Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Baserriko onena saritu dute arantzan

Serorenbordako gazta eta Simoneko aharia garaile

Baserritarraren Egunaren 22. edizioan 27 salmenta postu jarri zituzten Arantzako frontoian

Aitor Arotzena - Viernes, 3 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Gazta lehiaketako saridunak, Ekaitza elkarteko ordezkariekin.

Gazta lehiaketako saridunak, Ekaitza elkarteko ordezkariekin. (AITOR AROTZENA)

Galería Noticia

arantza - Ekaitza Elkarteak antolaturiko XXII. Baserritarren egunean jende aunitz ibili zen Santu Guztien Egunean. Eguraldi ederra lagun, harrera bikaina izan zuen, honez gero herrian errotua dagoen ekimenak. Urtero bezala, frontoian eta plazan, herritarren aziendak, eskulanak, tresneriaz, elikagaiak eta edariak ziren nagusi. Herritarren 27 salmenta eta erakusketa postu ikusi zitezkeen.

Bertako baratzetako barazkiez, eskulanez eta tresneriaz hornitutako erakusketa postuak frontoian kokatu ziren: Felix Apezetxea, Larrainekoborda, Margari eta Enkarna, Mentxu Peña, Pittikoborda, Olaberri eta Tuanekobordak parte hartu zuten. Frontoi sarreran berriz, hainbat herritarrek ekarritako aziendak zeuden: Goiko Egusuta, Larrainekoborda, Simonea, Irulegiko Fermin eta Seberiano Indakoetxearen aziendak.

Herriko produktuak etxera eramateko intentzioarekin ere, bertako produktuen zale aunitz ere hurbildu zen.

Barazkiak, zerrikiak, eskulanak, taloak, egutegiak, kamisetak... denetarik zegoen salmenta postu etan: Arantzako Eskola, Gazte Asanblada, Guraso Elkartea, Toki Ona institutua, Pabloenea, Pittikoborda, Senberro, Ilargi okindegia, Landondo, Maritxu Larretxea, Mikel Leiza, Ixabel Lukanbio, Maixe Oskoz eta Txanek paratutako postuak izan ziren. Bertzalde, urtero bezala, ostatuan edatekoak eta pintxoak eskaini ziren. Aurten eskola eta Pelle-Ttikiren alde izan zen, eskolako jarduerak eta haur txokoaren proiektua laguntzeko. Goiza girotzeko, herriko trikitilari eta panderojoleek ere, saio ederrak egin zituzten.

Gazta lehiaketan, 6 gazta aurkeztu ziren: Serorenbordako Margari Madariaga, lehenbiziko saria eskuratu zuen (60 euro); bigarren saria Otsarrako Mari Jose Larretxeak (40 euro) eta hirugarren, Laraburukobordako Esther Elizondoren gazta (20 euro) sailkatu ziren. Epaimahaian, Beatriz Taberna, Gregorio Mitxelena, Xatur Larralde, Mentxu Peña, Andoni Zulaika eta Leire Mitxelena aritu ziren.

Ahari lehiaketan, lehenbiziko saria Simoneko Xabier Iturriak (50 euro) eta bigarren saria berriz, Exkerrenbordako Julio Lukanbiok (25 euro) eraman zituzten.

Bertako produktuez osaturiko zarearen zozketan, Sonia Iturria izan zen sariduna.

Udazkeneko kulturaldia Arantzako Euskara Batzordeak antolaturiko kultur egunak ere arrakastatsuak izan dira. Joan den larunbatean, Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez kantari eta musikarien eskutik izaniko Baga, Biga, Higa emanadi interesgarrian, eskolako jimnasioa ttiki gelditu zen. Igandean berriz, Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktore ezagunek, Putinen guardasola antzezlana eskaini zuten leku berean.

Antzerkiaren aitzinetik, Ekaitza Elkartean, helduentzako mus txapelketa eta gaztetxoentzako partxis lehiaketa izan ziren. Musean txapeldunak Imanol Mitxelena eta Dani Iparragirre izan ziren; eta azpitxapeldunak, Jon Alzuri eta Iñaki Gamon.

Partxisean, Xuban Taberna eta Enaut San Juan lehengusuek irabazi zuten eta azpitxapeldun Ane Larralde eta Irati Azpiroz gelditu ziren.

Azaroaren 1ean Ameli ipuin kontalariaren saioa ere izan zen eta guraso elkarteak emaniko berenduarekin agurtu zituzten kultur egunak.

azoka

27 postu. Frontoian hedatuak 27 erakusketa eta salmenta postu jarri zituzten eta denetarik eros zitekeen. Guraso Elkarteak ostatuko jan-edariak ez ezik, egutegia ere salgai jarri zuen, eskola eta Pelle-Ttikiren alde.

gaztak

6

gazta bakarrik aurkeztu ziren lehiaketara, azken urteko kopururik ttikiena. Serorenborda, Otsarra eta Laraburukobordakoak saritu zituzten.

Herramientas de Contenido