Euskararen Egunaren inguruan egitarau zabala, Zarautzen

Antzerki saioak, proiekzioak, dantzaldiak eta beste zenbait ekitaldi izango dira egunotan

Ane Roteta - 2017(e)ko azaroaren 23a, osteguna - 06:11etan eguneratua

Bideo eta pegatina lehiaketako irabazleak, ikastetxeetako irakasleak eta Zarauzko Udaleko ordezkariak, Lizardiren eskulturaren parean.

Bideo eta pegatina lehiaketako irabazleak, ikastetxeetako irakasleak eta Zarauzko Udaleko ordezkariak, Lizardiren eskulturaren parean.

Galería Noticia

Bideo eta pegatina lehiaketako irabazleak, ikastetxeetako irakasleak eta Zarauzko Udaleko ordezkariak, Lizardiren eskulturaren parean.

Zarautz- Datorren abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Eguna eta Zarauzko Udalak ekitaldi sorta zabala prestatu du egun horren inguruan. Dagoeneko eman diote hasiera egitarauari eta Orokietako, La Salleko, Antonianoko eta Ikastolako Lehen Hezkuntzako haurrek eta haurreskolako txikiek Tunba: orro egiten besterik ez zekien lehoia antzerkia ikusten ari dira egun hauetan saio desberdinetan.

Batxilergoko ikasleei zuzendutako ekitaldia ere antolatu dute eta gaur Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren Baga Biga Higa saioa ikusteko aukera izango dute, 9.00etan eta 11.00etan Antoniano aretoan. Bestalde, datorren azaroaren 29an Bertsolari filma proiektatuko da batxilergoko gaztetxoentzat (9.00etan eta 11.00etan Antoniano aretoan).

Eskola kiroletan Zarautzen euskarak duen presentzia nabarmena da eta iaz martxan jarritako ekimenari segida emango diote aurtengoan ere. Hala, abenduaren 2an Euskaraz bizi nahi dut banderolekin argazkiak aterako dituzte kirol partidetan, ondoren sare sozialetan elkarbanatzeko. Egun berean, kantujira egingo da Benta Zaharreko Mutiko Alaien eskutik Musika Plazan hasita (19.00) eta gaztelekuan Euskararen Eguneko ekitaldi berezia egingo da gazteentzat.

Urola Kostako Udal Elkarteak ere zerbitzu bat prestatu du euskara bultzatzeko, Euskara Eskura izenekoa hain zuzen ere, eta ekimen berri hori aurkeztuko dute gaur bertan. Horretaz gain, urtero berritzen den Bai Euskarari hitzarmena sinatuko da abenduaren 1ean, udaletxean, eta herriko 32 establezimenduk jasoko dute Bai Euskarari ziurtagiria.

Eta amaitzeko, Euskararen Egunean, abenduaren 3an, noski, ez dira ekitaldiak faltako. Hala, berriro ere kirol partidetan argazkiak aterako dira Euskaraz bizi nahi dut banderolekin eta Lege Zaharren Enparantzan Alaken taldearen eskutik Mutxikoak saioa eskainiko da. Eta egunari eta egitarau osoari amaiera borobila emateko, kantu jira egigno da ikastetxe eta hainbat musikarien laguntzarekin. Hitzordua arratsaldeko 17.00etan izango da Donibane Plazan eta herritar guztiak daude gonbidatuta.

PEGATINA ETA BIDEO LEHIAKETAKO SARITUAKPrestatutako egitaraua aurkezteaz gain, ikastetxeetako gazteentzat urtero antolatzen den Pegatina eta Bideo Lehiaketako sariak banatu zituzten aurkezpen ekitaldian. Josu Larrea eta Angelica Sanchez, Ane Salegi eta Ainhoa Aizpurua, eta Ekialde taldea izan ziren hirugarren, bigarren eta lehen sarituak, hurrenez hurren, bideo lehiaketan. Pegatinen irabazleei dagokionez, Irati Eizagirrek irabazi zuen lehen saria, eta Irati Zubeldia eta Nahia Zubizarreta gazteak izan ziren bigarren eta hirugarren sarituak.