‘Guztiok1!’ ekimena martxan jarri dute Getarian

Udal aurrekontuak osatzeko prozesua jarri du martxan Udalak, eta bilera irekiak egingo dira datozen asteetan

Sábado, 18 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Getaria- Getariako Udal Gobernuak aurten ere apustu garbia egin du aurrekontuetan herritarren ekarpenak eta iritziak jasotzeko eta Guztiok 1! ekimena abiatu dute beste urte batez.

Hala, getariarrek lau modu izango dituzte euren proposamenak egiteko. Batetik, etxe guztietara proposamenak jasotzeko fitxak banatuko dira, eta udaletxean jarritako postontzian botatzeko aukera izango dute herritarrek. Bestetik, posta elektroniko bidez ere egin ahal izango dira ekarpenak, guztiok1aurrekontuak@gmail.com helbidera idatziz. Proposamenak bi modu horietan egiteko epea datorren azaroaren 30ean amaituko da.

Bilera irekiakBestalde, bilera irekiak ere antolatu dituzte herriko gune ezberdinetan. Hasteko, astelehenean egingo da lehen bilera Meaga eta Eitzagako auzokideekin, 21.00etan. Azaroaren 23an, berriz, Hirigintza, Tokiko Garapena eta Turismo gaiak landuko dira, udaletxean 19.00etan, eta Askizu eta San Prudentzioko auzokideekin 21.00etan. Ondoren, hilaren 28an herriko elkarteekin bilduko dira udal ordezkariak, eta amaitzeko, Kultura, Euskera, Hezkuntza, Kirola, Ongizatea eta Parte-hartzea izango dira hizpide udaletxean, 19.00etan. Behin ekarpen guztiak jasota eta aztertuta, parte-hartzeko prozesua Udala Informatzen saioarekin amaituko da, eta bertan Udal Gobernuak ekarpenen berri emango du eta, era berean, prozesuaren balorazioa egingo du.

Getariako Udalak herritar guztiei luzatu die gonbita, prozesuan ahal den moduan parte hartzeko eta herritar guztiek beren proposamenak egiteko. - A.R.