Zirrikituetatik begira

Non sartu dira?

Ana Urkiza - 2017(e)ko azaroaren 20a, astelehena - 11:58etan eguneratua

Emakumezkoek hankak irmo itxi behar dituzte, alkohol tanta bat ere edan gabe egon behar dute, auzokoak esnatzeko moduan garrasi egiten saiatu behar dira eta defentsa pertsonalerako erabiltzen diren giltzarik zailenak egitea gogoratu behar dute, gizonezko bat edo gehiagoren mehatxuak jasan ondoren, bortxatzen hasten zaizkienean.

Eta, nago, emakumeek, aldi berean gauza bat baino gehiago egiteko abilezia dutenez, bitartean, mugikorra hartu eta etxera deitzeko modua izan lezaketela, apurtxo bat beranduago helduko direla jakinaraziz, etxekoak larregi arduratu ez daitezen.

Iruñeako bortxaketaren epaiketaren gaineko gora-beherek bazterrak sutu dituzte. Kontrakoa litzateke harritzekoa. Emakumezkoen erreakzioak gutxi ez izanik, gizonezko askok ere euren ahotsa entzunarazi dute: denak ez direla berdinak. Gizon guztiak ez direla bortxatzaileak, alegia. Emakumezkoen hotsak altxatu direnean, zaku berean sartuta ikusi dituzte euren buruak, antza. Eta semeak dituzten amak ere entzun ditut kexuka, gizon guztiak ez direla berdinak errepikatzen.

Noski ezetz. Ez dut uste inork hori horrela izan litekeenik ere pentsatzen duenik. Baina komunikazioaren edota publizitatearen ajeetako bat da: orokortzearena. Olioaren orbana zabaltzearena, alegia.

Eta behin berriro, emakumezkoen ahotan, gizonezkoen defentsa. Semeak defendatzeko. Errugabeen alde ahotsa igotzeko. Gizonezkoak biktima. Zergatik ez dute alabak bakarrik dituzten amekin hitz egiten? Zergatik ez diete haiei esplikatzen gizonezko guztiak ez direla berdinak?

Badakite. Baina alaben borondatearen praktikaren eta askatasunaren gailentasunaren arteko dialektikaren beldur dira. Baliteke, gaur, iluntzeko 20:00tik 21:00ak bitartean, ama batzuek eta besteek elkar aurkitzea eta behar diren azalpenak emateko aukera baliatzea, gainontzeko guztiek, emakumeak non arraiotan sartu diren galdetzen duten bitartean.

Más sobre Opinión

ir a Opinión »