Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

bertso | BEC-eko finalera

Sarriegi, Mendiluze eta Agirre, BEC-eko finalera

Atzo Iruñeko Anaitasunan jokatu zen Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan nagusitu ziren

Miren Mindegia | Mikel Saiz - Domingo, 3 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:11h

Aitor Sarriegi nagusitu zen atzoko saioan. Bertsokide eta zaleen txalo zaparrada jaso zuen beasaindarrak.

Aitor Sarriegi nagusitu zen atzoko saioan. Bertsokide eta zaleen txalo zaparrada jaso zuen beasaindarrak. (MIKEL SAIZ)

Galería Noticia

  • Aitor Sarriegi nagusitu zen atzoko saioan. Bertsokide eta zaleen txalo zaparrada jaso zuen beasaindarrak.
  • Unai Agirre, hunkituta, finalean sailkatzea lortu zuela ohartzerakoan.

iruñea- Euskararen Egunaren atarian, Iruñea bertsolaritzaren plaza bilakatu zen atzo, Anaitasunan jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken finalaurrekoaren eskutik. Saio bizia izan zen, emozio asko bildu zituena. Aitor Sarriegik eskuratu zuen garaipena 698,5 punturekin, baina ez zen irabazle bakarra izan. Izan ere, estu egon ziren puntuazioak lehenengo postuetan, eta Aitor Mendiluzek, 698 punturekin;eta Unai Agirrek, 696 punturekin, BEC-eko finalerako sailkatzea lortu zuten, abenduaren 17an Barakaldoko BEC-en jokatuko dena.

Emaitza guztiak mahai gainean, hauxe izanen da finaleko behin-betiko zortzikotea, saioa gidatu zuen Alaitz Rekondok atzo adierazi zuen bezala: Amets Arzallus (egungo txapelduna), Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre.

Puntuaziotan hirugarren gelditu bazen ere, Agirre izan zen dudarik gabe atzoko protagonista. Izan ere, finalaurrekoetako lehenengo itzulian eskuratu zituen puntuak kontutan izanda, ahalegin nabarmena egin behar zuen finaleko aulki bat eskuratzeko. Zaila izan arren, ezinezkorik ez dagoela erakutsi zuen hernaniarrak. Bere onena erakutsi zuen ariketa guztietan, bereziki hamarreko txikian eta puntukako lanean.

Sailkapena zegoen moduan zegoela kontutan izanda, Mendiluzek eta Sarriegik maila mantentzea bertzerik ez zuten behar finalera iristeko, eta hala egin zuten. Saioko irabazleak puntutan jo zuen goia, Oihana Iguaranekin batera, udaltzainaren paperean sartuta. Mendiluze ere garbi eta zuzen aritu zen ariketa guztietan, bertsoak ongi betez eta behar zenean umorea ere erakutsiz, berezkoa duen erraztasunarekin. Kartzelako ariketan bikain erantzun zion proposatutako gaiari: “Ezkutatu zara, aurkitu ez zaitzaten”. Andoaindarra, bullying-a jasaten duen mutikoaren paperean sartu zen.

Amurizak eta Iguaranek finalaurrekoetako lehenengo itzulian lortutako emaitza koxka batean hobetu beharra zuten BEC-era iristeko aukerari heutsi nahi bazioten. Puntu bakoitza erabakigarria zenaren jakitun, lehiarako prest zetozela argi utzi zuten biak ala biak hasierako agurrean: “Eta nik BECen kantatu nahi dut, nahiz lehia egongo dan estu, begiak itxi harnasa hartuta, posible dela sinestu, zehozer lortu gura duenak, beste aukerarik ez du”, abestu zuen Amurizak. Alaia Martinek aukera murritzagoak zituzten BECeko oholtzara iristeko, nahiz eta zuten onena erakustera joan ziren, bertze modura ezin litekeen bezala.

bertsoa

Aitor Sarriegiren kartzelakoa. Gaia: Ezkutatu egin zara, ikusi ez zaitzaten. Sarriegi, bajan egonda nagusiarekin topatzen den langilearen paperan sartu zen: “Zuei agian bai baina /neri ez dit egin grazi / aitzaki hobeak jartzen / beharko nuke ikasi /ez dakit egoera hau / ia nola iragazi / gauza onik ezin baitut / honetatik irabazi / ta aitzakiak pentsatzen/ ere nazkatu naiz kasi / begiratu dit ta zuzen / Aitor ze ote ari aiz hi / gintonika bota diot / bere horma eta guzti / ordaintzen duenerako / ez du besterik merezi”.

saioko puntuazioa

Aitor Sarriegi 698,5 0

Aitor Mendiluze 696 ,50

Unai Agirre 696,00

Miren Amuriza 652,00

Alaia Martin 649,50

Oihana Iguaran 646,00

sailkapen orokorra

*Beltzez, Amets Arzallusekin batera BEC-eko finalean arituko diren zazpi bertsolariak

Maialen Lujanbio 1.457,50

Aitor Mendiluze 1.437,00

Igor Elortza 1.413,00

Sustrai Colina 1.406,50

Aitor Sarriegi 1.403,50

Beñat Gaztelumendi 1.389,00

Unai Agirre 1.363,50

Jon Maia 1.356,50

Jon Martin 1.339,50

Julio Soto 1.339,50

Nerea Ibartzabal 1.338,50

Jone Uria 1.337,50

Miren Amuriza 1.330,50

Agin Laburu 1.324,50

Oihana Iguaran 1.317,00

Alaia Martin 1.300,50

Iñaki Apalategi 1.281,50

Etxahun Lekue 1.281,50

azpimarratzekoAbenduaren 17rako prest. Iruñeko finalaurrekoaren ondoren, bertsozaleak Barakaldoko BEC-en jokatuko den finalera begira jarri dira jada. Aspaldian agortu ziren ekitaldi handirako sarrerak.

zenbakitan

2.690

Anaitasuna kiroldegia bertsozalez lepo bete zen atzokoan.

Herramientas de Contenido