Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

‘Bi txirula’-ren proiekzioa hartuko du gaur Alondegiak

Iñigo Garcia zumaiarrak Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehen luzemetraia

Ane Roteta - 2017(e)ko azaroaren 28a, asteartea - 06:11etan eguneratua

‘Bi Txirula’ pelikulako fotograma bat.

‘Bi Txirula’ pelikulako fotograma bat. ('Bi txirula')

Galería Noticia

  • ‘Bi Txirula’ pelikulako fotograma bat.

ZUMAIA- Iñigo Garcia Agirrezabalaga zumaiarra arkitektoa da ofizioz, baina ikus-entzunezkoaren munduan aritu da urte askoan eta beste zenbait lan egin ondoren, Bi txirula lehen luzemetraia ekoiztu du aurten. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen joan den irailean, eta orain bere herrian aurkeztuko du lehen aldiz, gaur arratsaldeko 19.00etan Alondegian.

Ilusioz dago Garcia bere lana herrian aurkezteagatik, baita urduri ere. “Nahiz eta Donostian harrera ona izan, ez dakit nola hartuko duen jendeak. Baina, zumaiar asko azaltzen dira filmean eta pelikulako zati asko Zumaian izan dira grabatuak. Beraz, zumaiarrek leku asko ezagutuko dituzte”, eman du jakitera Garciak.

Zentzu horretan, Zinemaldian lana aurkeztu ahal izatea aukera izugarria izan zela dio zumaiarrak: “Ilusio handia egin zigun pelikula Donostian aurkeztea, film bat egitea lan handia baita, eta kajoi batean gelditu eta inork ez ikusteko arriskua hor zegoen;are gehiago horrelako pelikula bat izanda, ez baita film komertziala”.

Kritikaren aldetik ere oso gustura dago Garcia, bai ikus-entzunezko bai kritikaren aldetik. Izan ere, pelikulari egindako kritikak positiboak dira, eta publikoak ere zoriondu egin zion egindako lanagatik. “Sentsazioak oso onak izan dira eta horrek ere animatu gaitu”, dio zuzendari gazteak.

Pelikula definitzeko garaian, hori egitea ez dela erraza dio Garciak, baina horrela egin du: “Leku hobeago baten bila bi gizonek egiten duten bidaia batean igarotzen dituzten paisaiak edota bidaia horretan ematen diren ekintzek osatzen dute pelikula”.

Urte betez egindako lana da, eta lagun artean osatutako filma da. Jose Luis Barredo izan du bidelagun argazki zuzendari bezala, bere anaiak audio teknikari eta aktore gisa hartu du parte obran, Kandido Uranga aktore zumaiarra ere ageri da pelikulan, eta aktoreak ere bere kuadrillakoak edo lagunak dira. Garciak berak azaltzen duenez, luzemetraia modu nahiko librean grabatua izan zen eta aktoreak profesionalak ez zirenez, zalantza zuen ea lanak funtzionatuko ote zuen edo ez.

Etorkizunerako proiektuei buruz galdetuta, berriz, beste zerbait egiteko esperantza baduela dio, baina horretarako energia bildu beharko duela dio. “Oraingoz Bi Txirula ahalik eta gehien mugitu eta erakutsi nahi dugu, eta gero ikusiko dugu”, dio Garciak amaitzeko.

Herramientas de Contenido