Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Izan Kantuz erronka gaur hasiko dute Zaldibian

Munduko errekorren zerrendan sartu nahi dute 26 orduan, etenik gabe, kantuan arituz

M. Aranburu - 2017(e)ko azaroaren 10a, ostirala - 06:11etan eguneratua

Zaldibian Izan Kantuz erronkan parte hartuko dutenetako batzuk.

Zaldibian Izan Kantuz erronkan parte hartuko dutenetako batzuk. (zaldibia.org)

Galería Noticia

  • Zaldibian Izan Kantuz erronkan parte hartuko dutenetako batzuk.

zaldibia- Munduko errekor berri bat jartzeko zorian daude Zaldibian, izan ere, gaur arratsaldeko 18.00-etan hasi eta biharko 20.00ak arte kantuan arituko dira herritarrak, etenik gabe. Izan Kantuz deitzen da erronka, eta horrela, 26 orduan isildu gabe ehunka abesti kantatuz ariko dira zaldibiarrak. Txandaka, eta gehienez hiru laguneko taldeetan izena emanda, Herri Antzokiko oholtzara igoko dira herritarrak eta bertan egingo dute kantaldi luzea.

Errekorren zerrenda horretan sar-tzeko asmoarekin, Zaldibiako elkarte, talde eta eragile ugari izango dira ekimenean parte hartuko dutenak, eta guztira, 300 lagunetik gora elkartuko dira desafio honi aurre egiteko. Horrez gain, herritarrak ez ezik, kantari eta musikari ospetsuak ere gonbidatu dituzte;besteak beste, Jon Urdangarin, Xabier Saldias, Zuriñe Hidalgo Mikel Markez, Naroa Gain-tza, Porrotx, Miren Fernandez eta Gureran taldeko kideak.

Kantatuko dituzten abestiak, bestalde, 400 piezako zerrenda batetik aukeratu ditu bakoitzak, eta ordutegi jakina izango dute. Gainera, Zaldibiara gerturatu ezin dutenen zuzenean jarraitzeko aukera ere izango dute, streaming bidez.

egun osoko festaKantua izango da protagonista 26 orduan eta Herri Antzokiko oholtzan abestuko dutenez, nahi duenak inguratu ahalko du saioa ikustera. Hala ere, kanpoaldean ere karpa handi bat jarriko dute eta han taberna, sukalde zerbitzua, eta otordu bereziak izango dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sukaldea zein taberna irekita egongo dira desafioak irauten duen bitartean, eta goizean ere gosari bereziak banatuko dituzte. Horrez gain, bihar 14.00etan herri bazkaria jarriko dute eta txartelak bertako tabernetan erosi ahal dira.

Gauzak horrela, 17.00etan hasiko dute festa, gaur. Herritarrak Zaldibiako plazatik kalejiran abiatuko dira txistularien gidaritzapean Herri Antzokira. Bertan, Izan Kantuz erronkari hasiera emateko ekitaldia egingo dute lehenik, eta 18.00etan emango diote hasiera erronkari.

Zaldibia.org herri atarian ikus daiteke egunotako egitarau osoa eta baita zeinek zein ordutan kantatuko duen ere. Esaterako, Porrotxen kantuak 18.30etik aurrera entzun ahalko dira, 18.45ean Alaitz eta Maider talde ezaguneko Maider Zabalegi abeslaria izango da taula gainera igoko dena, 20.00ak inguruan Mikel Markez, 23.00etatik aurrera Abarlotz Olano abeslari zaldibiarra, 1.00ak aldera Naroa Gaintza eta 2.00ak inguruan Gureran taldeko Manex Mendizabal. Musika kalera ere irtengo da eta Kantu-jirako Ordiziako, Beasaingo, Andoaingo eta Plentziako taldeak ere Zaldibian izango dira bertako kaleetan barrena eta baita Zarauzko Montetxio eta Lasarteko Xumela koruak ere.

ziurtagiriaErrekorra Official World Record erakundeak zilegiztatuko du, hala lortzen bada behintzat. Izan Kantuz egitasmoak datorren urteetan ere jarraitzea nahi dute zaldibiarrek, eta horregatik, 2018rako beste herri batek lekukoa hartzea da asmoa. Hori sinbolizatzeko asmoz, Santi Ormaetxea zaldibiarrak zurezko ikurra sortu du eta erronkak aurrera jarraitzen badu, txanda emateko erabiliko dute.

Herramientas de Contenido