Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Erripan gora

30. denboraldia

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 5 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

urralburu zen gobernuburu. Gomara, parlamentuburu. Chourraut, Iruñeko alkate. Roldanek utzia zuen ordurako gobernu ordezkaritza guardia zibilaren buru izateko. PSOEk 15 jarleku zituen parlamentuan;UPNk 14;HBk, 7;EAk eta CDSk, 4na;UDFek, 3;APk, 2;eta EEk, 1. Haritschelhar zen euskaltzainburu, Aita Villasanteren lekukoa hartuta. Pleistozenoko kontuak dirudite. Artean, konparazio batera, Mendillorri Eguesibarko herrixka bat zen, jendez hustua;egungo etxe sailen ordez, galsoroak zeuden nonahi. Zunzarren auto-eskolak hantxe zeukan bere praktika-zelaia errepide ondoan, gidatzen ikasteko. Parean, Kaikurena edo Kaiku etxalde ospetsua zegoen. Bulegoetako mahaietan, idazmakinak nagusi;telefono guztiak, kabledunak;sakelakorik batere ez. Osasunak Pedro Mari Zabalza zuen entrenatzaile, eta haren agindupean, han zebiltzan, bertzeak bertze, Roberto, Castañeda, Martin Gonzalez, Bustingorri, Pizo, Ripodas, Sola, Ziganda… Azaroko lehen partidan 2 gol sartu zizkion Osasunak Atlético Madrid taldeari Sadarren. Pizo eta Ripodas izan ziren golegile. Norgehiagoka hura 1988ko azaroaren 6an jokatu zen, igandearekin, arratsaldeko 5etan, ohi zenez, futbol partida gehienak bezala, artean ez baitzegoen telebista pribaturik. Biharamunean, arratsaldeko seietan, “arratsalde on” erran zuen kazetari-esatari gazte baina eskarmentu handiko batek uhinetan, “zuekin Iruñeko Euskalerria Irratia, Irrintzi dorretik zuzenean”, Mikel Bujandaren ondoan Jose Mari Satrustegi euskaltzaina, eta Pello Lizarralde eta Mikel Taberna idazleak zeudela. Harrezkeroztik, bi efemeride gogoratzen dira, urtero, azaroaren 7an: bata, Xalbadorren heriotza, bihotzekoak jota hila, Urepelen bere omenaldi egunean, 1976an, eta bertzea, Euskalerria Irratia irratsaioak aireratzen hasi izana, 1988an. Horra, beraz, Iruñeko euskarazko irratiaren 30. denboraldia.

Herramientas de Contenido