Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
gizartea

Euskara batuaren belaunaldiari emandako Anton Abbadia Saria jaso du Ibon Sarasolak

Hizkuntzalari eta euskaltzainak euskararen etorkizuna “baikor” ikusten duela adierazi du Aldundiak antolatutako ekitaldian

Jurdan Arretxe - 2017(e)ko abenduaren 2a, larunbata - 06:12etan eguneratua

Hunkituta, Ibon Sarasola hizkuntzalariak Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Gobernuko bozeramaileak, emandako Anton Abbadia 2017 Saria jaso zuen.

Hunkituta, Ibon Sarasola hizkuntzalariak Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Gobernuko bozeramaileak, emandako Anton Abbadia 2017 Saria jaso zuen. ( Iker Azurmendi)

Galería Noticia

  • Hunkituta, Ibon Sarasola hizkuntzalariak Imanol Lasa, Gipuzkoako Foru Gobernuko bozeramaileak, emandako Anton Abbadia 2017 Saria jaso zuen.

donostia- “Ni, Mitxelena gabe, auskalo orain zer izango nintzen...!”. Ibon Sarasola hizkuntzalari eta euskaltzainak argi utzi zuen Anton Abbadia 2017 jasotzean, euskara batu zuen belaunaldiari egindako aitortza ere bazela. Atzera begira emandakoa, eta aurrera baikor begira dagoen saria. Horrela aitortu zuen Sarasolak: “Bi belaunalditan, erabat ez, baina aldaketa nahiko handia egongo da eta euskara batuaren egitea nahiko normala izango da”.

Iraganera eta etorkizunera begira, XX. mendearen erdialdean zetorrena irudikatzen “asmatu zuten belaunaldikoa delako” Koldo Mitxelena, Jose Luis Alvarez Txillardegi eta Luis Villasanterekin batera, Euskal Filologian katedradunak Anton Abbadia saria jaso zuen atzo arratsaldean Imanol Lasa foru bozeramailearen eskutik, Markel Olano diputatu nagusiak azken momentuko arazo bat medio ezin izan baitzuen gerturatu.

“Gaizki ikusten dut sektore batzuetan nolabaiteko apologia egiten dela euskalkiena. Ez dut uste ez komeni zaigunik, ezta egia denik ere”, plazaratu zuen Sarasolak irratsaio forma hartu zuen ekitaldian. Euskara batuaren defentsa irmo eta itxia egin zuen. Horrek dituen arriskuekin. Euskadi Irratiko Maite Artola kazetariarekin solasean zebilela, momentu batean esan nahi dut “esan nahi det”ean bihurtu zuen, bertaratu zirenen barrea eraginez. Baina bota nahi zuen mezua, Ramon Saizarbitoria “lagun” eta idazleak Gipuzkoako Urrezko Domina jasotzean batuaren alde esandako hitzen bidetik, azkar berreskuratu zuen.

“Jatortasun hori ezin dut ulertu, earraesatea zergatik den euskaldunagoa ederra esatea baino”, esan zuen Sarasolak. Eta ideia honekin ez dator bat: “Erakuskeria egiten da earra esanez... Ba ez duzu hizkuntzari buruz nik dudan ikuspegia”.

Duela urte asko osatutako ikuspegia. Ingeniaritza ikasi zuen egin zezakeen “karrera bakarra garai hartan hura” zelako, baina azkar asko ikusi zuen -Saizarbitoriaren eta Arantxa Urretabizkaiaren eskutik- bere bidea beste bat zela. “Hiztegigintzan sartu nintzen jakin gabe, bortxatuta nolabait”, aitortu zuen Sarasolak. Filologia ikastera Bartzelonara joan zen.

Bitartean, euskararen bidean aldaketa suposatu zuen belaunaldiarekin lanean ari zen. Koldo Mitxelenaz aparte, Txillardegi aipatu zuen elkarrizketan: “Euskalgintzari eta euskara batuari eman ziona ez dut uste behar adina errekonozitu zaionik”.

Aurrera begira, Sarasolak “idazteak egundoko alpergurea” ematen diola esan zuen: “Desertore deitzen nau Saizarbitoriak. Literaturarako ez dut talenturik, nobela bat egiteko ez dut gaitasunik. Zer egin behar dut? Ba hiztegiak!”.


Irratsaio berezia Joan den urtean Moriarti ekoiztetxeari emandako sariarekin Jauregia antzinako zine aretoa bihurtu bazuten, aurten irrati estudioa izan zen. Bertara, Batzar Nagusietako lehendakaria Eider Mendoza, Jaurlaritzako Kultura sailburua Bingen Zupiria, Foru Gobernuko hainbat diputatu, eta beste hainbat agintari bertaratu ziren. Aurrean, Sarasolak parte hartzen duen Faktoria Albistegiko programa berezia balitz bezala, Artola jarri zen Abbadia Saioaren buru.

Euskararen erabilera, aste honetan Gipuzkoako 17 erakundek eta Aldundiak sinatutako Gipuzkoa Berdinago hitzarmena eta Sarasolari eman beharreko sariaren berri eman zuen buletinarekin hasi zen ekitaldia, edozein irrati katek duen iragarkiei eta tertuliari paso eman baino lehen.

Zergatik eman saria Ibon Sarasolari? Lau mikrofonoen bueltan, aho batez hartutako erabakiaren lau arduradunak: Artola bera, Foru Aldundiko Euskara zuzendaria den Mikel Irizar, Arantxa Urretabizkaia idazlea eta iaz irabazle izan zen Moriartiko Aitor Arregi ordezkaria.

“Mitxelena, Txillardegi, Aresti, Villasante, Ibon... kapitainak izan ziren, eta besteak, marinelak”, sailkatu zuen Urretabizkaiak euskara batua hezur-mamitu zuen belaunaldia: “Historiak frogatu du gure kapitain haiek arrazoia zutela;eta kontra ekaitza indar-tsuak izan zituzten...”.

Aitortza konstantea izan zen. “Arrazoia zuten”, nabarmendu zuen Mikel Irizarrek. Foru zuzendariak euskara batuaren sortzaileek “lankidetza eraikitzeko izan zuten gaitasuna” azpimarratu zuen: “Pentsa dezagun Mitxelena eta Txillardegi familia politiko diferentekoak ziren, baina distantziaren gainetik lankidetzan jarri ziren”. Ideia hauetan oinarrituta, euskararen erabilera zabaltzeko bultzada emateko lankidetza martxan jartzeko gomita egin zuen: “Baldintzak sortzen ari dira jauzia emateko, konplizitateak sor-tzen ari dira eta esperantza zabaltzen du”.

Tertulia aurrera joan ahala, enpresa munduan, hezkuntzan, kiroletan, komunikabideetan... euskara batuak duen garrantziaz mintzatu ziren, besteak beste, Xabier Euzkitze, Iban Arantzabal, Joseina Etxeberria, Ariana Barrena, Iker Estala, Andoni Iraola, Mikel Lersundi eta Maite Goñi.

Anton Abbadia Saria Sarasolari ematearena “oso erabaki sendoa izan zen: ikusten da une egokia dela aldarrikatzeko euskara batua giltzarri beharrezkoa izan dela euskararen biziberritze sozialean”, aitortu zuen Jon Garañorekin batera Handia filma zuzendu duen Aitor Arregik.

Azken asteetan pelikularen promozioan egindako giran, Arregik badu bitxikeria: “Bartzelonako aurkezpenean batek galdetu zidan zergatik Handia eta ez Haundiya... Hasi nintzen azaltzen eta atzerago ikusten dut buru iletxuri bat mugitzen, begiak zorrozten ditut eta, Ibon Sarasola! Shock bat izan zen. Hasieran pixka bat haserretu zen, baina gero baretu zen...”.

Irratsaioaren zati solemnean sartu baino lehen, Sarasolaren ibilbidea eta nortasuna marraztu zuen testigan-tzen bideoa osatu zuten Ramon Saizarbitoria, Miren Azkarate, Pello Salaburu eta Elixabete Perez Gazteluk.

Saritua “Koldo Mitxelenaren oinordea da, euskararen lexiko bateratuaren itsasargi ezinbestekoa” da Perez Gazteluren hitzetan. Saizarbitoriak ekuazioan Aresti gehitu zuen, Sarasolak honen eta “Mitxelenaren lekukoa” hartu baitzuen. “Laguna eta ondoen definitzen duena, arrazionalista, gehiegi ere izan daiteke, eta sentiberatasun handiko pertsona”, adierazi zuen idazleak.

Bide honetatik, Azkarate euskaltzainak “euskararekin eta literaturak duen gaurko egoera ulertzeko ezinbesteko pertsona da, batez ere euskal hiztegigintzan eta korpusa oinarri duen hiztegigintzan”. Laburpen lana Salaburuk egin zuen: “Maisu handia euskaltzale askorentzat”.


Foru gobernuaren “esker ona” Ekitaldia Xare Alvarezek egindako artelanaren ematearekin amaitu zen. Imanol Lasa foru diputatuak eman zion Sarasolari, Gobernu osoaren “zorion eta esker onaren mezua” helaraziz. “Aldundian murgilduta gaude datozen urteetako Gipuzkoa marrazten, nolakoa nahi dugun eta nola egin aurre esku artean ditugun erronka horiei guztiei”, azpimarratu zuen Lasak, inspirazio iturri euskara batuaren belaunaldia hartuz: “Gobernan-tza berrian, haiek bezala, guk ere berritzaileak ere izan nahi dugu”.

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia