Kiribil barraskiloa | elgoibarko kiribilduz aisialdiko egitasmoaren protagonista

“Oso polita da Elgoibarko haur eta gurasoen artean euskaraz jolasten sortzen den konplizidadea ikustea”

Kiribil barraskiloak eta bere lagunek Elgoibarko haur eta gurasoak “euskaraz jolasten ondo pasatzeko” urteko azken saioa burutu zuten ostiralean Maalako parkean

Jabi Leon - 2017(e)ko azaroaren 21a, asteartea - 06:11etan eguneratua

Kiribil eta bere lagunak Elgoibarko umeekin ostiralean egindako urteko azken saioan.

Kiribil eta bere lagunak Elgoibarko umeekin ostiralean egindako urteko azken saioan.

Galería Noticia

Kiribil eta bere lagunak Elgoibarko umeekin ostiralean egindako urteko azken saioan.

elgoibar- Udalak diruz lagunduta, Elgoibarko Izarra euskara elkarteko Atxutxiamaika aisialdi taldeak 2003. urtean abiatu zuen “familia-giroa euskaldundu eta transmisioan eragiteko” Kiribilduz programa berezia. Ordutik, proiektuko maskota den Kiribil barraskiloa eta bere lagunak (Azeri, Amets, Mattin, Muski eta Argi) sei aldiz elkartzen dira ikasturte bakoitzean herriko 2 eta 6 urte bitarteko haur eta beren gurasoekin. 2017ko saioak amaituta, egunkari hau umeek miresten duten Kiribil barraskiloarekin elkartu da, betiere, emanaldien bueltan sukaldatzen den guztia ezagutzeko.

Nola prestatzen dituzue egitasmoaren saioak?

-Ikasturtea hasi aurretik saioetan jorratuko ditugun gaiak jasotzen duen zerrenda bat prestatzen dugu eta horren ondoren nire laguna den Maddi izeneko gazte elgoibartar batek emanaldi bakoitzerako gidoia idazten digu, aurretik dugun emanaldirako aukeratutako gaiaren arabera. Hori esku artean dugula, Azeri, Amets, Mattin, Muski eta Argi nire lagunekin elkartzen naiz, haur eta gurasoekin egingo ditugun kantuak, dantzak eta jolasak prestatzeko.

Zer nolako gaiak jorratzen dituzue?

-Oso era ezberdineko gaiak izaten dira: munduko jolasak, euskal mitologia, birziklapena, urtaroak, lanbideak, bertsolaritza, kulturartekotasuna, Elgoibarko artistak edo kirolariak... Saio bakoitzean haurren garapenerako interesekoa den gai bat jorratzen dugu.

Nola egiten diezu aurre haur eta gurasoen aurreko emanaldiei?

-Aitortu behar dut plazara atera aurretik oso urduri egoten naizela baina emanaldiak hasi bezain pronto lasaitu egiten naiz eta asko disfrutatzen dut.

Nola hartzen zaituzte umeek?

-Egia da hasiera batean txikienek susto hartzen dutela barraskilo erraldoia ikusterakoan baina ezagutzen nautenean nire lagun egiten dira eta oso ondo hartzen naute. Umeak oso maitagarriak dira eta asko nigana gerturatzen dira muxuak eskatu edota elkarrekin argazkiren bat ateratzeko.

Nolakoa da haur eta gurasoen partaidetza saioetan?

-Haurrena pasada bat da. Batzuei pixkat kostatzen zaie berotzea baina minutu gutxi batzuk pasa ondoren buru-belarri sartzen dira ikuskizunean. Gurasoen inplikazioa, berriz, ez da guk nahiko genuke bezain handia. Emanaldiak haurrak beren gurasoekin euskaraz jolastu eta disfrutatzeko dira eta horregatik beti prestatzen dugu gurasoen partaidetza behar duen jolasen bat, helduak inplikatzeko.

Kiribilduz egitasmoaren protagonista izanda, zer da emanaldietatik gehien gustatzen zaizuna?

-Satisfakzio gehien ematen didana haur eta gurasoen artean euskaraz jolasten sortzen den konplizidadea ikustea da. Hori oso polita da eta horregatik herriko haur eta guraso guztiak animatu nahi ditut gure emanaldietara gerturatu eta parte hartzeko.

Hala ere, joan den ostiralean amaitu zenituzten 2017ko saioak...

-Bai, egitasmoak etenaldi bat izango du orain baina datorren urteko apirilean izango du jarraipena. Apiriletik ekainera bitartean herritar guztien partaidetzari irekita egongo diren beste hiru emanaldi berri eskainiko ditugu, hilean behin.

Orduan, datorren apirilera arte zure Karakate mendiko etxean deskantsatzen egongo zara?

-Ez. Kiribilduz programak etenaldia izango du baina Gabonetan hitzordu berezi bat izango dut herriko haur eta gurasoekin. Izan ere, bi orduko iraupena izango duen familia tailerra antolatu dugu urtarrilaren 2rako ludotekan. Tailer horretan ni eta nire lagunak izango gara, parte hartzera animatzen diren familiekin ipuinak, jolasak eta bestelako ekimenak egiteko. Gurekin tailer horretan ondo pasatzeko prest dauden guztiek dagoeneko eman dezakete izena Elgoibarko Izarran edo ludotekan.

Gipuzkoatzen

Gipuzkoako txokorik maiteena Karakate, hantxe bizi naiz eta.

Paisaia bat Karakateko nire etxetik ikusten diren Elgoibarko bistak zoragarriak dira.

Festa edo ospakizun bat Euskararen eguna, nire laguna den Argitxokin ospatzen dudalako.

Mendi bat Atxolin. Askotan joaten naiz hara pasiatzera.

Hondartza bat Hondartza baino Sallobente-Ermuaran auzoko erreka nahiago dut.