Berdintasunarekin bat egin dute Zarauzko gizonek

Atzo landutako manifestuari atxikitzeko aukera izango dute orain zarauztarrek

Ane Roteta - 2017(e)ko azaroaren 9a, osteguna - 06:11etan eguneratua

Manifestua landu zuen taldea Udaleko ordezkariekin, berdintasunaren aldeko autobus ibiltariaren parean.

Manifestua landu zuen taldea Udaleko ordezkariekin, berdintasunaren aldeko autobus ibiltariaren parean.

Galería Noticia

Manifestua landu zuen taldea Udaleko ordezkariekin, berdintasunaren aldeko autobus ibiltariaren parean.

Zarautz- Datorren azaroaren 25ean Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen denez, Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak ekimen berri bat jarri du martxan, eta atzo bertan Zarauzko gizonezko talde batek berdintasunaren aldeko manifestu bat landu zuen Zarautzen izan zen Emakunderen XIV. Berdintasun Guneko autobus ibiltarian. Ekimena Emakunderen Berdintasun Foroaren baitan kokatzen da eta Emakunderen barruan dagoen Gizonduz taldearekin koordinatu zuten lanketa.

Arlo desberdinetako gizonezko zarauztar talde batek bat egin zuen atzo emakumeekin, besteak beste, hezkuntza, kirola, kultura eta musikaren munduarekin lotura dutenak, eta manifestua elkarrekin landu ondoren publiko egin zuten idatzia. “Eskerrak eman nahi dizkiegu gizon zarauztar hauei gure deiari erantzuteagatik eta beraien denbora eskain-tzeagatik, balorean jartzen dugu benetan. Guztion ekarpenak, ikuspuntu desberdinetatik, oso balio-tsuak dira helburu berbera baitute;hau da, berdintasuna lortzea eta indarkeriarekin amaitzea”, azaldu zuen dokumentua aurkeztu baino lehen Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak.

Zentzu horretan, gizonezkoak emakumeekin bat egitea oso garrantzitsua dela iritzi zuen zinegotziak: “Emakumezkoak ez ezik, gizonezkoek ere argi eta garbi, eta publikoki, esan behar dute emakumeen kontrako indarkeriarik ez dutela onartzen, baita eskubide eta behar berberak ditugula ere. Indarkeriarekin amaitzeko, gizonezkoak emakumeen ondoan egotea eta emakumeekin batera lan egitea beharrezkoa dela azpimarratu nahi dut”.

Gu ere bai izenburua duen adostutako manifestuak dioenez, “indarkeria matxista egunero, kontziente edo inkontzienteki, elikatzen duten balore, jarrerak eta ekintzak topatzen ditugu. Bide horretan, gure kezkak eta proposamenak adierazteko honako gai hauek identifikatu ditugu: umore sexista, hizkuntza sexista, mespretzua, botere harremanak eta pribilejioak, egunerokotasunean gertatzen diren desorekak, mota guztietako indarkeriak, beldurraren kultura, zaintzekiko ardura falta, maitasun erromantikoa, errespetuz faltako sexualitatea, biktimak ez sinistea...”. Amaitzeko, Zarauzko gizonei gogoetarako gonbidapena luzatzen diete, gizarte ”berdinzaleagoa eta hobea” lor dezagun.

Parekidetasun zinegotziak jakitera eman zuenez, aurrerantzean gizonezko zarauztar guztiek izango dute manifestuari atxikitzeko aukera, eta atxikimendua sinatzera gonbidatu zituen Vazquezek gizon zarauztarrak. Horretarako, Parekidetasun sailaren blogera jo beharko dute interesa dutenek.