Noticias de NavarraDiario de Noticias de Navarra. Noticias de última hora locales, nacionales, e internacionales.

Saltar al Contenido

Períodico de Diario de Noticias de Navarra

Familientzako sarea, sarean

Euskarazko heziketaren aldeko apustua egin duten familia askorentzat, zaila suertatzen da maiz seme-alabentzako baliabideak eta aktibitateak aurkitzea. Horretarako, hainbat udaletako Euskara Zerbitzuek gune berri bat sortu dute.

Testua M. Mindegia. Irudiak www.eranafarroa.eus - Domingo, 3 de Diciembre de 2017 - Actualizado a las 06:10h

Familientzako sarea, sarean.

Familientzako sarea, sarean.

Galería Noticia

  • Familientzako sarea, sarean.

Nola lagundu nire seme-alabak etxeko-lanekin, euskaraz ez baldin badakit? Zer egin asteburu honetan? Egonen da haurrentzako euskarazko baliabiderik sarean? Guraso askoren burutan sortzen diren galderak dira hauek. Izan ere, eta interneten “dena” dagoela maiz entzun izan dugun arren, mugarik gabeko sare erraldoi horretan galtzea ere erraza suertatzen da. Euskaraz ikasten duten haurren gurasoen kezkak anitzak dira, euskaraz bizitzeko hautua eskolatik kanpo atera nahi denean batik-bat. Are gehiago, guraso horien hizkuntza bera edo inguru kulturala euskalduna ez bada.

Arazo horren jabe, Nafarroako 28 toki entitatetako Euskara Zerbitzuek euren indarrak bateratu eta proiektu lagungarri zein berritzaile bat abian jarri dute berriki. Era.eus webgunean ari gara, bertan azaltzen den moduan, “belaunaldi berrien aukera” bezala eraiki dena. “Haurrek ikastetxeetan dagokien adinerako ezagutzak eta gaitasunak jasotzen eta garatzen dituzte, baina euskarak gizartean duen presentzia desorekatua kontuan hartuta, ezagutza eta gaitasun horiek eskolaz kanpo ere indartzea egokia da, esaterako, etxean, kultur jardueretan edo eskolaz kanpoko jardueretan”, azaltzen dute egileek atarian.

Idoia Zabalza Agoitz eta Aezkoako Euskara Zerbitzuetako teknikariak, proiektua sortu duen lan taldeko kidea izan da hasieratik, eta ongi ezagutzen du bertan garatutako guztia. “Denboraldi luzea bageneraman D ereduan matrikulatuta dauden haurren gurasoen kezkak atzematen, edo informazioa ematen. Kasu ba-tzuetan, gure iritziz garrantzitsua zen informazioa guraso horiei helarazteko bide berri bat behar genuela ere nabaritzen genuen”, azaltzen du Zabalzak. Euskararen inguruan dagoen “unibertso zabala” gurasoei erakusteko leiho bezala sortu zuten, hartara, egun era.eus bilakatu den proiektua. “D eredua aukeratzen duten guraso horien eskura jartzeko tresna bezala sortu zen”.

Arazoak atzeman, erantzun egokia emateko Era proiektua garatu eta sortzeko prozesua “luzea” izan da, teknikariak agertzen duen bezala. Izan ere, lehenengo erronka udal desberdinetara informazio bila edo euren kezkak azalatzera hurbiltzen ziren guraso horien eskaerak bildu eta lerro nagusiak finkatzea izan zen. Talde horren baitan, bi profil desberdin nabarmendu zituzten horrela: alde batetik, guraso euskaldunak, euren seme-alaben heziketarako zein aisialdirako euskarazko aktibitate eta baliabideen inguruan galdezka udal zerbitzuetara hurbiltzen direnak batez ere. “Baina baita ere, eta maizago noski, euskaldunak ez diren eta euskal ingurua hurrun sumatzen duten gurasoak dira gugana jotzen dutenak”, azaltzen du Zabalzak. “Guraso horiek laguntza handiagoa behar izaten dute euren seme-alabak inguru euskaldunean murgiltzeko”.

Egoera horren aurrean toki entitateetako Euskara Zerbitzuek euren baitan zituzten mugetaz ere ohartu ziren, guztiari erantzun egoki bat ematerakoan. “Batzuetan, gomendio eta iradokizunak eskaini ditzakegu, baina guzti hori helarazteko arazoak genituen”. Interneten erantzun guztiak daudela pentsatuko duenik ere egonen da, euskarazko kultur programazioak, haurrentzako aplikazioak, YouTubeko bideoak eta bestelako edukiak hamaika baitira. “Baina guzti horretara iristeko han eta hemen bilatu behar duzu, interes berezia eduki behar duzu, aurkitu nahi duzuna zer den jakin... Eta hori ez da guztia”.

Zegoen hutsunea argi ikusi zuen proiektua abiarazi zuen lan taldeak. “Webgune bat falta zen, hemen, Nafarroan egiten diren euskarazko aktibitateak agertuko zituena, beste gurasoen testigantzak bildu, etxean laguntzeko egin dezakezuna eskuragarri jarri...”. Erran eta ekin, sareko baliabide guztiak bildu eta horretaz aparte gurasoei zuzendutako gomendio eta iradokizunak biltzen dituen ataria sortu zuten.

Euskaraz, eskolatik kanpo ere Euskaraz ikasten duten haur askorentzat, gehienbat inguru ez euskaldunean bizi direnean, euskara eskola orduetara mugatzen den hizkuntza da, hizkuntzaren biziraupena bera arriskuan jartzen duen egoera. “Hizkuntza bat garatzeko, ongi ikasteko eta, azken batean, euskaraz bizi ahal izateko, erregistro desberdinak barneratu behar dira: eskolan modu akademiko batean ikasten dute haurrek, baina hizkuntza kolokiala edo informala erabiltzen da kalean, etxean ere.... Hori lantzeko dauden aukerak jakin behar dira, eta aukera horiek erabiltzeko gomendioak eta animoak eman nahi ditugu, hori iradoki”.

Euskarako heziketaren aldeko apustua egin duten familia horien sarea izan nahi du, hartara, Era-k. “Batez ere”, azpimarratzen du euskara teknikariak, “gurasoei zera esan nahi diegu: zenbat eta esperientzia gehiagorekin lotu euskara, orduan eta errazago suertatuko dela hizkuntza barneratzea”.

Eguberrirako produktuen katalogoa, oporretan euskaraz gozatzeko aukerak, interneten aurkitu ditzakegun aplikazioak, euskarazko abesti eta ipuinen zerrendak... Baliabide sorta bat baino askoz gehiago da Era, Zabalzaren erranetan. Hala, edukiak hiru atal nagusitan bereizi dituzte sortzaileek: Noski, informazioa antolatzeko modu desberdinak daude, eta bere baitan prozesu bat izan da guztia modu logiko batean antola-tzeko aukeraketa. Azkenean, hiru erabilera eremu desberdindu ditugu: eskola, etxea eta eskolatik kanpo. Horiek dira, izan ere, haurrek dituzten hiru erabilera eremu nagusiak euren egunerokoan”.

Atal horietako bakoitzean, proiektu honetan parte hartu duten Euskara Zerbitzuek, gurasoentzat interesgarriak suertatu daitezken artikuluak, gomendioak eta estekak bildu dituzte, gurasoen euskara ezagutzaren arabera, eskola zikloaren arabera edota arloen arabera sailkatuta. Bestalde, ez dira falta sarean aurkitu daitezken baliabide sorta eta agendaren sekzioa ere, orriaren funtzio praktikoena betetzen dituzten atalak.

Hurrengo erronka, baliabideak sortzea Joan zen astean aurkeztu zuten jendaurrean Era webgunea, Iruñeko Kondestablearen jauregian. Sarean hilabete eskas besterik ez dagoen arren, harrera beroa izan du ekimenak gurasoen aldetik, Zabalzak adierazi bezala. “Lehenengo egunetik harrera oso ona izan du, sare sozialen bitartez guraso askok orriaren berri izan baitu. Iritzi asko jaso ditugu, oso interesgarria dela, oso baliagarria dela... Alde horretatik oso kontent gaude uste dugulako asmatu dugula guraso askoren interesei erantzuten”.

Hala ere, proiektua abiarazi duten Euskara Zerbitzuek argi daukate Era ez dela hemen agortzen, proiektu bizi bat dela, elikatzen joan behar dena. Ez da mugatuko, Zabalzak dioen bezala, interneten dauden baliabideen erakusleiho izatera. “Hemendik aurrera ere Era horni-tzen joateko proiektua daukagu. Poliki-poliki, ikusten ditugun gabeziak betete nahi ditugu. Gai zehatz baten inguruan informazio nahikorik ez dagoela ikusten badugu, gure lana baliabide horien inguruko materiala bilatzea edo, hare gehiago, beharrezko baliabideak sortzea izango da”.

Hartara, euskal hezkuntzaren aldeko hautua egin duten gurasoen esperientziak eta testigantzak ere bildu nahi dira atarian. Izan ere, teknikariaren iritziz, egoera desberdinen aurrean gero eta gehiago jakin, orduan eta baliabide gehiago jartzen dira familien eskutara.

atalez-atal

Helbidea. ‘www.eranafarroa.eus’Etxean. Atal honetan, albiste desberdinak aurkitu daitezke seme-alabak euren eskolako lanekin laguntze aldera, erraterako, euskaraz eskolaz kanpo ari-tzearen garrantziaren inguruko artikuluak edota ipuinak konta-tzeko gomendioak biltzen dira. Euskararen ezagutzaren arabera sailkatzen dira albisteak.

Eskolan. Hezkuntza zikloaren arabera antolatzen diren eta haurren eskola garapenarekin zerikusia duten albisteak biltzen dira atal honetan. Murgiltze linguistikoa, eleaniztasuna, etxerako lanak... dira bertan lantzen diren edukietako batzuk.

Eskolaz kanpo. Ikasketa orduetatik kanpoko arloen inguruan mintzatzen diren artikuluak aurkitu daitezke atal honetan: aisialdia, kultura, kirola, oporrak...

Baliabideak. Hiru erabilera eramu hauetatik kanpo, webguneak interneten zein saretik kanpo aurkitu daitezken baliabide interesgarriak biltzen ditu. Hala, udalaren arabera edo jarduera motaren arabera programatuta dauden euskarazko aktibitate eta jardueren bilatzaile bat aurkitu daiteke hemen;baita interneteko musika baliabideak, ipuinak, marrazki bizidunak, filmak, aplikazio informatikoak, jostailuak edota gurasoentzako baliabideak.

Agenda. Datozen egunetan Nafarroako herri desberdinetan dagoen euskarazko eskaintza kulturala biltzen duen atala. Udalaren arabera edo egunaren arabera bilatzeko aukera badago.

Sare sozialak. Momentuz Facebooken eta Twitterren profilak ireki ditu. Laster, Instagramera jauzia ere egitea aurreikusten dute.

Herramientas de Contenido

Últimas Noticias Multimedia