Usurbilek Alejandro Tapia omenduko du

Bihar 19.00etan Sutegiko aretoan margogileak bereziki maite zituen lanekin erakusketa zabalduko da

2017(e)ko azaroaren 2a, osteguna - 06:11etan eguneratua

Usurbil- Usurbilgo Udalak eta Noaua! kultur elkarteak Alejandro Tapia margogilea omenduko dute bihar 19.00etan, Sutegi auditorioan. Tapia 2016ko abenduaren 24ean zendu zen.

Ekitaldi horretan, Usurbilgo alkate Xabier Arregiz gain, Oreka TX-k, Antton Olariagak, Amaia Zubiriak eta Andu Lertxundik parte hartuko dute, besteak beste.

Horren ondoren, Aginagako artistak bereziki maite zituen lanak izango dira ikusgai erakusketa batean Sutegi erakusketa aretoan, bihartik azaroaren 12ra arte zabalik egongo dena.

Erakusketa bihar 18.00etatik 20.00etara bisitatu ahalko da, baina inaugurazio ekitaldia 19.00etan izango da. Asteburuetan, hau da, azaroaren 4, 5, 11 eta 12an, goiz eta arratsaldez egongo da zabalik, 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.00etara. Azaroaren 8, 9 eta 10ean arratsaldez soilik irekiko da, 18.00etatik 20.00etara.

Honela, Usurbilek Tapiari emandako guztia eskertuko dio. - A.M.