Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Erripan gora

Diputazioa

Por Enrike Diez de Ulzurrun - Domingo, 26 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Hitz sakratua Nafarroan. Eta eraikin sakratua ere, lehen karlistaldiaren ondotik eraiki zutenetik aitzina. Diputazioko kideei, ”diputadoei”, ate guztiak zabaltzen zitzaiz-kien. Andres Narbarte “Xalto” bertsolari goizuetarrak garbi zuen hori, 1960an: “Lendabizikoz hartu ditzagun gradorik handienekoak;alkate, ayuntamenduarekin, obispo, apaiz jaun prestoak;oain bihotzetik maite ditugun Nagusi Diputadoak”. Belaunez belaun, “Nafarroaren alde” egin duen erakunderik izan bada nafar gehienen pentsamendurako, horixe Diputazioa izan da, duda izpirik gabe. Ateak zabaldu ditu egunotan. Euskarazko bisitaldia txukun-txukuna zinez. Izena ematean, oharra: ez eraman zapata-zola gogorrik, ezta harri txintxar txikiak hartzeko moduko marrazkiak dituzten zolak ere. Jauregiko alde batzuk hondatuxeak baitaude. Eta bertze batzuk, berriz, urteetako utzikeriaren ondorioz, arras hondatuak. Aldaketaren gobernuak berrikuntza lanak egin behar izan ditu, eta ateak ireki, zoko-usaina kentzen ahalegintzeko. Lan gaitza. Aretorik adierazgarrienak goraino apainduak daude, tapiz, oihal, margolan eta altzari ederrez beterik. Borboi gehiegi mihisetan. Sabaiak, oparo landuak. Nonahi ageri dira nafar jendearen iruditerian iltzaturik dauden ikurrak eta irudiak: erresuma zaharra, armarria, kateak, Navas de Tolosa, erregeak (erreginarik ia ez baita ageri), arrano beltza eta foruak. Horren haritik, 1963ko txapelketan Iruñeko Gayarren txapeldun gertatutako Arozamena bertsolari lesakarrak honela bukatu zuen azken agurra txapela jantzi berritan: “Denon artian maita ditzagun Fueroak eta euskera”. Erran bezala, foruak aski eta sobra ageri dira jauregian. Euskarari lotutako ikurrak, ordea, hutsaren hurrengo. Garai batean, ez al zegoen Bonaparteren maparen alerik Diputazioan? Eta noizdanik ez dago Arturo Campionen erretratua Diputazioko pasabideetan?

Herramientas de Contenido