Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Altsasuko eta Tafallako DBH-ko ikasleek eta beren aitona-amonek ingurumenari buruzko esperimentuak egin dituzte NUP-en

Natura-ingurunearen zientzien eta nekazaritza-ekoizpenaren ikertzaile batzuek lantegi bat egin dute Iñigo Aritza eta Garcés de los Fayos ikastolekin

unavarra.es - Lunes, 13 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 14:06h

Altsasuko Iñigo Aritza eta Tafallako Garcés de los Fayos ikastoletako DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) hogei bat ikaslek landareen fotosintesiari buruzko lantegi bat egin dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), beste hogeiren bat helduekin (haien aitona-amonekin). Gainera, Unibertsitateko laborategiak eta instalazioak bisitatu dituzte, eta horrela, ikertzaileen lana nolakoa den hobeki ezagutu ahal izan dute. “Aitona/Amonarekin Unibertsitatera” izeneko euskarazko ekimena Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren XVII. Asterako Unibertsitateak, Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren (FECYT) - Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren laguntzaz, antolatutako jardueretako bat da. Jarduera nagusiak balio izan du ikasleak eta berekin zetozenak ikerketan ari diren pertsonen tokian jar daitezen.

Unibertsitateko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko lau ikertzailek antolatu dute jarduera hori (Joseba Aldasoro Galán, Miriam Gil Monreal, Estibaliz Larrainzar Rodríguez eta Amaia Seminario Huarriz). Javier Peralta de Andrés (Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakaslea) herbarioaren zaindaria, Agraria Noelia Gorría Sanz, Itsaso Ibáñez Elosua eta Amaia Redín Iroz Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko irakasleak eta José Irigarai Gil Praktiketarako eta Nekazaritzako Ikerketarako Etxaldeko teknikaria arduratu dira instalazioetara eta laborategietara egin diren bisitak antolatzeaz.Praktikak laborategian

Lehen partean, helduek eta DBHko 4. ikasmailako ikasleek landare batzuk (ilarra, artoa, garagarra, aza morea eta ziazerba) erabili dituzte fotosintesia aztertzeko. Fotosintesia hostoetan gertatzen da: klorofilak, eguzki-argia harrapatzen duen landare-pigmentu nagusiak, eta hostoek xurgatutako karbono dioxidoak azukreak produzitzen dituzte, eta horixe da, hain zuzen, haien elikagaiaren oinarri nagusia. Prozesuaren aldi horretan, oxigenoa ere ekoizten da, eta hostoek askatzen dute. Parte-hartzaileek, Natura Ingurunearen Zientzien Saileko ikertzaileek lagunduta, zenbait esperimentu egin dituzte Landare Fisiologiako Laborategian: likido-kromatografia, landareetako pigmentuak bereizteko;kloroplastoak eta estomak mikroskopioarekin behatu;almidoia (landareen erreserba-konposatu bat) tindatu;eta fotosintesia neurtu. Landare Fisiologiako Laborategian egindako esperimentuak amaitu eta gero, Unibertsitateko herbarioa ikustera joan dira. Herbarioak 12.500 orri ditu, eta horietan 3.000 taxon inguru biltzen dira (gehienak Nafarroako florakoak).

Intsektuen ziklo biologikoa

Geroago, Nekazaritzako Ekoizpeneko Sailari atxikiriko Nekazaritzako Entomologiako Laborategian, helduek eta gazteek intsektuen ziklo biologikoaren azterketan sakondu dute. Prozesu honetan intsektuek metamorfosia pairatzen dute, heldu bihurtu arte. Bukatzeko, Unibertsitatearen Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren (NIGMET) Praktiketarako eta Nekazaritzako Ikerketarako Etxaldean, bisita gidatua egin dute, Iruñeko Arrosadiko campusean. Unibertsitateko instalazio honek 20 hektarea baino zabalago diren labore lursailak eta lorategiak ditu. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren XVI. Asterako antolatutako jardueren egitaraua Kultura Zientifikoaren Unitatearen webgunean dago kontsultagai, eta Nafarroako Foru Erkidegoan egingo direnena, berriz, Zientziaren Adiskideen Klubaren webgunean. NUPeko jarduerek Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa (FECYT) – Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren finantzabidea eduki du.

Herramientas de Contenido