Goitik behera nagusi izan da Maialen Lujanbio Irungo saioan

Aitor Sarriegik ere lan dotorea egin du txapelketako bigarren finalaurrekoan

Dabi Piedra - 2017(e)ko azaroaren 2a, osteguna - 06:11etan eguneratua

Maialen Lujanbio, atzo garaile, saioan. Argazkiak: Iker Azurmendi

Maialen Lujanbio, atzo garaile, saioan. Argazkiak: Iker Azurmendi

Galería Noticia

Maialen Lujanbio, atzo garaile, saioan. Argazkiak: Iker AzurmendiJendeak gozatzeko aukera izan zuen Artalekun.Unai Agirre bertsotan, Lujanbio begira duela.

irun- Txaloa jotzeko gogoz joan zen publikoa Irungo Artaleku kiroldegira, Domu Santu egunez Txapelketa Nagusiko saioa antolatzea ezohikoa den arren, eta gustura geratu ziren. Bereziki Maialen Lujanbiok jaso zuen harmailetan bildutako 2.260 entzuleen beroa, baita epaileena ere, 750 puntu eman baitzizkioten. Egundoko kopurua da hori, 2017ko txapelketan orain arteko oparoena alde handiz.

Finalaurrekoetako bigarren itzulirako, beraz, ondo kokatuta helduko da Lujanbio. Baita Aitor Sarriegi ere, 705 puntu bilduta. Ale ederrak utzi zituen beasaindarrak, bereziki bakarka. Hirugarren lekua Unai Agirrerentzat izan zen, bizi eta zorrotz aritu baitzen, bakarkako txukuna ahaztu gabe. Nolanahi ere, puntuetan nabarmen atzerago geratu zen Agirre (667,5). Alaia Martin (651), bestetik, gaiekin zalantzatsu aritu zen zenbaitetan, baina asmatu zuen ideia politak josten.

Maddalen Arzallus, aldiz, hurrengo saioetako puntuazioen zain dago, Irungo 634,5 puntuek bigarren itzulitik kanpo utz baitezakete. Ale dotoreak bota zituen lapurtarrak, baina beste ariketa batzuetan ilun samar aritu izanak puntuak kendu zizkion. Aimar Karrika ia aukerarik gabe dago (605), gainerakoen mailatik zertxobait beherago aritu zen, baina amore eman gabe, ausardiaz kantatu zuen.

Zortziko handian Aitor Sarriegi eta Alaia Martinen ofizioa nabarmendu zen, suteei aurre egin behar zieten basozainen ahotik. “Ta bitartean suak pizturik, daramatza hamar egun/ Nere kezka da ondorengoei zer utzi behar diegun”, borobildu zuen bere lana Sarriegik. Zortziko txikian ere, beasaindarra protagonista, Lujanbiorekin. Bizilagunak ziren biak eta Sarriegi beti joaten zitzaion auzokoari gauza eske. “Ez zaizu ba gustatzen zuri Mercadona/ Hementxe daukazu ta merkea ta ona”, bota zion Lujanbiok. Kolpetik kolpera, bikaina joan zen ofizioa.

Sei puntuko motzean, bertso ba-tzuk entzun ahal izan ziren, adibidez Lujanbiorenak, altzariak jaso-tzen dituen langilearen azaletik. Agirre ere zorrotz, epaituaren ahotik. Epaiketan euskaraz esandakoak gaizki itzultzen zizkion interpreteak, eta Agirrek kezka: “Dena honen esku utzi ezkero kartzelara goaz”, amaitu zuen lehenengo bertsoa eta, erdaraz deklaratzeko beharraz, hauxe: “Kezka bat dabilkit hala/ Nik kastillanoz harek euskaraz aina dakidala”.

Kartzelakoan gai hau eman zien Maite Berriozabal gai-jartzaileak: “Dena ondo zihoan, argia piztu den arte”. Gehienek sexua, zalantzak eta konplexuak uztartu zituzten. Lujanbiok bertsoaldi bikaina egin zuen, hasi eta buka. Ez gizon eta ez andre ez den pertsona baten larrutik abestuta, sentsibilitatez zein indarrez jardun zen. Sarriegik azken puntuetan irauli zuen ordura arte grina biziko sexu-jarduna zena, argia piztu, ama bertan dela ohartu eta en-tzule guztiak barrez lehertzen jarrita. Hainbeste puntu batu ez arren, Arzallusen bakarkakoa ere aipa-tzekoa da, istorio bat eraiki beharrean, gogoetaren bidea hartu zuelako, fin.

hurrengo saioaMaialen Lujanbio “pozik” zen amaieran, txapelketako aurreneko saioaren trantzea ederki pasa baitzuen. “Uste baino lasaiago egon naiz, baina estu ere bai, txapelketak berezkoa du hori”. Batez ere, zortziko txikian eta bakarkakoan sentitu zuen bere burua gustura. Txapelketako hurrengo saioa larunbatean izango da, Maule-Lextarren.

Últimas Noticias Multimedia