Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Ekhi Lopetegi delorean

“Laboak zuen alderdi esperimentalak utzi zigun bion arteko zubia eraikitzen”

Mikel Laboaren omenezko diskoa kaleratuko du gaur Delorean talde zarauztarrak, musikari donostiarraren ahotsa eta musika moldatuz eta berreraikiz sortutakoa

Miércoles, 15 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:12h

BIMEko kontzertuko une bat, urriaren bukaeran.

BIMEko kontzertuko une bat, urriaren bukaeran. (Oskar González)

Galería Noticia

  • BIMEko kontzertuko une bat, urriaren bukaeran.
  • Ekhi Lopetegi.

Donostia- Aurrerapen moduan kanta pare bat eskuragarri jarri dituzte azken asteotan Delorean taldekoek Sarean eta kontzertu batzuk ere eskaini dituzte, baina gaur jarriko dute salgai Elkarren eskutik haien azken diskoa, berezia eta orain artean egindako lanarekin alderatuta desberdina: Mikel Laboa.

Nola sortu zen lan hau?

-Enkargua jaso genuen 2014an, Adarra saria eman behar ziotela Laboari eta haren abestien moldaketa egiteko. Konturatu ginen 45 minutu bageneuzkala konposatuta, baina orduan ez geneukan buruan disko modura argitaratzerik. Gero Arriaga antzokian ere kontzertu bat eman genuen eta beste hamabost minutu gehiago grabatu genituen... Hilabete batzuk libre izan genituenean elkarrekin hitz egin genuen eta naturalki atera zitzaigun: pena bat zen lan hori ordenagailuan gelditzea, grabatzea eta disko bat egitea erabaki genuen.

Victoria Eugenian eta Arriagan ez ezik, urriaren amaieran Bilboko BIME festibalean ere aurkeztu zenuten lan hau. Nolako harrera izan du?

-Oso harrera ona. Arriaga eta Victoria Eugenia antzokiak dira, oso formatu aproposa errepertorio horrenzat, baina BIME festibal bat da eta ez geneukan ideia argirik jendeak nola hartuko zuen. Eta asko gustatu zi-tzaien. Kontzertuan daramagun eszenatokiaren disenu guztia ere berria egin dugu disko honetarako eta oso ikusgarria da, horrek ere lagundu egin du. Jendeak Mikel Laboaren abestiak ezagutzen ditu, gu ezagutzen gaitu, eta Bilboko jendearekin fidatzen baldin bagara, behintzat, emaitza oso ona izan da.

Publikoa ere desberdina izango zen Victoria Eugenian eta Arriagan, agian Laboak berak erakarrita. Baina BIMEkoa zuen publikoa zen, ezta?

-Guztiz. Victoria Eugenian jo genuenean Marisolek (Bastida), Mikel Laboaren emazteak, esan zigun asko gustatu zitzaiola. Horrek lasaitu egin gintuen. Baina esan zigun baita ere bazegoela jendea oso pozik ez zegoena, eta beste gauza bat gehitu zuen: hori jendea aspertzea edo indiferente uztea baino hobea zela. Egia da Victoria Eugeniako ikus-entzuleak desberdinak zirela, BIMEko publikoa gazteagoa zen, baina haiek ere ezagutzen zuten Laboa, abesti famatuenak gutxienez bai, eta txaloekin fidatzen baldin bagara, oso harrera ona izan zuen lanak.

Hasiera batean badirudi Laboaren eta zuen musikak oso modu naturalean behintzat ez dutela bat egiten, baina biak uztartzea lortu duzue.

-Hasieran desafio moduan hartu genuen, ez genekien nola sartu Mikel Laboaren musikan, lotura ez genuen ikusten. Lan dezente egin genuen eta Laboak zuen alderdi esperimental horrek animatu gintuen eta utzi zigun zubi hori eraikitzen, bion arteko eremu komun moduko bat lortu genuen.

Printzipioz, Laboa ez dirudi zuen influentzia zuzena denik.

-Euskal Herriko beste edozein pertsonak bezala, etxean, familiako bazkari eta afarietan, kalean, lagunekin entzun dugu Laboa... Gitarra jotzen ere haren abesti batzuk jotzen ikasi genuen. Airean zegoen. Baina proiektu honekin Mikel Laboa esperimentala ezagutu dugu. Alderdi hori oso azkar ahazten du jendeak eta hori aldarrikatu behar dela uste dugu.

Nazioartean aritzen zarete lanean;Laboaren omenezko lan hau etxera buelta moduko bat al da?

-Egia esan haren musika berriz en-tzunda eta ikertuta, Lekeitioak entzunda, ez dut uste hau bueltako bidaia denik, guztiz kontrakoa: egia da Laboa musikari euskalduna dena, baina lehengoa baino bidaia berri zoroago bat hasi dugula uste dut. Bueltako bidaiaren irudia ez zaigu gustatzen, nahiago dugu aurrera begira egotea.

Zuzenean aurkeztuko duzue lan hau?

-Bai. Hernanin joko dugu abenduaren 15ean, diska kalean egonda Euskal Herrian egingo dugun lehen kontzertua izango da. Gero Estatu mailan ere hasi gara kontzertuak egiteko hitz egiten. 2017 eta batez ere 2018 urtea Mikel Laboari eskainiko diogu.

Haren ahotsa hemendik kanpo en-tzungo da, beraz.

-Bai, guztiz. Katalunian jada jo genuen, Mataróko poesia festibal batean, eta ongi joan zen, jendeari gustatu zitzaion. Orain jende gehiagori Laboaren lan hau deskubritzen laguntzea nahiko genuke.

Herramientas de Contenido

Más sobre Cultura y Ocio

ir a Cultura y Ocio »