Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Gezur hezurretik

Berdea beltz

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 19 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

Iruñeko San Ferminetan jazotako bortxaketaren inguruan asko hitz egin da egunotan, epaiketa dela medio. Ez da epairik atera, beraz hau albiste bat balitz, ezin esango nuke errudun direnik. Gizasemeen, hala deitu ahal baldin bazaie behintzat, inguruko argazki eta datuak heldu zaizkigu, gehiegi akaso, baina gaur egungo morbositateak hori dakar, garrantzitsuak diren datu batzuk eman ahal izateko, beste kilo erdi kaka sar-tzen digutela tartean. Neskaren datuak gorde dituzte behintzat, nahiz eta bertaratu behar izan duen epaiketarako, bideokonferentziaz ezin izan duelako deklaratu. Kuriosoa da gutxienez, Espainiako presidenteak prentsaurrean azalpenak eman ditzakeela plasma bidez, baina gauza serioetarako aldiz, aurrez aurrekoa hobesten da nonbait.

Bost ziren bost, kasu honetan apokalipsiko zaldunak, eta sekula egin behar ez direnak egin ostean, mugikorra lapurtu omen zioten neskari, laguntzarik eska ez zezan pentsatzen dut, eta ez diru gosez. Lapurtu ziotela onartu du batek gainera, Guardia Zibila da lanbidez. Aurrez horrelako bortxakeria inolaz onartu eta babestuko ez badut ere, azken datu honek are gehiago hausten dizkit eskemak. Ez gaizki ulertu, ez dut berdekoen expediente orbangabean sinesten eta honek ez dizkit bat-batean begiak ireki. Berdetik baina marroitik gehiago izaten dute maiz.

Kontua da legea babesteaz arduratu beharko lukeen pertsona batek parte hartu duela horrelako ekintza gaitzesgarri batean, eta gainera lapurreta ere egin diola, eta hemen sor-tzen zait kezka. Ez al litzateke kasu honetan lanbidea larrigarri bezala gehitu beharko berezko karguei? Ez al du pertsona honek besteek baina hobeki ezagutzen legedia, eta beraz horren kontra egiterakoan ez al du besteek baina ardura gehiago? Nire ustez larritasun gehiago hartzen du jazoerak, eta gutxienez kontuan hartu beharreko zerbait da. Ez da soilik etika, moral edo deontologia kontua, ez da sikiera beste alde batera begiratzea delitua gertatzen ari denean, partaide zuzena litzateke, eta aldi berean ekidin beharko lukeena.

Zenbait lanbidek badute berezko ardura gehigarri hori, eta Legearen bermeak ezin du edonoren esku egon, ezin du oposaketa bat gainditzearen, ,abertzaletasun mailaren edo froga fisikoaren araberakoa izan soilik, ezin zaio funtzio hori edozeini esleitu. Eredugarri beharko lukete izan, eta esatera nindoan agian gutxietsitako lanbideak direla, gurean behintzat, berezko ikasketetan , baldin baleude, arrakastarik izan ez eta irtenbidetzat ikusten ditugunak. Oposaketak langabezia ezkutatzeko aitzakia direla ere sumatu dut zenbait telebista saiotan, eta ez, lanbide hauei dagokienean honek ezin du horrela izan. Ezin da aldi berean zirkuko hezitzaile eta lehoi izan.