Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

anaitasunara begira

Igor Elortza nagusi Donibane Lohizunen, eta denak Iruñera begira

Anaitasunan erabakiko da, larunbatean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala

Miren Mindegia / Gari Garaialde - Martes, 28 de Noviembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Igor Elortza, joan zen igandean Donibane-Lohizunen jokatu zen finalaurrekoan.

Igor Elortza, joan zen igandean Donibane-Lohizunen jokatu zen finalaurrekoan. (Gari Garaialde)

Galería Noticia

  • Igor Elortza, joan zen igandean Donibane-Lohizunen jokatu zen finalaurrekoan.

iruñea- Igor Elortza nagusitu zen Donibane Lohizuneko finalaurrekoetako bigarren itzuliko azken aurreko saioan. Bertsolari bizkaitarrak 710 puntu eskuratu zituen, bigarren egin zuen Maialen Lujanbioren gainetik. Hala, Iruñean larunbatean jokatuko den saioa besterik ez da gelditzen iazko txapeldun Amets Arzallusekin batera Barakaldoko BEC-eko eszenatokira igoko diren zazpi bertsolarien izenak ezagutzeko.

Aurrekoetan bezala, saioa arratsaldeko 17:00etan hasi zen, bertsozalez lepo bete zen Jai Alaia pilotalekuan. Erran bezala, Elor-tzaren atzetik Lujanbiok egin zuen bigarren, 707,5 punturekin. Donibane Lohizunekoa Julio Soto nafar txapeldunaren txanda ere bazen eta saio ona eskaini zuen hark ere, hirugarren postua eskuratuz, 671 punturekin. Sailkapen orokorrean postu ona eskuratu badu ere, zazpigarren baitago, badirudi ez dela nahikoa izango finalera iristeko. Jone Uriak 668,5 erdietsi zituen;634,5 Agin Laburuk;eta 633,5 izan ziren Iñaki Apalategirentzat.

Fernando Anbustegik egin zituen gidari lanak saioan zehar: binaka gaia emanda zortziko handian jarri zituen bertsolariak lehendabizi, zortziko txikian gero, puntutan aritu ziren ondoren eta hamarreko txikiko ofizioak egin zion bide amaierako kartzelako lanari: “Gezurra esan duzu baina merezi izan du”.

Joseba Santxo, Mirari Azula, Eneko Bidegain, Ekaitz Elorriaga, Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren eta Nerea Bruño izan ziren epaimahai, eta idazkari lanetan aritu ziren Joxe Mari Altuna eta Gorka Segurola.

Anaitasunara begira Finalaurreko baten faltan, gero eta gutxiago falta da finalerako giltza nork izango duen jakiteko. Une honetan, eta lehen itzuliko puntuazioei bigarren itzulian eskuratutakoak gehi-tzen badizkiegu, Maialen Lujanbio mantentzen da buru. Haren atzetik, Igor Elortza, Sustrai Colina eta Beñat Gaztelumendi, finaleko aulki bana, ezusteko handirik gertatu ezean, ziur daukaten bertsolariak.

Izan ere, Iruñean larunbatean jokatuko den azken finalaurrekoaren emaitzari itxaron beharko zaio behin-betiko finalisten zerrenda argitzeko. Sei izanen dira Anaitasunako oholtzara igoko diren bertsolariak: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Alaia Martin, Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre.

Mendiluzek finalerako pasea eskuratuko duela ia ez dago dudarik. Izan ere, 740,5 puntu eskuratu zituen finalaurrekoetako lehenengo itzulian eta aunitz beheratu beharko luke bere maila beharrezko puntuaziora ez iristeko. Sarriegik ere probabilitate handia dauka BEC-era iristeko, lehenengo 705 puntuak kontutan izanda. Haren atzetik, Miren Amurizak eta Oihana Iguaranek ere eskuragarri daukate pasea, nahiz eta gehixeago borrokatu beharko duten. Alaia Martinek eta Unai Agirrek zailago daukate bidea, nahiz eta ezin den ezer galdutzat ez behin-betikotzat eman saio puntuagarria amaitu arte.

Joan zen astean Bertsozale Elkartetik aditzera eman zuten bezala, Iruñeko saiorako nahiz finalerako sarrerak agortu dira jada.

bertsoaroa 2017

azken saioak aste honetan

Bi bala ikuskizuna, gaur. Txapelketa Nagusiko finalaurrekoarekin emanen zaio itxiera aurtengo Bertsoaroari. Baina aurretik, gaur bertan ‘Bi bala’ emanaldiaz gozatzeko parada eskainiko da, 20.00etan Terminal tabernan. 2013ko Bertso Egunean sortu zen gerora Bi Bala taldea izango zenaren ernamuina, Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek Donostiako Kursaalerako prestatu zituzten bertso musikatuekin. Xabier Etxeberria Pitxu baxu jotzailea eta Julen Goikoetxea bateria jotzailea taldera gehituta dabiltza ordutik laukote formatuan, bertsoa eta rocka uztartuz. Mezu garratz, kritika umoretsu eta ironia finez, balak jaurtitzen dituzte oholtzatik publiko artera.

Herramientas de Contenido