Akordeoiari eta euskal soinulariei eskainitako ‘Erlea’

Euskaltzaindiaren aldizkari literarioaren hamaikagarren alea aurkeztu du Bernardo Atxagak

2017(e)ko azaroaren 25a, larunbata - 06:12etan eguneratua

Joxan Goikoetxea, Mikel Irizar eta Bernardo Atxaga.

Joxan Goikoetxea, Mikel Irizar eta Bernardo Atxaga.

Galería Noticia

Joxan Goikoetxea, Mikel Irizar eta Bernardo Atxaga.

donostia- Euskaltzaindiak Erlea aldizkari literarioaren hamaikagarren ahalegina agertu zuen atzo Donostian: gure herriari hain lotuta dagoen akordeoi edo soinuari erreparatu dio, gurean izan duen bilakaera aztertuz, akordeoilari ezagunen eta ez hain ezagunen testigantzak baliatuta. “Testigantza sakon eta sentiberak daude zenbaki berri honetan -aurreratu zuen Bernardo Atxaga aldizkariaren zuzendariak-, eta istorio harrigarriak, gure herriaren iraganaren mapa osatzeko ezinbestekoak”.

Horretarako, musikari agerikoei bai, baina ezkutukoei ere erreparatu die idazle asteasuarrak: “Zenbat akordeoi-jole izan dugun Euskal Herrian barrena, gure herrietan baino ez dutenak ospea izan. Horiei eskaini nahi izan diegu hamaikagarren ahalegin hau”. Eta hari horretatik tiraka ageri dira Joxan Goikoetxea, Kaxiano, Josu Zabala, Joseba Tapia, Jabier Muguruza edo Ander Telleria gaztearen profilak, baina, beraien ondoan, hainbeste sona izan ez zuten bestetzuk;esaterako, Xixilio edo Pedro Arbe Patxoa.

Soinu-joleen bizitza eta jardunetik aparte ere badago nahikoa bazka Erlea berrian. Besteak beste, Jean-Louis Davant euskaltzainak Piarres Charritton ohorezko euskaltzainari buruz idatzitako testu mamitsua.

Hasieratik sortzaileei emandako tartea gorde du, baita ere, azken Erleak. Bertan idatzi dute, besteak beste, Gotzon Barandiaran, Castillo Suarez, Luigi Anselmi edo Ana Malagonek. Zenbaki berrian ager-tzen diren irudiak Juan Sagastizabalenak dira -azala barne- eta, beti bezala, Asun Garikano arduratu da edizioaz.

Andres Urrutia euskaltzainburuak Atxagak egiten duen ahalegina goraipatu zuen agerpenean eta aurreratu zuen 2018rako ziztada berri bat prestatzen ari direla. “Gure sortzaileen lana batu eta erakutsi nahi dugu, euskal kultura jaso eta gizartearen aurrean proiektatu”. - N.G.