Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Planetarioan, ostiral honetan, NUP-ek antolatutako hitzaldi bat izango da, matematikaren eta zinemaren arteko harremanari buruz

José María Sorando dibulgatzaileak emango du hitzaldia 19:30etik aurrera, eta matematikak zazpigarren artean duen presentziari buruz arituko da

Lunes, 20 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 16:02h

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Iruñeko Planetarioarekin lankidetzan eta Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioaren (FECYT) laguntzarekin, datorren azaroaren 24an antolatu duen hitzaldiaren gaia "zinemari begiratu matematiko" bat ematea da, Woody Allenengandik James Bondengana, Superman, Drakula, King Kong edo Westernetako dueluetatik pasatuz. Hitzaldirako sarrera doan da, aretoa bete arte, eta publiko guztiari zuzentzen zaio. Planetarioan izango da, 19:30ean. José María Sorando Muzás Bigarren Hezkuntzako katedradun eta dibulgatzaileak "Matematika zineman" izeneko hitzaldia emango du.

Hitzaldia "Artea, Zientzia eta Teknologia: errealitate berbera, begirada ezberdinak" zikloaren barrukoa da, eta gaia matematikak zazpigarren artean eduki duen presentzia izango da. Batzuetan, matematikariak azaltzen dira filmetan;beste batzuetan, berriz, matematika-eskoletan gertatzen dira istorio asko;ia beti, ordea, topikoz josita egoten dira batzuk zein besteak. Aurreikusteko moduko kasu horiez gainera, genero guztietako filmetan eta telesailetan dago matematika. Esate baterako, Woody Allen, Donald ahatea, James Bond, simpsondarrak eta Sherlock Holmes matematikaz baliatzen dira arazoei aurre egiteko, nahiz eta askotan gaizki baliatu. Erruz dira Hollywoodeko akats matematikoak.

Filmak egiteko prozesuan ere erabiltzen da matematika. Zuzendariek eta gidoilariek kanon geometrikoak erabiltzen dituzte, eta, noizbehinka, kontzeptu matematikoak metafora gisa eta umore matematikoa ere bai. Gaur egun, ohikoa da efektu berezietan irudi fraktala erabiltzea.

"Ikuspegi matematikotik" begiratuz gero, gainera, beste modu batean ikusiko ditu ikusleak pantailako egoerak, nahiz eta matematikoak ez diruditen. Mendebalde urruneko duelu bat, Supermanen balentria bat, Drakularen legenda edo King Kongi zaion beldurra izan liteke aztergai.

EGILEAREN BIOGRAFIA LABURRA

José María Sorando Muzás (Zaragoza, 1956) Matematika Zientzietan lizentziatu zen Zaragozako Unibertsitatean (1978), eta Hezkuntzari Aplikatutako Informazio Teknologietako Masterra egin zuen Murtziako Unibertsitatean (1991). Bigarren Hezkuntzako Matematikako katedraduna da, eta irakasle aritu da 1979tik 2016ra. Gaur egun, bere esperientzia didaktikoa lankide irakasleei ezagutzera ematen dihardu, eta matematika publiko orokorraren artean zabaltzen.

Dibulgatzaile handia izaki, ehundik gora hitzaldi eman ditu Espainian, Andorran, Marokon eta Txilen, matematikari buruzko zenbait erakusketa antolatu ditu, eta hirurogeita hamar artikulu baino gehiago argitaratu. Gainera, duela hogeita hamar urtetik hona Matemáticas en tu mundo webgunea kudeatzen du. Zenbait liburu ere idatzi ditu, adibidez, “100 escenas de cine y televisión para la clase de Matemáticas” (2014), “Aventuras matemáticas en el cine” (2015) eta “Cine y matemáticas. Resolviendo problemas” (2016). 2010eko Santillana Saria eman zioten "Cazando dragones" kontakizun-bildumarengatik. Hamar urtez, "Suma" aldizkariaren, hau da, tirada handiena duen gaztelaniazko matematika-aldizkariaren, "Cinemateca" atalaren arduraduna izan da.

BI HITZALDI GEHIAGO

Hitzaldi ziklo honen egitaraua, osorik, Unibertsitatearen webgunean ikusten ahal da. Zikloak abenduaren 1ean, ostiralean, jarraituko du, 19:30ean, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Carlos Tabernero Holgado irakaslearen hitzaldi honekin: “Osasuna, gaixotasuna eta historia Ingmar Bergmanen zineman”. Zikloa ostiralean amaituko da, abenduaren 15ean, 19:30ean, Antoni Roig Telo, Universitat Oberta de Catalunyako irakasleak emango duen hitzaldi honekin: "Aurrerapenari buruzko ikuspegiak: zinemaren eta teknologi(ar)en arteko elkarrizketak".

"Artea, Zientzia eta Teknologia: errealitate berbera, begirada ezberdinak" hitzaldi zikloak sormen artistikoaren eta ikerketa zientifikoaren gaineko ikuspegi integratu bat eskaini nahi du. NUPeko Ikerketako Errektoreordetzak antolatu du, bere Kultura Zientifikoaren Unitatearen (KZU) bidez, Iruñeko Planetarioarekin lankidetzan, eta Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du. Hitzaldiak dibulgaziozkoak dira, eta, honenbestez, jende guztiari zuzenduak, eta entzute handia duten ikertzaileek ematen dituzte. 

Últimas Noticias Multimedia