Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

51 urte ahotsekin jolasean

Oskarbi talde gipuzkoarraren 51 urteko ibilbidea jaso du liburu batean Joxelu Trekuk: Ez Dok Amairuko garaietatik euskal kantu herrikoiak moldatzen jarraitzen dute

Arantzazu Zabaletaren erreportajea - 2017(e)ko azaroaren 22a, asteazkena - 06:11etan eguneratua

Iñaki Maritxalar, Maite Aizkorreta, Beronik Ondikola, Joxelu Treku, Carlos Ruiz eta Maite López de Arbina, Oskarbiko gaur egungo kideak.

Iñaki Maritxalar, Maite Aizkorreta, Beronik Ondikola, Joxelu Treku, Carlos Ruiz eta Maite López de Arbina, Oskarbiko gaur egungo kideak. (Argazkia Ruben Plaza)

Galería Noticia

  • Iñaki Maritxalar, Maite Aizkorreta, Beronik Ondikola, Joxelu Treku, Carlos Ruiz eta Maite López de Arbina, Oskarbiko gaur egungo kideak.

“Izen luzea jarri diogu, Oskarbiren bizitza bera bezala, luzea”, azaldu zuen atzoko aurkezpenean Trekuk. Hiru urte eman ditu lanean liburua osatzeko informazioa eta argazkiak bildu eta antolatzen eta hartutako lana eskertu zioten aurkezpenean bildutakoek: egungo kideak, garai batean bertatik pasatakoak eta Oskarbirekin modu batera edo bestera harremana izan duten lagunak zituen aurrez aurre Donostiako Koldo Mitxelenako aretoan.

Hasierako urteetatik gauzak asko aldatu badira ere, lanean jarraitzen dutela nabarmendu zuen Trekuk, “lehengo martxan agian ez, baina bai betiko estiloan”. Eta hasierako hiru ardatzek hor jarraitzen dutela gaineratu zuen: euskal kantu herrikoiak -“baina gure estiloan”-, sorkuntza propioa eta euskara. Hasieratik sorkuntza polifonikoak nabarmendu du Oskarbi, ahots joko harmonikoek eta folk doinuek, eta egungo taldeak ere horretan dirau.

Oteiza eta Gandiaga

Liburua, kronologikoki antolatuta, Oskarbiren lehen urteetatik abiatzen da, Pasaiko Don Bosco eta Anunciatako zazpi lagunek taldea osatzea erabaki zutenetik, 1966. urtean: “Euskal pizkundearen garaia, kristoren loraldia izan zen urte hartan”. Nolabait bi etapa garbi bereizten ditu Trekuk taldearen historian. Lehena, 1983. urtera arte, “biniloen garaia”;bigarrena, 1990etik aurrera, “CDen garaia”.

Lehen garai hartan, urtean 70 kantaldi inguru egin izan zituzten. “Kon-tzertuak emateko deitu egiten ziguten eta askotan ezetz esan behar genien”. Gaur egun, aldiz, haiek dira kontzertuak eskatu behar dituztenak.

Hasierako urte haietan Ez Dok Amairurekin ere aritu ziren, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa eta Benito Lertxundirekin, besteak beste. Lau urtez abestu zuten elkarrekin eta Baga biga higa sentikariaikuskizunean hartu zuten parte.

51 urteotako errepasoa egitean konturatu da Treku orduan eta ondoren Oskarbiren bizitzan Jorge Oteiza “nonahi” agertzen den pertsonetako bat dela eta harekin izan zuten harremana jasotzen du liburuak, berarekin Arantzazun egindako egonaldia tarteko (hark sortu zuen taldearen ikurra). Baita Bitoriano Gandiagarekin izan zuten erlazioa ere, haren poema asko kantatu baitzituen taldeak.

Garai haietan Iparraldean makina bat emanaldi eskaini zituztela nabarmendu zuen Trekuk, nahiz eta 1968an taldeko hiru kide atxilotu (Treku bera tartean) eta pasaportea kendu zieten: “Orduko Gobernadoreak festa batean kantatzeko eskatu zigun Donostian eta baietz esan genion bakarrik zentsurarik gabe abesteko aukera bagenuen eta pasaporteak itzultzen bazizkigun. Baietz esan zigun: euskara hutsez abestu genuen frankistez inguratuta, baina gero Iparraldean jotzen jarraitu ahal izan genuen”.

Lehen urte haietatik orain arte 600 kantaldi izan dira, hamaika disko, ehunka afari kantatuak (bazkariak ere bai) eta milaka entsegu. Madrilgo Ateneoko taula zapaldu eta an-tzokia bete zuten 70eko hamarkadan eta Quebec-en, Argentinan eta Uruguain ere izan zen Oskarbi.

“Kultoko musika”

“Oskarbi oso gauza handia izan da niretzat, eskola bat, bizitzarena ere bai. Hari esker ezagutu nuen herri bat, hizkuntza bat eta kantu zaharrak eta horiek maitatzen ikasi nuen, egiten genuena maitatzen”, azaldu zuen, aldiz, Iñaki Maritxalarrek, gitarra eskuetan.

Urte batzuk beranduago sartu zen Oskarbin Carlos Ruiz akordeoia jo-tzeko eta egungo taldean jarraitzen du. “Irratian entzuten nuen Oskarbi”, onartu zuen Ruizek, eta bereziki abesti batek hunkitu zuela aitortu zuen: “Esperantzari leiho bat, taldearen abesti enigmatikoena izango da. Garai hartan letretan beti jokatzen genuen hitzen bigarren zentzuarekin eta batzuetan zentsoreek ez zuten zentzu hori harrapatzen”, aitortu zuen. Oskarbiren musika, egun, “kultokotzat” har daitekeela gaineratu zuen, emanaldietan ikusten duten publikoaren arabera.

Hala ere, lanean jarraitzen dute eta lagun berriak gehitu zaizkie gaur egun. Treku, Maritxalar eta Ruizen ondoan Maite López de Arbina eseri zen atzoko aurkezpenean, beste belaunaldi batekoa, gazteagoa. 2016an batu zitzaien Oskarbikoei biolina jotzeko: “Taldeak garrantzi handia izan du euskal musikan eta euskararen historian eta harro nago talde honen parte izateagatik”.

Bere biolinak, Ruizen akordeoiak, Maritxalarren gitarrak eta Trekuren ahotsak, Maite Aizkorreta eta Beronik Ondikolarenarekin batera, agurtu zuten atzoko aurkezpena: “Oskarbiren hitzordu guztiak bezala, hau ere kantuz amaitu behar”.

Herramientas de Contenido