Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Erripan gora

Katedralaren istorio ttipiaz

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 19 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

Gutxitan ikusten dira hiriburutik Iruñerriko mendiak oro joan den ortzegun-or-tziralean bezain hurbil eta garbi. Iduri zuen eskuarekin ere uki zitekeela, konparaziora, Aralarko santutegia. Halako egunetan erraten zen On Inozentzio kaperauaren beraren ibilerak ere ikus zitezkeela Iruñetik, eta aldi berean, hark ere ederki ikusten zituela handik katedraleko bi dorreak. Ederra baita ikuspegia inguruz inguru bi dorre horietatik. Lehenik, Alde Zaharreko teilatu sorta ikusgarria. Gero, joan den mendearen bigarren erdian zabalgune eta auzo berrietan eraikitako etxe luzeak;eta gibelago, inguru osoan, ezin konta ahala kasko, baita Pirinioetako zenbait gailur ere, goiargi ederreko egunetan, Elmendi eta Malkaitz mendien artean. Egia erran, dorreetara igotzea ez zen erraza, ez bazenuen ezkila-jotzaileren bat ezagutzen, Maria ezkilaren mihiari eragiten dion horietako bat, adibidez. Jotzeko modu hori ere ikusgarria da benetan. Eta han goian, hantxe zegoen, orain ez dakit, gerra garaiko sirena, Iruñean hainbat aldiz piztu behar izan zutena 36tik 39ra.

Kontua da orain zaila ere badela katedralean berean sartzea, kanpoko nahiz hemengo jendeak dirua ordaindu behar baitu. Behin sosa ordainduta, ibilbide gidatuak eskain-tzen dizkizute, tartean dorreak ikustekoa, baina ezein ibilbidetan ez omen da azaltzen katedralari darion istorio ttipia;konparazio batera, bertako artxiboan euskarari buruzko makina bat paper agertu izana;horien artean, “lingua navarrorum” agiria. Eta hitzik ere ez duela 40-45 urteko lan gatazka gogorretan katedralean gertatutakoaz, langileen itxialdiak egiteko toki hauta baitzen. Behin, polizia gogor oldartu zitzaien bertan hertsitakoei, eta erdarazko kopla bat abestu zen izugarri, garai hartako doinu batekin: “De la catedral, de la catedral todo el mundo salía con unas cuantas …. de más”.

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia