarra: bi herriei izena ematen dieten zuhaitzak.

Alkortak eraikin berria lortzeko gogor lan egin dutela gogoratu zuen. “Zenbat aldiz amestu dugun gaurko egunarekin. Ikastolak eta ikastola osatzen dugun ikasle, familia eta langileek eraikin duin bat behar genuen. Merezi genuen. Bidea oso luzea izan da, zaila, oztopoz betea, baina gaur, hemen, lorpen handia dugu zuekin partekatzeko”.

Urretxu-Zumarraga ikastolak bi zuhaitz landatu ditu eraikin berriaren aurrean: hurritz bat eta zumar bat

Eraikin modernoa Ikastolak konfiantzaren pedagogia eredu pedagogikoa ezarri du eta eraikina eredu hau garatzeko prestatua dago. “Eraikin hau XXI. mendeko hezkuntzaren beharrei erantzuteko prestatu dugu. Espazio modernoak, irekiak, lasaiak, ikasleen arteko harremana berma-tzeko”. Bukatzeko, ikastolaren sorreran laguntza eskaini zuten pasiotarrei, bi udalei, gainontzeko ikastolei, familiei eta ikastolako langileei eskerrak eman zizkien.

Luquik aurreko hiru alkateek ere beraien aletxoa jarri zutela gogoratu zuen eta ikusleen artean zegoen Unai Badiola zinegotziak egindako lana ere aipatu zuen.

Ikastolak udalen babesa merezi duela gehitu zuen. “Euskara duzue oinarri eta euskara dugun altxorrik handiena da. Urretxu eta Zumarragako haurrak hezitzen ari zarete, euskaldun eta pertsona bezala, eta gure babesa merezi duzue”.

Serranok ikastolaren baloreak azpimarratu zituen eta ikastetxearen lehen urteetan beraien seme-alabak ikastolara bidali zituzten etorkinak gogoratu zituen. “Kanpotik etorri eta beraien seme-alabak ikastolara bidali zituztenek gure aitortza merezi dute. Ez zekiten euskaraz, baina beraien seme-alabak euskaldunak izatea nahi zuten”.

Artola izan zen hitza hartzen azkena. Eraikin “eraldatzailea” dela esan zuen. “Espazioak eraldatu dituzue, eredu pedagogiko berritzailearen zerbitzura jartzeko. Baina zer da hain modan dagoen eraldaketa terminoaren atzean dagoena? Finean, oinarrietara bueltatzea proposatzen digu ariketa honek. Goxotasunera, mugimendu askera, norberaren iri-tziak plazaratzeko espaziora eta jakintza elkarbanatzera. Hemen egin duzuen eraldaketa honek ikaslea jartzen du erdigunean”.

Urretxu-Zumarraga ikastolak bi herrien euskalduntzean eta herrigintzan egindako lana azpimarratu zuen eta ikastolek gizarte justuagoa eta zoriontsuagoa lortzeko lan egiten dutela gogoratu zuen.