Barakaldoko finalerako bidea aurkitu du Sustrai Colinak

Finalaurrekoetako bigarren faseko lehen saioan sendo aritu da lapurtarra, baita Beñat Gaztelumendi ere

Dabi Piedra - 2017(e)ko azaroaren 20a, astelehena - 06:12etan eguneratua

Sustrai Colina, Amurrioko Bañueta kiroldegian. Argazkia: Gari Garaialde

Sustrai Colina, Amurrioko Bañueta kiroldegian. Argazkia: Gari Garaialde

Galería Noticia

Sustrai Colina, Amurrioko Bañueta kiroldegian. Argazkia: Gari Garaialde

amurrio- Bertsolari Txapelketa Nagusian kale edo bale egiteko unea heldu da, finalaurrekoetako bigarren itzulia. BECeko finalean kantatu nahi duten bertsolariek beren onena eman behar dute, ezusterik ez badute nahi behintzat. Sustrai Colinak lehenengo itzulian egindako lan ona biribildu zuen atzo, Amurrioko kiroldegian jokatutako saioan, eta finalistetako bat izango dela ia ziur esan daiteke, hurrengo bi finalaurrekoetako emaitzak ezagutu gabe ere. Hasieratik amaierara, puntuak ariketa guztietan bilduz, ez zuen ezustekorako tarterik utzi. 701 puntu eman zizkioten epaileek.

Beñat Gaztelumendik ere ondo bideratua zekarren finalerako apustua, eta BECen egoteko hautagai nagusietako bat dela berretsi zuen. Hala ere, 694,5 puntu batuta, guztiz lasai ez ditu pasako hurrengo bi asteak. Amurrion kantatu zuten gainerakoentzat, atzo amaitu zen txapelketako ibilbidea, ezusteko handirik ezean. Jon Maiak (681,5 puntu) badu aukeraren bat, baina besteen hutsegiteak behar ditu horretarako. Nerea Ibarzabal laugarren izan zen (675,5), eta aurtengo finalean egongo ez den arren, urtetik urtera modu harrigarrian hazten ari den bertsolaria da, etorkizunean gehiago emateko gai.

Jon Martin (668,5), ostera, ez dugu Txapelketa Nagusian gehiago entzungo, ez aurten ez hurrengoetan. Agurrean esan zuen Amurriokoa zuela azken saioa, BECerako txartela eskuratu ezean. Etxahun Lekuek (615), lehenengo itzulian kili-kolo aritu zenez, ez zuen atzokoan aukera handirik. Presiorik gabe aritu zen, bere mailarik onenetik behera.

BECerako puntuak behar zituela jakinik, indartsu hasi zen Jon Maia zortziko handiko ariketan. Gazte garaiko asmo iraultzaileak gogoan, dotore aritu zen Ibarzabalen ondoan. “Mundua aldatu nahi genuen ‘ta, munduak aldatu gaitu”, bota zuen aurreneko bertsoan. Martin eta Gaztelumendi ere polito aritu ziren familiaren baserri zaharrari kantuan. Colinak, aldiz, elkarte gastronomikoan kamerak ipini nahi zituen Lekueri hala bota zion: “Nahiz ‘ta besteak kontrolatuta, pasatzen dugun eguna/ geure burua kontrolatzea da ikasi behar duguna”.

Zortziko txikiko eta puntukako ariketetan saioa hotz antzean joan zen, harmailetan batutako 1.325 entzuleak kolpe gogoangarriagoren baten zain geratu ziren. Hala ere, aireportuko segurtasun arduradunaren azalean, ausart ibili zen Colina, metal detektagailua pasa ezinda zegoen Gaztelumendirekin batera: “Ez zara ibiliko albotik mutila/ ni biluzik jartzeko aitzakia bila”, bota zion añorgarrak, eta Colinak hauxe: “Gaur probatuko duzu, ai Beñat maitea/ hegazkina hartu ez ‘ta, hegan egitea”.

Kartzelakoan, hau zuten gaia: “Usaina sumatu, eta urduri jarri zara”. Ume banaren larrutik, aipa-tzekoak izan ziren Ibarzabalen eta Gaztelumendiren bertsoaldiak, biek ederki transmititu zituzten egoeraren sentsazio gazi-gozoak. Ibarzabalek lehenengo hilekoa izan duen neskatoaren rola hartu zuen, Gaztelumendik, aldiz, alkohol usainez datorren aita bortitzaren semearena. “Nik ere aitaren abizena det, bere usain ta odola/ eta beldur naiz bera izatera kondenatuta nagola”, bukatu zuen añorgarrak. Colina ere fin aritu zen bakarka.


“Zerbait utzi” Bastidako finalaurrekoetan izandako sentsazioak hobetzera zetorren Colina, saioaren ondoren adierazi zuenez. “Ariketa guztietan zerbait utzi dudalako sentsazioarekin nago, neure burua eta bertsokera kontrolpean nabaritu ditut”. Halere, “koxka bat gorago” kantatzeko gaitasuna duela uste du: “Orain dela lau urteko finalean ez nintzen fin aritu, badut arantzatxoa barruan. Lau urtean bertsolari gisa hobetu egin naiz, hori erakusteko zer plaza hoberik BEC baino”. Hurrengo finalaurrekoa, igandean Donibane Lohizunen.

Amurrioko saioa

Sustrai Colina 701

Beñat Gaztelumendi 694,5

Jon Maia 681,5

Nerea Ibarzabal 675,5

Jon Martin 668,5

Etxahun Lekue 615

Txapelketa, BEC-eruntz

Abenduaren 17an Barakaldoko BEC erakustazokan ospatuko den finalerako bidea fase finalaurrekoen bigarren itzulian sartu zen atzo. Bigarren itzuliko hiru saioen ostean, puntuazioak batuko dira. Zazpi onenak sailkatuko dira finalerako. 2013ko txapelduna, Amets Arzallus, finalean sartuko da.


Bigarren itzulia

Donibane Lohizune. Azaroaren 26ean izango da. Parte hartzaileka: Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio.

Iruñea. Abenduaren 2an. Parte hartzaileak: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.


ordutegia

17.00


Finalaurrekoak 17.00etan hasiko dira, eta Barakaldoko egun osoko finala, aldiz, goizeko 11.00etan.

sailkapen orokorra

Sustrai Colina * 1.406,5

Beñat Gaztelumendi * 1.389

Jon Maia * 1.356,5

Jon Martin * 1.339,5

Nerea Ibarzabal * 1.338,5

Etxahun Lekue * 1.271,5

Maialen Lujanbio 750

Aitor Mendiluze 740

Aitor Sarriegi 705

Igor Elortza 703

Agin Laburu 690

Miren Amuriza 678,5

Oihana Iguaran 671

Jone Uria 669

Julio Soto 668,5

Unai Agirre 667,5

Alaia Martin 651

Iñaki Apalategi 648


Beltzez, momentuz finalerako sailkatutako bertsolariak.

* Finalerdietako bi saioak bete dituzte.

Últimas Noticias Multimedia