Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Iñigo Aritzak antolatuko du Nafarroa Oinez 2018

‘bizi’ lemapean antolatuko du altsasuko ikastolak datorren nafarroa oinez. gure erronka nagusia, besta inklusiboa bilakatzea izango da.

Testua eta argazkia Iñigo Aritza Ikastola - Jueves, 16 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

‘Bizi’ izanen da Nafarroa Oinezen hurrengo edizioaren lema.

‘Bizi’ izanen da Nafarroa Oinezen hurrengo edizioaren lema. (IÑIGO ARITZA)

Galería Noticia

  • ‘Bizi’ izanen da Nafarroa Oinezen hurrengo edizioaren lema.

2018a Oinez urtea izango da berriz ere Altsasun. Laugarrengoz Iñigo Aritza Ikastolak euskalzaleen festa handi hau antolatzearen ardura izango du. Zentzu horretan gogoz, ilusioz eta bizipozez ekin dio Iñigo Aritza Ikastola osatzen duten komunitate zabalak lanari.

Bide horretan, erronka Urriaren 15ean hasi zuten, modu original eta neketsu baten bidez lekukoa Lesakatik Altsasura eramaten. Horrela, mendiz mendi eraman zuten lekukoa, gaueko ordu txikietan Lesakatik irten eta bertako guraso eta zenbait irakasleen laguntzaz bidez bide, hotz eta gau ilunari aurre eginez Altsasura ekarri arte. Tartean 87km eta 6500 metrotako desnibela igaroz, lekukoa eskuz esku pasa zen Altsasuko herrian ikastolako ikasleen esku gelditu eta ongi etorri herrikoia gauzatu zuten arte.

Lau herri, 369 ikasle Iñigo Aritza ikastola lau herriz osaturik dago: Ziordia, Olazti, Altsasu eta Urdiain. Egun Iñigo Aritza ikastolak 369 ikasle ditu: 39 0-3 zikloan, 68 Haur Hezkuntzan, 152 Lehen Hezkuntzan eta 110 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan.

Proiektua sortu zenetik Iñigo Aritzak oso argi izan du zein den bere helburua, euskara eta euskal kulturaren aldeko etengabeko proiektua bultzatzea da, herritik sortua eta herriarentzat. Euskal herrian hain gurea dugun kooperatibismoan oinarrituz eta solidaritate, auzolana eta elkarlaguntza bultzatzen duen proiektua du xede.

Laugarren Oineza. Zergatik? Urteak aurrera egin eta ikastolaren proiektuak bere horretan jarraitzen badu aurrera darrai, Iñigo Aritza Ikastolaren ibilbide hasieran sortutako azpiegiturak zaharberritze baten beharrean daude. Horixe dute besteak beste, aurtengo helburuetako bat. Hori eta hezkuntza eredua sendotzen eta zabaltzen jarraitu, ikastolan eta kalean, euskara eskolan bai baina kalean ere ezaguna eta erabilia izan dadin indartzen jarrai-tzea ere.

Lehendabiziko Nafarroa Oineza Altsasuko ikastolak eta Etxarri Aranatzekoak antolatu zuten elkarlanean, 1981 urtean.

Etxarri Aranatzek eta Altsasuk ikastola bana sortu ostean, 1993 urtean, Iñigo Aritza ikastolak antolatu zuen bere bigarren Nafarroa Oinez festa. Gaur egun ikastolako ikurra den txoria orduko Nafarroa Oinezerako diseinatu zen.

Eta 2005ean Iñigo Aritza ikastolak berriro ere Nafarroako ikastolen festa erraldoia antolatu zuen, Oinknez! leloarekin.

Orain, 2018ko urriaren 21ean Nafarroa Oinez festa antolatzeko erronka dute aurrean.

Erronka berria, inklusiboak izan Aurten erronka berri bati eutsi dio beraz Iñigo Aritzak, Nafarroa Oineza antolatzetik harago hau INKLUSIBOA egitea.

Zer esan nahi du horrek? Beno ba urteak dira Iñigo Aritza ikastolak inklusibitatearen aldeko apustua egin zuela, pertsona guztientzako kalitatezko hezkuntza baten bidean eta ikasleen aniztasunari arreta jarriz.

Erreferentziazko proiektuetan egunero dihardu Iñigo Aritzak eta horren baitan kokatu behar dela diote Iinklusibitatearen erronka. Ikastolaren proiektu integratzailea delako, inor bazterrean utzi nahi ez duena.

Ikastolak zerbait izan badira, txiki, desberdin eta ahularen babesle izatea da, maitasuna eta goxotasuna, euskara bera hori bera baiya, txikia, ahula, desberdina, sarri baztertua.

Oraingoan ikastola espazio fisikotik atera eta aisialdian benetako pausu kualitatibo bat emateko erronka du abian. Honela, Oinez inklusibo bat diseinatu eta gara-tzeko apustua egiten du. Gaurtik hasi eta egingo dituen ekitaldi eta jarduera guztietan inklusiboak izaten ahaleginduko da.

BIZI, leloa eta logoa BIZI da aurtengo leloa, lelo laburra eta ausarta, baina indartsua, alaia, irekia eta positiboa. Ilusioa, indarra eta gogoa adierazten du bote-prontoan, eta, hain zuzen ere, leloak duen zabaltasuna da bere indar nagusiena. Izan ere, “BIZI” hitza bakoitzari sentimendu, bizipen edota ideia bat sortzen dio;ez du, zertan, berdina izan behar. Horregatik, jende asko leloarekin identifikatua sentituko dela uste du Ikastolak eta hori da bilatu nahi izan dutena.

Era berean, euskara bizi dadin erabilia izan behar du, irakatsia, sustatua, maitatua eta horretan guztiok dugu ardura, izan hiztun, guraso, udal, gobernu, eragile, herritar, e.a. Guztion esku dago bizi izatea, dio Ikastolak.

Logoan beriz, elementu zentrala lorea da, baina lore horren eraikuntzan Iñigo Aritza ikastolaren eta Oinezaren hainbat zutabe ikusi daitezke. Lehenik, BIZI leloarekin lotura zuzena duen bihotza ikusten da, lorearen petaloek itxura hori baitute. Bigarrenik, 4 bihotzez osaturiko lorea da, Iñigo Aritza osatzen duten lau herriak irudikatu nahi dituena: Urdiain, Altsasu, Olazti eta Ziordia.

4 herri hauekiko erreferentzia gisa ere erabili dira 4 kolore desberdin logoan zehar. Hirugarren, petaloak zirkulu batean elkartzen dira, zirkulu batek lotzen ditu. Izan ere, Iñigo Aritza ikastola elkarlanean dagoen komunitate baten gisara irudikatzen du logoak, hainbat sektorez osatua: ikasleak, gurasoak, irakasleak, langileak, ikasle zein guraso ohi, udalerri… Denok elkarloturik helburuak lortzeko.

Herramientas de Contenido

Más sobre Navarra

ir a Navarra »

Últimas Noticias Multimedia