Zarauzko ludotekako espazio berrituak izen eta logo berria du

Orokietako Martina Garcia Arrizabalagak aurkeztutako Ludotxo hontza izan da lehiaketako irudi irabazlea

2017(e)ko azaroaren 24a, ostirala - 06:12etan eguneratua

Zarautz- Zarauzko Gazteria sailak proiektu berri baten aldeko apustua egin du aurten eta Iturribide plazako 24-26 zenbakian dagoen ludotekak espazio berria zabaldu zuen urrian, aldaketa ugarirekin: besteak beste, adin tartea 4 eta 11 urte bitartera zabaltzea eta doako zerbitzua eskaintzea. Era berean, ludotekako logoa eta izena hautatzeko lehiaketa bat jarri zuten martxan Zarauzko ikastetxeen bitartez.

Hala, ikastetxeetako LH4 eta LH6 maila bitarteko ikasle zarauztarrek, bakarka edo taldeka, euren proposamenak aurkeztu zituzten eta, proposamen irabazlea, Haurraren Egunean ludotekan ospatutako festan eman zen jakitera. Kasu honetan, irabazleak bakarka aurkeztu zuen bere proposamena: Orokieta Herri Eskolako 9 urteko Martina Garcia Arrizabalagaren Ludotxo hontza eta honen buruaren irudia dira ludotekaren izen eta logo berria.

Hezkuntza zinegotzi Nekane Iribarren eskuetatik jaso zuen irabazleak Zarauzko dendetan gastatzeko 50 euroko balea. Iribarrek balorazio positiboa egin du ludotekaren izena eta logoa hautatzeko lehiaketaren inguruan: “Lehiaketan parte hartu duten ikasle guztiak zoriondu nahi nituzke, oso lan politak aurkeztu baitira. Zarau-tzen artista txiki asko dugu, sormen handiarekin, eta oso gustura gaude epaimahaiak hautatutako proposamenarekin. Ziur nago izen honek ludotekari bultzada polita emango diola etapa berri honetan”. Era berean, ludotekan egindako aldaketekin erabiltzaileak “oso gustura” daudela azpimarratu du Hezkuntza zinegotziak eta adin tartea zabaldu eta doako zerbitzua eskaintzean “bete-betean asmatu” dutela gaineratu du. - A.R.