Sareuskaren Mintzodromoa Lesakan izanen da abenduan

Euskararen Egunaren harira laugarren edizioa hartuko du Harriondoak

Aitor Arotzena - Miércoles, 15 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Mintzodromoaren aurkezpenean parte hartu zuten ordezkariak.

Mintzodromoaren aurkezpenean parte hartu zuten ordezkariak. (AITOR AROTZENA)

Galería Noticia

Mintzodromoaren aurkezpenean parte hartu zuten ordezkariak.

lesaka- 2014ko irailaren 19an Hego Lapurdiko Hiriguneak (orain Euskal Elkargoko Hego Lapurdi lurralde eremua denak), Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Bidaso Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak Sareuska, euskararen sarea sortu zuten. Sareuska egitasmoaren xede nagusia Bidasoaz bi aldeetako eskualdeetan euskararen erabilera bultzatzea eta dinamizatzea da. Helburua lantzearren 2017. urtera bitarteko plangintza garatu dute eta Mintzodromoa, bertan kokatzen den egitasmoetariko bat da. Aurten ere Sareuska egitasmoaren baitan Mintzodromoa antolatu da Euskararen Nazioarteko Egunaren harira eta Mintzodromoaren IV. edizioa Lesakako Harriondoa Kultur Etxean eginen da abenduaren 1ean, goizeko 10.00 eta 12.30 bitartean.

Berako Beralandetan atzo egindako aurkezpenean izan ziren Mentxu Peña, Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakaria eta Arantxa Berrotaran, Bidasoa-Txingudi Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeko kidea;Beñat Arrabit, Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren ardura duen lehendakariordea;eta Nuria Cano solaslaguna, bertze zenbait ordezkarirekin batera. Aurkezpenean aipatu zutenez, “bertaratutakoak, tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan mintzatuko dira mahai baten bueltan lauko taldetxoetan eta giro xamur eta lagunartekoan. Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin eginen dute”.

Esperientzia Iaz Donibane Lohizuneko Mintzodromoan parte hartu zuen Nuria Canok aipatu zuenez, “duela hiru urte etorri nintzen Etxalarrera bizitzera Zaragozatik. Berehala konturatu nintzen inportantea zela euskaraz jakitea eta euskaltegian eman nuen izena. Euskara izan da nire erronka pertsonala, hobe integratzeko modua, bizitza sozialean parte hartzeko aukera… Emaitza garrantzi-tsua da, baina inportanteena hizkuntza prozesua disfrutatzea da. Solaslaguna nere beldurrak kentzeko, mugak apurtzeko, dakidana praktikatzeko, lagunak egiteko eta nere euskara-sarea handitzeko modua da. Euskara jolasa da neretzat, sufrimendutik ezin da bertze hizkuntza bat ikasi. Testuinguru horretan Mintzodromoa bertze jolas baten moduan ikusten du Canok. “Mugak apurtzeko bertze modu bat da”, dio.

Ekimenaren dinamizazioaz Joseba Olagarai ETBko kazetaria arduratuko da. Eta euskal kulturako pertsonaia ezagunek parte hartuko dute ekimenean: Joseba Irazoki musikaria, Mikel Taberna idazlea, eta Julen Zelaieta eta Eneko Fernadez bertsolariak bertzeak bertze.

Hau horrela, haiekin solasean aritzeko eta haiek ezagutzeko aukera ere izanen da. Giroa eta parte-hartzea bultzatzeko, hamaiketako goxo baten aitzakia ere izanen da.

Ekimenaren helburua, finean, euskaraz mintzatzeko aukera bat gehiago eskaintzea da, batez ere euskara ikasten ari direnei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen da ekimenarekin. Izan ere, Mintzodromoan parte hartu ondotik, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu daiteke eta, modu honetan, euskaldun zahar eta berrien arteko igurtziak areagotzeko aukerak ere.

Sareuskak Mintzodromoan parte hartzeko deialdi berezia egin nahi die Bortziriak, Hego Lapurdi eta Irun-Hondarribiko euskaltegietako ikasle eta irakasleei eta baita mintzapraktika programetako parte-hartzaileei ere. Hala ere, ekimena guztiz irekia da eta edozein euskaltzaleri zuzenduta eta irekia dagoela azpimarratu nahi dute.

Izena emateko aukera aipatutako tokietako euskara zerbitzuetan eta euskaltegietan izanen da, eta Hondarribia eta Irundik ekimenera joateko autobus zerbitzua egonen da.

Toki hauetan guztietan izena emateko aukera izanen da azaroaren 16tik 28ra bitartean eta ekimena doakoa da.

hitzordua

Harriondoa. Abenduaren 1ean, 10.00etatik 12.30era izanen da Mintzodromoa Kultur Etxean.

esaldia

nuria cano “mugak apurtzeko bertze modu bat da mintzodromoa”

Euskaltegia eta Solaslaguna ekimenarekin, hiru urtez euskara ikasi du Etxalarren bizi den zaragozarrak.

Últimas Noticias Multimedia