Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra
Gezur hezurretik

Buy-day

Por Aitzol Elizaran - Domingo, 3 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Galería Noticia

Black Friday, Cyber Monday eta abarren biharamunean gauden honetan, nafarrek megazubia izango dute, Mega Bridge deituta agian komer-tzialago egin genezakeena. Hainbat albiste atera dira azken egunetan erosketa konpultsibo hauen bueltan, eta batzuk aztertzea izango da hitz hauen helburua.

Denda txikien iritzia izan zen entzun nuen lehenengo gauzetako bat. Haiek ere ostiral beltzaren lelopean hainbat eskaintza egin zituztela aitortzen zuten, baina haientzat ez zela hain errentagarria onartu ere bai. Horrelakoetan gertatu ohi den bezala, harrapakari handiak eraman ohi ditu harrapakin gehienak. Honen harira lagun batekin hizketan, aipatzen genuen ziur aski internetek zerbitzuen sektorea aurretik eramango duela laster, eta erabat eskuz egiin beharreko lanak salbu, adibidez ile-mozketa edo kotxe-konponketa bat, dena telematikoki egitera joko dugula. Medikuaren kontsulta ere bideokonferentziaz egitea eskaintzen dizute orain, nola sartu behar dizu ordea izozkien bukaeran gelditzen den makiltxoaren antza duen egur pusketa hori ahoan aaaaah esateko? autoexplorazioa akaso.

Bestalde, garraiolariak ere ordu gehiago sartzen ari dira egunotan, pare bat ordu lehenago hasi goizetan, dena ondo antolatu eta alde batetik bestera dabiltza. Lehenago ez ziren nahikoa presaka ibiltzen pakete guztiak etxeraino eraman nahian, eta orain handitu %20 lan eskerga, dena ongi deklaratua eta ordaindua, noski. Amazon-ek, interneteko salerosketei probetxu gehien atera-tzen dien enpresa horietako batek, bere banaketa-zerbitzu propioa garatuko omen du etorkizun hurbilean, hamalau euro orduko ordainduta, bakoitzak atera ditzala kontuak.Nik hau eskaintzen dizut, zuk ikusi nola antolatzen zaren. Megakonpainia honen jabea munduko pertsonarik aberatsena bilakatu omen da Black Fridayaren harira, bidenabar.

Banaketa-enpresa hauek urrezko bihurtzen ari direlakoan bazaudete lasai, Amazonek berak horri ere eman dio buelta, eta Malagan bertan jarri omen ditu, lehenengoz, paketeak utzi eta jasotzeko armairutxo ba-tzuk, tren eta autobus geltokietan egoten diren horietakoak. Haiek bertan utziko dizute zure azken ezinbesteko erosketa hori, eta zuk ahal edo nahi duzunean jaso dezakezu. Etxean egon beharrik ez eta inor bueltaka ibili beharrik gabe. Gastu gutxiago, etekin gehiago, lanpostu gutxiago.

Ostiral beltzaren sorginkeriaren menpe zure burua ikusi baduzu eta ez baduzu ere lasai, Ameriketatik datozkigun erosketa egun hauek ez baitira eragiten diguten bakarrak. Oso autoktono eta herrikoiak diren Olentzero eta Maridomingi-ren magiak ere erostera eramango gaitu eta, eta moral kristaua alde batera utzita badaukazu agian erregeetarako ez duzu oparirik jasoko, baina ikatza ez eta ardo-goxo edo gin-tonic artean ere gastatzen da dirua. Black friday baino black pocket geldituko zaio baten bati, eta gero, komeri monday.